Gaur arratsaldean abiatuko dira Eriz Lasa eta beste 15 lagun Zelatungo bordara, 67. kilometroko oinarrizko anoa-gunea prestatzera. “Korrikalarien segurtasuna bermatzea da gure lehentasuna. Garrantzitsuena da ziurtatzea korrikalari guztiak gure puntutik igaro direla, eta horretarako banan-banan konprobatzen dugu bakoitzaren dortsala eta materiala”, esan du Eriz Lasa leaburutarrak.
Kronometrajea, ordezko GPS irrati balizak, Gurutze Gorriaren patrola eta indarrak hartzeko ezinbesteko likido eta jakiak izango dituzte lasterkariek eskura puntu honetan:otartekoak, fruta, fruitu lehorrak, salda, txokolatea, edari isotonikoak, kafea, ura, eta abar. Bihar arratsaldean dena prest izatea da talde honen helburua, izan ere, gaueko 0.00etatik aurrera pasatzen hasiko dira lehen parte-hartzaileak. “Behin dena antolatu ondoren, afaldu eta korrikalarien zain gelditzen gara. Izugarri giro polita sortzen da gure artean eta hori da, hain justu, urtero elkartzera bultza-tzen gaituena. Txistuak, musika, alaitasuna, solasaldiak... Ez gara asper-tzen. Kuriositate gisa, gure taldeko neska bat urtebete zuela hasi zen gurekin, eta koskortu den arren, jarraitzen du urtero etortzen, huts egin gabe”. Larunbat eguerdian, berriz, jasotzeko momentua iritsiko da: zakarra dagokion tokian bota eta soberan dagoena Tolosako anoa-gune nagusira eraman.
Markajea egitea da boluntario talde honen beste zeregin garrantzitsu bat. “Joan den larunbatean hasi ginen balizak jartzen eta bihar bide osoa errepasatuko dugu dena bere tokian dagoela ziurtatzeko”.
Guztira, 48 ordu inguru emango dituzte lan eta lan dena ondo atera dadin, baina Lasaren hitzetan, “hau urte osoko lana da”. Baimenak eskatu eta boluntarioen deialdia egiteaz gain, mendia mantentzeaz ere arduratzen dira: “Urte guztian zehar Zelatun eta Altzo arteko bidea garbi mantentzen saiatzen gara, erorita dauden zuhaitzak eta bestelako oztopoak jasoz. Bide hori errekuperatzea lortu dugu eta horri esker beste kirol proba batzuk bertatik pasatzen dira gaur egun”.
Bigarren edizioaz geroztik darama Ehunmilak lasterketan boluntario gisa lanean eta urtero parte hartzeko arrazoiari buruz galdetuta, mendizaletasuna eta lagunarteko giroa azpimarratzen ditu: “Mendia maite dugu eta oso talde polita osatu dugu”.
Pilotalekuan lehen aldiz Aurreko edizioetan Usabal kiroldegian kokatu den Tolosako anoa-gune nagusia Beotibar pilotalekuan egongo da aurten. “Gauza berria izango da gure-tzat, baina honek ez du lasterkariengan eragingo”, baieztatu du David Jaularrek. Eriz Lasaren adiskidea da eta biak elkarrekin hasi ziren boluntario bezala lanean duela hamar urte; Lasa Zelatunen eta Jaular, berriz, Tolosan. 10 kilometroko distantziara daude bi gune horiek eta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Lehena, Ernio mendiaren magalean dagoena, oinarrizko anoa-gunea da, eta bigarrena, aldiz, herrigunean dago, eta Etzegaraterekin batera, probako gune nagusia da. Bertan, edariak eta ohiko jakiak banatzeaz gainera (fruta, fruitu lehorrak, txokolatea, gazta, enbutidoa, etab.), janari beroa (pasta, arroza, patata tortila) ere banatuko dute, eta baita ere bestelako zerbi-tzuak: fisioterapeuta, podologoa, dutxak, aldagelak eta koltxonetaz eta mantaz hornitutako atseden guneak. “Tolosara iristen direnek 77. kilometroko ibilbidea osatu dutenez, nekatuta iristen dira. Gehienek atseden hartzeko aprobetxatzen dute, baina anekdota moduan gogoratzen dut behin korrikalari batek lo kuluxka bat egiteko asmoz handik ordubetera esnatzeko eskatu zigula. Lo egitea ez da ohikoa, baina behar izatekotan posible da”.
Gune honetan 60 boluntario inguru elkartzen dira eta lana eramangarriagoa izan dadin, hiru talde osatzen dituzte, txandak egin ahal izateko. Jaularrentzat, proba gogor honetan kirolari bakoitzak bere mugak gainditzeko egiten duen ahalegina benetan ikusgarria da eta urtero horren lekuko izatea benetako pribilegioa dela irizten du.