Gutxi izango da Ehunmilak lasterketa Aitor Garmendiak baino hobeto ezagutzen duenik. Izan ere, 2010. urtean lehen edizioa egin zenetik, behin bakarrik huts egin du. “Pandemiaren aurreko urtean izan zen, 2019an. Urte hartan, lan asko izan nuen, eta ez nuen behar bezala prestatzeko denborarik izan. Horrelako lasterketa bat ezin da halamoduz egin, eta ez nuen nire burua prest ikusten”.
Beasaindarra izaki, Aitorrentzat honakoa kirol proba bat baino gehiago da. “Niretzat ez dago Ehunmilak bezalakorik: herrian bertan ospa-tzen da, kriston giro polita sortzen da, lagunak eta ezagunak elkartzen gara... Gainera, mendian lasterka ibiltzea ikaragarri gustatzen zait eta norberaren kontrako borroka horrek zirrara berezia sortzen dit”.
Gogoratzeko eta ahazteko moduko edizioak Oroimenean bereziki gorde dituen lasterketei buruz, 45 urteko beasaindar honek 2017. urtekoa ekartzen dugu gogora: “30 ordutik jaisteko helburuarekin atera nintzen eta 28 ordu eta erdian egitea lortu nuen. Horrek 15. postuan kokatu ninduen, orain arte eskuratu dudan markarik onena”.
Txanponaren beste aldean, berriz, 2015. urtekoa aipatzen du: “Animatuta eta ondo prestatuta joan nin-tzen, baina belaunean min hartu nuen eta etxera bueltatu behar izan nuen. Hori da amaitugabe utzi dudan bakarra. Iazkoa ere oso gogorra egin zitzaidan. Indartsu nengoen, baina oso luzea egin zitzaidan, batez ere, Amezketatik aurrera”.
Aurtengo edizioari begira zein asmo daukan galdetuta, bere helburua bukatzea izango dela dio: “Helmugara iristea da buruan daukadana. Aurtengoa ez da denbora egiteko urtea. Lan dexente izan dut eta ez dut behar beste entrenatu”.
Joan den urtekoa ikusita, datozen egunotan “ondo aguantatzea” eta “fisikoki zein mentalki indartsu egotea” dira bere desioak, nahiz eta dena bere esku ez dagoen argi daukan: “Faktore askok eragiten dute: erritmo egokia mantentzen jakitea, eguraldia lagun izatea, berorik eta euririk gabe, eta abar”.
“Punturik kritikoena? azpeitiatik tolosara” Ibilbidea ondo baino hobeto ezagutzen du Aitorrek eta argi dauka non izan ohi dituen unerik ahulenak: “Erniora iritsi baino lehen izaten dut beherakada. 53. kilometroaren inguruan, Azpeitiatik Tolosara bitarteko zatia gogorra egiten zait, ez dakit zergatik”. Zorionez, Tolosan anoa-gune nagusian atseden hartzeko aukera dago eta horretarako aprobetxatzen du Aitorrek: “Deskantsatu eta zerbait jaten dut, momentuan begietatik sartzen zaidana: salda, fruitu lehorrak, etab.”.
Sen ona gidari izanik, lasterketa programatzen duten horietakoa ez dela berresten du korrikalari honek. “Nekatuta nagoenean, deskantsatu eta gosea dudanean, jan”. Berdin, elikadurarekin: “Ez dut dieta berezirik egiten, soilik garbi jateaz arduratzen naiz: batik bat, fruta, barazkiak eta arraia, eta haragi gorria, berriz, gutxi”.
2009. urtean hasi zen mendiko lasterketetan eta bere bilakaera ikaragarria izan da: “100 kilorekin hasi nintzen, eta orain 80 kilo inguruan nago”, argitzen du.
120 kilometro astean Kirolaren munduan aurrerapen teknologikoak ikaragarriak izan dira azken urteotan eta mendiko lasterkariek ere era askotako tresna teknologikoak dituzte eskura. Ez da Aitorren kasua: “Ez dut gailu berezirik erabiltzen; ez dut pultsometrorik ezta prestatzaile fisiko baten laguntzarik behar. Nire kasa entrenatzen dut, nire mugak non dauden jakinda”.
Entrenatzeko moduari buruz, konstantzia da bere ezaugarri nagusia: “Astean zehar bizpahiru egunetan ateratzen naiz korrika egitera, lan kargaren arabera, eta asteburuan, aldiz, entrenamendu luzeagoak egiteko aprobetxatzen dut, larunbat eta igandean maratoi bana eginez”.
Horrekin guztiarekin, astean 120 kilometro inguru egiten dituela kalkulatzen du. “Urteak aurrera joan ahala, gero eta gehiago kostatzen zait errekuperatzea. Behin baino gehiagotan korrika egiteari uzteko eskatu didate, baina zorionekoa naiz ingurukoen, eta batik bat, nire emazte Idoiaren sostengua dudalako”. Bihar ere bertan izango ditu anima-tzen Idoia, semeak eta ama.
13 ALDIZ TXINDOKI IGO ETA JAITSI ZUENEKOA
Erronka 2018. urtean patxi caminosen marka hautsi zuen, buelta bat gehiago emanez
Zalantzarik ez dago Aitor Garmendiak erronkak maite dituela. “Astapotro samarra izan naiz beti, bai kirolean bai nire bizitzan orokorrean”, aitor-tzen du. Bere mugak non dauden harakatzeko gogoak bultzatuta, 2018. urtean izugarrizko balentria egin zuen beasaindar honek, izan ere, Txindoki mendiari 13 buelta ematea lortu baitzuen: “Aurrena, Iker Karrerak 11 buelta osatzea lortu zuela jakin nuen, eta gero Patxi Caminosek garaitu egin zion 12 eginez. Txindoki ondo ezagutzen dut eta nire burua probatu nahi nuen”. Lagunak eta senideak ondoan zituela, mendian gora eta behera hasi zen. 23 ordutan 13 buelta osatu zituen, Caminosen marka hautsiz. “Buelta bakoitza ordu bat eta 45 minututan osatu ondoren, 10 minutuz deskantsatu, eta berriro ekiten nion mendia igo-tzeari. Erronka zoroa izan zen, baina errekorra lortu nuela esan zidatenean sekulako poza sentitu nuen”. Ehunmilak prestatzeko ere Txindoki izan du bidelagun azken egunotan: “Desnibela lantzeko oso aproposa da eta bertan ibili naiz, mendia bizpahiru aldiz igo eta jaisten”.