- Haur euskalhiztunak ikastetxeetan ez sakabanatzeko eskatzeko du Arnas Dezagun Guraso Taldeak. Udalerri erdaldunduetan bizi diren guraso euskaldunak dira Arnas Dezaguneko kideak eta euren seme-alabek euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten nahi dute. Hala ere, hori “ez dela erraza” adierazi zuten.
“Ikastetxe askotan, euskara etxetik dakarten haurren euskalduntzea osatu beharrean, oztopatu egiten da, erdara nagusi delako jolas eta jantoki orduetan eta, sarri, baita klase barruan ere”, azpimarratzen du manifestuak.
Beraien ustez, eskolan lehentasuna izan beharko luke euskaraz mintzatzeko “gune erosoak” bermatzeak, haur guztiei euskara erabiltzeko aukerak errazteko. “Ikastetxe askotan, ordea, haur euskaldunak sakabanatuak izaten dira, euskara baztertu eta erdaraz jardun beste aukerarik ez dute, bestela izan ditzaketen integrazio edo onarpen arazoen beldur”, azaldu zuten. Horren ondorioz, askotan euskararekin lotutako bizipen eta uste “etsigarriak” garatzen dituztela salatu zuten.
Egoera horretan, irakasleekin ez bada, haurrek ez dutela euskaraz jarduteko aukerarik azpimarratu zuten: “Horrela zapuztu egiten da D ereduaren helburu nagusia: derrigorrezko eskolaldia amaitutakoan haurrak euskal hiztun osoak izan daitezela bermatzea”.
Ildo horretan, Euskal Herriko ikastetxeetako zuzendaritzei eta Hezkuntzako arduradun politikoei “arnasgune funtzionalak sortu eta bermatzea” eskatu zieten, ikasleek euskaraz eroso jardun ahal izateko.
“Horretarako, herri erdaldunduetan batez ere, premiazkoa da haur euskaldunak elkartzea eta euren arteko harremana erraztea, haur erdaldunak baztertuta utzi gabe. Bestela esanda, euskaldun izateko eskubidea errespetatuko bazaie, haur euskaldunak ez dira elkarrengandik bereizi behar, bermatuta ez badago euskara dela ikasgelako eta ikastetxeko hizkun-tza nagusia behintzat”, nabarmendu zuten.
inklusioa sustatuz
Arnas Dezagunen arabera, taldeak osatzeko garaian, haur euskaldunekin batera jartzeko “ama hizkuntza gaztelania (frantsesa Iparraldean) ez duten umeak lehenetsi daitezke”, euskara komunikazioan ardatz izatea eta haur atzerritarren inkusioa errazteko. Beraien ustez, “Euskal Eskolan aniztasunaren eta inklusioaren ardatza euskara izatea baita logikoena”, eta ez gaztelania (edo frantsesa Iparraldean) orain arte bezala.
Azpimarratu zutenez, haur erdaldunei “berariazko laguntza” eskaini behar zaie ikastetxeetan, euren euskara maila indartu eta euskalduntze prozesua azkartzeko.
“Ikasleak ikasgelan nahitaez nahasi behar diren adinera heltzerako, funtsezkoa da haurrek euskarazko gaitasun egokia eta komunitate kontzientzia positiboa izatea. Soilik horrela ahalbidetuko da haur eta gazte euskaldunak euskaraz askatasunez aritu ahal izatea eta etxetik erdara dakarten haurrek euskarazko gaitasun nahikoa lortzea”, aldarrikatu zuten amaitzeko.