Beganismoan interesa duten pertsonek hitzordu paregabea dute zubi honetan Irunen. Ficoba esparruan Be VeggieBe Veggie azokaren hirugarren edizioaospatzen ari dira eta guztira 62 stand jarri dituzte askotariko produktu beganoak saltzeko eta dastatzeko. Oraindik joan ez denak astelehen honetako arratsaldeko 16.00ak arte du horretarako aukera.

Egunkari hau gaur izan da bertan eta hainbat standetako arduradunekin eta bezeroekin hitz egiteko aukera izan du. Ecoriginal Organic markaren standeko Olga Carrasco panelarekin hidratatutako haziak saltzen ari zen bertan. "Fruta lehorrak eta super elikagaiak jartzen dizkiegu haziei eta entsaladekin eta jogurrekin jateko paregabeak dira. Haziak lurrean dauzkagun elikagairik osoenak dira, bizitzaren jatorria baitira. Horien bidez, ukitu desberdin bat eta propietate asko ematen dizkiegu jakiei", azaldu du Carrascok.

Ecoriginal Organic-ek Bartzelonan du lantegia, baina Estatu osoan eta Europan zehar bidaiatzen dute produktua sustatzeko. "Egia esan, asko saltzen ari gara hemen. Be Veggiera etortzen garen lehen aldia da, baina Bioterra azokara ere etortzen garenez eta dagoeneko bezero finkoak ditugunez, asko etorri dira berriro ere haziak erosteko", adierazi zuen Carrascok.

Pablo Buldain iruindarra Pasta Matinelly etxeko jakiak ari zen saltzen beste stand batean. "Guk pasta ekologikoa, artisaua eta beganoa saltzen ditugu. Lehengaia gari gogorreko semola da, barietate integraletan izan ezik. Lehengaia, ura eta deshidratatua baino ez ditugu erabiltzen, kolore hori eta zapore aberatseko puntutxo hori ematen diona", azaldu du Buldainek.

Ia 30 pasta barietate ekarri dituzte azokara. "Gehien saltzen direnak Ezpeletako piperrarekin egindakoak dira, pikante puntu bat dute eta oso goxoak dira. Horrez gain, arrakasta handia dute albakarekin egiten ditugunak, baratxuria eta perrexila dutenak eta baita kurkumezko pastak ere. Asko saltzen ari gara eta oso pozik gaude", nabarmendu du.

Lázaro Mayok eta Irati San Sebastiánek adibidez, beste mota bateko pasta erosi dute Pasta Matinellyn. "Gariarekin eta onddoekin egindako pasta erruloak erosi ditugu. Ez dakigu nolakoak izango diren, orain arte ez baititugu dastatu", azaldu zuen Mayok. Adierazi zutenez, oraindik ez dira beganoak, baina horretarako trantsizioan omen daude. "Gauza horiek probatzeko ez da beganoa izan behar eta guri probatzea gustatzen zaigunez, horrelako zerbait erosteko asmotan etorri gara", azpimarratu du San Sebastiánek.

Jakiez gain, makillaje beganoa erosteko aukera ere badago azokan. Ciro de Angeli makillatzailea Puro Bio Cosmetics etxe italiarreko produktuekin emakume bat makillatzen ari zen. "Gure makillajeak landareak, frutak eta barazkiak ditu oinarrian eta %100 produktu begano ziurtatua da. Ez du parabenorik eta silikonarik, eta ez dago animalietan testatua. Gainera, antialergikoa da. Niretzat beganoa ez da soilik animaliek probatu ez dutena, barruan beganoa ez den osagairen bat izan baitezakete. Beganoa osagai naturalekin eginda dagoena da, gure makillajea bezala", azaldu du de Angelik.

Italiarra makillatzen ari zen emakumeak Susana Ribe zuen izena eta berak ere parte hartu nahi izan du elkarrizketan. "Nire filosofia beganoa delako etorri naiz. Beganoa ez da animalietan ez testatzea bakarrik, baita ingurumena zaintzea, birziklatzea, berrerabiltzea eta murriztea ere. Batzuetan jendeak kosmetika eta garbiketarako produktu beganoak erabiltzen ditu, baina beste gauza batzuk alde batera uzten ditu. Adibidez, oso garrantzitsua iruditzen zait makillatzeko brotxa ere beganoa izatea, Puro Bio Cosmetics markakoak bezala, eta jendea horretaz kontzientziatu behar da", azpimarratu du Ribek.

Puro Bio Cosmetics-ek ingurumena zaintzeko egiten duen lana bikaina iruditzen zaio Riberi. "Nik makillaje beganoa kontsumitzen dut beti, eta asko kostatzen zait, beti dagoelako osagai kimikoren bat daraman produkturen bat. Baina Puro Bio Cosmetics erreferentea da, lehenengo produktutik hasi eta azkenengora. Ez makillajeagatik bakarrik, baita produktuak gordetzeko birziklatutako kartoiak erabiltzen dituztelako ere", adierazi du.

MATERIALAK BERRERABILTZEN

Emaus Fundazioaren Sin Desperdicio markako produktuak ere salgai zituzten beste stand batean. "Hondakinak berreskuratu eta baliabide bihurtzen ditugu. Hondakin horiekin modako osagarriak eta bulegoko artikuluak egiten ditugu, eta, gainera, ekonomia sozial eta solidarioaren oinarriekin egiten dugu lan. Arrasaten gizarte-tailer bat daukagu, eta hor egiten ditugu produktu horiek guztiak. Beraz, ingurumenaren aldetik positiboa den proiektu bat da bizitza erabilgarria amaitu zaien material horiek berreskuratzeagatik, eta, gainera, enplegu duina eta kalitatezkoa sor-tzen diegu enplegagarritasun-zailtasunak dituzten pertsonei", adierazi du Jennifer Fernández arduradunak.

Batez ere publizitate-banderolekin egiten dute lan, hirietako faroletatik zintzilik daudenekin. Azoketako moketak ere erabiltzen dituzte. Adibide bat Zinemaldiko alfonbra gorria izan daiteke, behin jaialdia igarota zaborretan amaitzen baitu. Lantzen duten beste hondakin bat autobusen sabaiak forratzeko erretiluak dira. "Irizarrek zaborretara botatzen zituela identifikatu genuen, eta bigarren bizitza bat emateko prest geundela esan genien", azaldu du Fernándezek. Eta, azkenik, uda honetan Telamarinera izeneko bilduma bat atera dute Kontxa eta Ondarreta hondartzetako toldoak erreskatatuz egin dituzten produktuekin.

MARKA BERRIAK

Oraindik merkaturatu ez dituzten produktuak dastatzeko aukera ere badago azokan, Hi Vegs markakoak adibidez. "Jaki guztiak haragiaren analogoak dira eta hanburgesak, saltxitxak eta oilasko haragi mota guztiak aurkezten ari gara, baina dena ilar-proteinaz egina dago. Ilarraren proteina erabiliz egitea erabaki genuen ilarra ez delako alergeno bat", azaldu du Albert Gros arduradunak.

Beraiek doan eskaintzen dituzte Hi Vegs markako produktuak. "Guk produktua eskaini eta jendeari QR kodeari argazki bat egiteko esaten diogu, eta QR kode horrek bi galderako galdetegi bat erantzuteko aukera ematen du, produktua zer iruditu zaizun esateko. Galdetegia egiteagatik doako lagin batzuk bidaltzen ditugu inkestatuaren etxera", adierazi du Grosek.

Etorkizunean, saltokigune handietan eta denda espezializatuetan saldu nahi dituzte euren jakiak. "Egia esan, oso proiektu berria da, zazpi hilabete inguru daramatzagulako. Baina Hi Vegs marka Valentziako enpresa talde batekoa da, Dacsa izenekoa, eta diru inbertsio handia egin dute bai azpiegituran, bai makinerian eta baita I+Gn ere. Horregatik atera ahal izan dugu sektore honetan urte asko daramatzan jendearen mailako produktu bat", azpimarratu du.