Mendiko lasterketetan hainbat urtetan dena eman ondoren, 2019. urtean pubiseko haustura batek jokoz kanpo utzi zuen. Garai la-tzak izan ziren, bai kirolari dagokionez, bai arlo pertsonalean, izan ere, elikadura arazo baten ondorioz gaixo baitzegoen. Ondorioz, mendiarekin “haserretu” zen eta arraunera gerturatu zen. Bi urte eman zituen Zumaiako klubean eta berarekin izan zuten pazientzia goraipatzen du, zerotik hasi baitzen. Arraunari asko zor diola aitortzen du, osatzen lagundu zion heinean, psikologoa eta nutrizionistarekin batera. Gaur egun, erabat osatuta, zoriontsu, pozik eta ilusioz beteta dago Uxoa; mendian korrika aritzeko gogoz. Eta halaxe aurkitu dugu G2H lasterketari eusteko ordu gutxi gelditzen direnean. Lehen aldia da getariarrak parte hartuko duena eta 88 kilometroak erronka handia diren arren, “buruz indartsu” dagoela azpimarratzen du. 

Lehen aldia da G2H lasterketan parte hartuko duzuna. Nola bizi dituzu aurreko orduak? 

Gogotsu eta indartsu nago. Biharkoa inoiz egin dudan lasterketarik luzeena izango da. Hilabete asko eman ditut entrenatzen, Iban Agirrezabala prestatzailearekin, eta prest nago erronka handi honi eusteko. Indartsu ikusten dut nire burua.

Nolakoa izan da aurtengo denboraldia?

Gorabeheratsua. Ekainean Leitzako EH Mendi Erronka egin nuen, 67 kilometrokoa, eta sentsazio onak izan nituen. Jauzi itsusi bat izan nuen, puntuak eta guzti eman zizkidaten, eta halere lasterketa bukatzea lortu nuen. Azpeitian, berriz, erretiratu behar izan nuen, eta Zegama-Aizkorrin ere sentsazio ez oso onak izan nituen. Mendiko lasterketak gogorrak dira, ez bakarrik fisikoki; buruak lan handia egin behar du. Bajoiak eta subidoiak ondo gestionatzen jakitea funtsezkoa da.

“Erritmoa kontrolatzeko aholkatu didate. Dena hustu gabe Lizarrustiraino ondo iristea da nire asmoa”

Zein gomendio eman dizute?

Erritmoa kontrolatzea oso garrantzitsua dela. Egia da dortsala janzteko momentuan piztu egiten zarela, baina kontuan hartu behar da kilometro asko direla eta indarrak dosifikatzea ezinbestekoa dela. Dena hustu gabe Lizarrustiraino ondo iristea da nire asmoa. Lasterketa honek fase desberdinak ditu eta zati batzuetan lasterka eta besteetan oinez joango naizela argi daukat. Bestalde, gaueko momentuekin nago pixka bat kezkatuta, ea nola moldatzen naizen. Gaua gogorra izan arren, egunsentia zoragarria izango dela pentsatzeko aholkatu didate. 

Zer espero duzu lasterketa honetatik?

Nire buruarekin gustura gelditzea eta, batez ere, disfrutatzea. Beasainen oso giro polita sor-tzen da egun hauetan lasterketaren inguruan eta ilusioa ematen dit hori gertutik bizitzea, izan ere, Beasainen lagun handiak ditut. 

Bakarrik joango zara?

Bai, bakarrik joango naiz eta entrenamenduak ere hala egin ditut, gaizki ez ohitzeko.  

Mendi lasterketetan trebatuta zaude, baina 2019an pubiseko haustura izan zenuen eta korrika egiteari utzi zenion… 

Euskal selekzioan nengoela, martxa handia sartu nion gorputzari. Adibide bat jarriko dizut: Zegama-Aizkorri lasterketa egin eta hurrengo egunean 20 kilometroko entrenamendua egitera behartu nintzen. Garai hartan elikadurarekin arazo bat nuen eta korrika egitea argala egoteko modua ere bazen. Erritmo zoro batean sartuta nenbilen, gogor entrenatzen eta gutxi jaten. Urte zailak izan ziren. 2019an, entrenatzen ari nin-tzela, hanka mugitu ezinik gelditu zitzaidan eta fisioterapeutarengana joatean, inork entzun nahi ez dituen hitzak esan zizkidan: Pubiseko haustura duzu, estresaren ondorioz. Bost hilabetez korrika egiteari utzi behar izan nion. Oso luzea egin zitzaidan. 

Arraunean hasi zinen orduan… 

Zerbait egin beharrean nengoen, eta getariarra izanik, zergatik ez arrauna? Horixe pentsatu nuen. Benetan eskertuta nago Zumaiako klubak emandako aukerarengatik. Zerotik hasi behar izan nuen eta sekulako pazientzia izan zuten nirekin. Umiltasunetik berriro hastera behartu ninduen, hainbeste urteetan lehen mailan ibili ondoren. Izugarri gozatu nuen eta pribilejio handia izan zen Kontxako banderan parte hartzeko aukera izatea.

Jarraitu duzu arraunean?

2022an mendira itzultzeko beharra sentitu nuenez geroztik, ez dut arraunik egin, baina oso oroitzapen politak dauzkat. Asko zor diot arraunari. Sendatzeko prozesuan ikaragarri lagundu dit. Nutrizionistarekin, adibidez, garai hartan hasi nintzen. Galdetegi bat luzatu zigun jateko ohiturei buruz eta egia esatea erabaki nuen momentuan hasi zen osatzeko prozesua. 

“Oso ondo nago. Tarteka, mamuen mehatxua sumatzen dut, baina orain estrategiak dauzkat horri aurre egiteko”

Nola zaude orain?

Momentu honetan oso ondo nago. Tarteka, mamuen mehatxua sumatzen dut, baina orain estrategiak dauzkat horri aurre egiteko. Kirolean osasuntsu eta indartsu nago, baina horretaz aparte, nire ingurukoekin pozik eta zorion-tsu bizi naiz. Kirolak asko ematen dit, baina familia eta lagunak oso garrantzitsuak dira niretzat.

Gaixo zeundela onartzea ez zen erraza izango, baina are gutxiago hori publiko egitea. 

Elikadura arazoari buruz hitz egitea ez zen batere erraza izan. Ireki ez nahi duzun atea irekitzea suposatzen du. Baina publiko egin nuen unean, hainbeste urteetan gainean eramandako motxila gainetik kentzea lortu nuen. Gainera, jakin badakit nire bizipena kontatu izanak beste batzuei lagungarri suertatu zaiela, izan ere, asko izan ziren nirekin harremanetan jarri zirenak. Abentura gogorra izan da, baina hemendik ateratzea posible dela transmititu nahi dut. Eta argi gelditu dadila osatzeko ezinbestekoa dela laguntza psikologikoa eskatzea. Pozten nau ikusteak kirolean gero eta garrantzi gehiago ematen zaiola osasun mentalari.