Tolosan 1985tik neurtzen dute kaleko hiztunen jarduna, eta 2024an egindako neurketan, 7.462 pertsonen ohiturak behatuta, %50ak euskara erabiltzen duela ondorioztatu da. Seigarren urtez jarraian, euskara gaztelaniaren gainetik gailendu da, %47a izanik. Beste hizkuntzek %3a betetzen dute.
Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak, Tolosako Udalak eta UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eman dute emaitzen berri, eta euskararen erabilerak indartze-joera egonkortu duela adieraziz.
Neurketak egiten hasi zirenetik 40 pasa dira, eta urte hauetan zehar euskararen erabilera 20 puntutik gora hazi dela azaleratu dute datuek. 2024ko neurketan adin eta genero ezberdinetako 7.462 biztanleen 2.486 elkarrizketa hartu dira kontuan.
Beste ondorio batzuk
Azken urteko neurketak beste ondorio esanguratsu batzuk ere atera ditu azalera. Adinari dagokionez, gazteenak dira euskara gehien erabiltzen dutenak. 14 urtetik beherakoen artean, %70ak erabiltzen du euskara, 15-24 urte bitartekoen artean, %64ak, 25-39 urte tartean, %55era jaisten da erabilera, eta 40 urtetik gorakoen artean, %37ak bakarrik erabiltzen du euskara. Hala, haurrak tartean direnean, nagusien joerak aldatu egiten dira, eta euskararen erabilera %43tik %68ra igotzen da.
Bilakaera handia jasan du Tolosak euskararen erabilerari dagokionean. 1985an neurketak egiten hasi zirenean, Tolosan euskararen erabilera %29koa zen. Gaur, %50koa bilakatu da, eta hizkuntzaren indartze-joera argi ikus daiteke, azken sei urteetan hizkuntza erabiliena izan baita.
Hurrengo pausoak
Euskaren erabileraren eboluzioa positiboa bada ere, Galtzaundi, Udala eta UEMA, Euskaraldia ekimenean zehar elkarlanean artiuko dira, herritarren hizkuntza-ohituretan eragiten jarraitzeko, belarriprest eta ahobizi rolen eskutik.