2018an Bakarka diskoaren ostean, Elkarrek argitaratutako bigarren zati honetan beste hamabi kantu berrikusi ditu Ruper Ordorika musikariak. Hogeiren artean zerbait eskaintzen zutenak aukeratu zituen oñatiko abeslariak. Bakarka bi bere anaia Jonan Ordorikaren estudioan grabatu zuen eta huraxe izan da, tamalez, bien arteko azken kolaborazioa, Jonan iragan abuztuan hil egin baitzen. Hainbeste urteko elkarlanaren ondoren, Ruperrek argi dauka, hemendik aurrera gauzak ezberdinak izango direla.
Bakarkako zuzenekoen ondotik datoz bi disko hauek.
Duela urte batzuk bakarka aritzea erabaki nuen eta hortik etorri ziren lehenengoa, 2018an, eta orain, bigarrena.
Taula gainean ahotsa eta gitarrarekin soilik, ez al zara biluzik sentitzen?
Bai, dudarik gabe, baita musikalki ere. Taldearekin jotzen dudanean nire pretentsioa ez da Ruper gehi beste musikari batzuk bezala aurkeztea jendearen aurrean, beste toki batetik jotzen baitugu elkarrekin. Gehiago esango dizut, bakarka aritzeak gehiago eskatzen dio entzuleari.
Beraz, bakarka zabiltzanean publikoarekin lortutako konexioa estuagoa izango da.
Lortzen baldin bada, bai.
Diskoak zuzenekoen ondorio direla diozu baina, nola aukeratu hamabi abesti 45 urteko ibilbidearen ondoren sortutako hainbeste kanten artean?
Eskaintzeko zerbait badutela sentitzen duzunean etortzen da hautaketa. Abestia beste modu batean jo eta abestiaz harago joatea lortutakoan ulertzen duzu kantuarekin zer egin behar duzun. Baztertutako asko ere badira. Egia esan askoz kantu gehiago grabatu ditut eta hortik egin dut hautaketa. Batzuk bazterrean geldituta ere, oharkabean hazi egiten dira, eta beste batzuekin, ordea, ez duzu ezer eskaintzen duzunik sentitzen. Orduan, azken horiek aldatzea hobe.
Eta zergatik hamabi?
Hala suertatu dela esango nuke, baina badu zerikusirik LParekin. Abestiak tarte horretan sartzeko baldintza ekarri zuen. Esango nuke, gainera, LPak oso neurri interesgarria ekartzen duela. Batzuetan, CDekin pasatu egin garela uste dut. Ordubeteko disko bat, 18 kantu… Oso gutxik entzun ditzakete hainbeste, ez bada bilduma bat. Ni albumaren ideian hazitakoa naiz eta horri heltzen diot. Egia da, gaur egun, gauzak aldatu egin direla: jendeak sei, lau edo hamar kantu egiten ditu.
Kontsumo moduak ere aldatu egin dira, gazte jendeak ez omen ditu diskoak erosten.
Aldaketa ikaragarri baten aurrean gaude, gainera, hau hasiera baino ez da. Hori entzulearen aldetik, baina sortzailearen aldetik ere gauzak asko aldatu dira. Teknologiak harreman estua du musikarekin, inoiz baino handiagoa. Izugarrizko zabalgune bat ireki da produkzio aldetik eta horrek beste gustu bat ekarriko du, jada iritsi den beste modu bat, askogatik ere areagotuko dena. Aldaketa abantadan dago: lehen urteetan gertatzen zena, orain hilabetetan gertatzen da. Baina beti gertatu izan den zerbait da. Gogoan dut nola nire osaba batek esaten zuen, mikrofono bat eskuan, edozeinek kantatzen zuela Luis Marianok bezala. Ordurarte, kantariek ahots-gora abesten zuten, inongo aparaturik konektatu gabe. Pentsa ezazu mikrofonoak zer aldaketa ekarri zuen! Gero gitarra elektrikoa etorri zen; orain, adibidez, soinuak manipulatu egin daitezke. Aldaketak esponentzialak dira eta garai interesgarriak bizi ditugula uste dut.
Kontsumo azkarrera ere ohitu gara. Musika, etorri bezala, desagertu egiten da. Zure disko honek, ordea, patxada eskatzen du.
Dudarik gabe. Esan bezala, entzuleari eskatu egiten dion lana da. Baina, zinez, ez dago pentsamendu horrekin eginda. Gerora planteatu didaten zerbait izan da, orain egiten denaren antipodetan dagoela. Ñabardura bat gehituko nioke baieztapen horri: orain egiten den zerbaiten antipodetan, nolanahi ere. Seguru naiz eta badakit, adin guztietako musikariak dabiltzala haiek bakarrik eta modu horiek ez dira desagertuko. Musikarena mundu anitza eta zabala da eta, edozein sorkuntzan bezala, askatasun osoa gutxi da.
Musika tendentzia berriak jarraitzen dituzu?
Kostatu egiten zait, badudalako, esan dezagun, despiste handi bat azken boladan. Gauza ikaragarriak deskubritzen ditut baina nire hariari tiraka badut nik nahikoa lan (barrez). Teknologia berorrek bidea ematen dizu atzera joateko. Nire mutiko garaietan amets izango ziratekeenak orain ikusteko aukerak izugarrizko plazera ematen dit. José Alfonso, Léo Ferré edo nahi duzuna ikusi dezakezu kantuan, zure aurrean… Izugarria da hori. Hasieran gaudenez oso irekia dago dena. Gauzak poliki-poliki pausatuko direla uste dut. Nire irudipena da teknologiak gehiegi agintzen duela, baina orekatuko da.
Diskora itzulita, atentzioa eman dit hamabi abesti horietatik gehienak, mende honen lehen hamarkadetan argitaratutako diskoetatik datozela. Konkretuki ‘Gaur’ (2000), ‘Ruper Ordorika’ (2002), ‘Memoriaren mapa’ (2006) eta, bereziki, ‘Hurrengo goizean’ (2001) eta ‘Kantuok jartzen ditut’ (2003) diskoetatik ateratako abestiak biluztu dituzu.
Ez dut pentsatu, izan liteke (barrez). Badaude, noski, ezbairik gabe sartu beharrekoak, Zaindu maite duzun hori (Kantuok jartzen ditut, 2003), esaterako.
Horietatik aparte, 1983. urtetik datorren bat ere gehitu duzu: ‘Alberto Caeiroren bisita’. Alberto Caeiro Fernando Pessoa poeta portugaldarraren heteronimoetako bat izan zen. Adierazgarria da, badirudielako euskal kulturako jendeak miresmen berezia ziola Pessoari. Benito Lertxundik, esaterako, biziki gogoko duen autorea da. Letra hau, zure kasuan, Joseba Sarrionandiarekin idatzi zenuen.
Lehen aldiz Ni ez naiz Noruegako errege diskoan jasotako kantua da, 1983an. Ordurako argitaratua zen Joseba Sarrionandiaren lehen liburua. Sarrik, ez kasu honetan bakarrik, askotan aipatu ditu Caeiro eta Pessoaren beste alter egoak. Orain urtebete Bilbon bost emanaldi egin nituen berarekin eta horietarako, urte luzeren ostean, kantu hau berreskuratu nuen. Berriro kantatzean abestia berpiztu egin zen niretzat. Eta hor dago, diskoan, ezustean etorri den beste kanta bat bezala.
Inoiz grabatu gabeko abesti berri bat ere gehitu diozu lan berriari, ‘Artista baten istorioa’, Daniel Johnstonen abesti baten bertsioa.
Zuzenean bertsio batzuk ere egiten ditut eta konkretuki hau, diozun bezala, grabatu gabe neukan. Badut historia luze bat kantu horrekin eta sartzea erabaki nuen.
Letra nahiko ironikoa du abestiak.
Johnstonenak horrela izaten ziren (barrez).
‘Entzun nire istorioa/zahartuz doan artistaz’ esanez hasten da abestia. Identifikatuta sentitzen al zara?
Ez bereziki alde horretatik, baina bai badaukan ironiarekin. Berak dio: “Listen up and I'll tell a story/About an artist growing old”. Hain zuzen ere, gaztea zelako abesti hori idatzi zuenean, denborak aurrera egiten zuela sentitzen zuelako. Gustatzen zait abestiaren ideia.
Diskoa Jonan Ordorika zure anaiarekin grabatu zenuen bere estudioan, iaz bera zendu baino lehen. Libretoaren lehen orrialdean zuek biok agertzen zarete argazki batean. Gero, ‘Erruduna’ abestiaren letra dator, diskoan lehena. Desamodiozko abesti horrek honela dio: “Ez naiz ni/zurekin ahaztu dena”. Letrak zentzu berria hartu al du Jonanen heriotzaren ondoren?
Ez konkretuki. Baina egia da guztiak hartu duela zentzu berezia. Nire disko gehienak eta zuzenekoak berarekin egiten nituen, eta bereziki bi hauek, Bakarka eta Bakarka Bi. Esango nuke berarekin gehien lotzen dudan kantua, hirugarrena dela, Zaldiak negarrez, baduelako The Velvet Underground eta berak maite zuen mundu horrekin lotura. Nire seriotasunarekin kezkatu egiten zen batzuetan eta beste moduko kantuak egin behar nituela esaten zidan (barrez). Nik kasu egiten nion. Ez dira gauzak erraz irensten eta gainditzen.
Berarekin luze egin zenuen lan.
Libretoa irekitzen duen argazkia beste toki batetik hartu dut. Jonan zendu zen astean egin behar genuen disko honetarako argazkia, gerora diskoa bukatzeko. Pentsa! Horrela dira gauzak.
Suposatzen dut hemendik aurrera zure diskoak ez direla berdinak izango.
Horrela da, beste aro bat ekarri du niretzat.
Plazetan ere defendatuko duzu bakarkako bigarren disko hau. Katalunian apirilean abiatuko duzu bira.
Katalunia ondoren hemen hasiko naiz. Datak itxi ditut jada Iparraldean, Iruñean, Bilbon, eta Donostiara abenduan itzuliko naiz. Taldearekin ere, noiz edo noiz, jo nahiko nuke, oso ondo pasa dugu azken kontzertuetan.
‘Bakarka hiru’ aterako al da inoiz?
(Barrez) Ez dakit, ez dut uste. Esan behar dut ez nuela pentsatzen bigarren hau ere aterako nuenik.
Eta nola etorri zen ateratzeko bultzada?
Ez dakit. Abestiak Jonanen estudio txikian grabatu nituen, baina ez sesioetan. Agian, hara joaten nintzen eta bi kantu edo grabatzen nituen; hurrengo hilabetean hiru, eta horrela hogei bat kantu bildu nituen. Lasai entzun nituen, interesgarrienak hautatu eta hori izan zen prozedura. Ez dakit horrelako beste disko bat egiteko nola egin beharko nukeen.
Abesti berriekin egin zenuen azken diskoa, Kubari eskaini zenion ‘Amour eta toujours’ izan zen, 2018an. Aurrekoa, 2016an kaleratutakoa da, ‘Gurea ostatuan’. Lan berririk buruan?
Ari naiz. Ez naiz oso datorrenari buruz hitz egin zale, baina uste dut datorren urterako aterako dudala disko bat taldearekin eta abesti berriekin.
Elektrikoagoa, agian?
Ez dakit. Baina kantu berriekin, bai (barrez).