Mikel Laboak, Artze anaiek eta Jose Luis Zumetak Ikimilikiliklik ikuskaria estreinatu zutela 50 urte betetzearekin batera, berau gogoratzeko eta, aldi berean, gaurkotzeko, bigarren zati bat-edo sortu dute Loraldia jaialdiaren baitan: Ikimilikiliklik Vol. 2. Hain zuzen ere, Urnietako Sarobe Arte Eszenikoen Gunean aurkeztu dute gaur, asteartearekin. Aurre-estreinaldia Gipuzkoako herrialde horretan bertan izango da azaroaren 12an eta estreinaldi nagusia, aldiz, Iruñeako Baluarten egingo dute handik bi egunera. Donostian, Gasteizen eta Bilbon ere ikusi ahal izango da hurrengo hilabeteetan, eta ikuskizun originalarekin gertatu bezala, antolatzaileek nazioarteko bira bat egitea dute amets. Izatez, Laboa, Zumeta eta Artzetarren jatorrizko lana Veneziako Bienalean ikusi ahal izan zen eta gutxienez hara bidaiatu nahiko lukete datorren urtean proposamen berri honen sortzaileek.
“Nazioarteko abangoardian kokatu zen” ikuskizun harekin “elkarrizketa” sortu nahi izan dutela azaldu du Amaia Ocerinek, Loraldiko komunikazio arduradunak. Saroben gauzatu den ikerketa eta sorkuntza prozesua “kolektiboak” “asmo handiko” obra ekarri du. Edurne Azkarate aktore eta zuzendariaren gidaritzapean, Iñaki Salvador musikaria, Oreka TX-ko kide Harkaitz Martínez de San Vicente eta Itziar Navarro, Libe García de Cortazar abeslaria, Intza Alkain aktorea eta Itziar Garaluce artista bisuala arituko dira taula gainean. “Nola gogoratu Ikimilikiliklik museoko objektu bilakatu gabe? Nola jaso ondare hori, errepikapenean edo nostalgian erori gabe?”. Horiek izan ziren, hein batean, ikuskizuna bultzatu zituzten galderak. Erantzuna irmoa izan zen: iraganarekin “zubi bat” eraiki nahi izan dute, “duela 50 urteko ausardiak eta gaur egungo sorkuntzak” bat egin dezaten. “Proiektu hau ez da omenaldi bat, elkarrizketa bat baizik”, azpimarratu du Ocerinek.
Ikerketa iradokitzailea
Azkaratek enkarguz zuzendu duen lehenengo obra da. Egin dituen guztien artean “handiena”. Sorkuntza prozesuaren inguruan, intuizioz lan egin omen dute. Zuzendariak gogora ekarri duenez, Ikimilikiliklik-en musika diskoan grabaturik topa daiteke. Zentzu berean, Joxan Artzek idatzitako poemak ere aski ezagunak dira. Aldiz, ez dago inolako ikus-entzunezko erregistrorik. Ikerketa fasean zirenean, orain dela mende erdi obra zuzenean ikusi zuten hainbat lagun elkarrizketatu zituztela azaldu du Azkaratek. Testiguek oso ondo gogoratzen omen dute zer sentitu zuten ikuskizun iraultzaile haren aurrean: “Ikaragarria, oso fuertea, hunkigarria, oso garaikidea, apurtzailea eta flipatu zutela kontatu digute”. Aldiz, ikuskariaren formari, disposizioari edota bertan gertatzen zenari buruz elkarrizketatuek ez zuten inolako oroitzapen zehatzik.
Hori bai, ezaguna den garai hartako materialarekin, bereziki poesia eta musikarekin, “kolaboraziozko elkarrizketa” bat proposatu dute. Ariketa, azken batean, honakoa da: garaiko materialetik abiatuta, gaurko egunetik zerbait berria kontatu. Esate baterako, testu berriak egon badauden arren, jatorrizkoak mantendu dituzte. Bestalde, jatorrizko elementuen artean badira zenbait kontu gaur egunera “nahita eta espresuki oso gordin” ekarri dituztenak, sortzaileen aburuz baliorik baduelako horiek berriro eszenaratzeak. “Elkarrizketak aurrera egiten du ikuskizunak aurrera egin ahala eta gero eta geureagoa bihurtzen da. Horrela, haien Ikimilikiliklik eta gure Ikimilikiliklik nahastu egiten dira, kontzeptualki edo estrukturaren bitartez azaleratuz haiekiko ditugun gure maitasun, galdera, hausturak edo dena-delakoak”, azaldu du Azkaratek, gerora zera gaineratuz: “Niretzat ametsa litzateke gure lana ikusi ondoren, jendeak jatorrizkora jotzea”.
Alderdi musikala eta iruditeria
Iñaki Salvadorrek ondo ezagutu zituen Laboa eta Artze anaiak. Bere iritziz, oso berezia den zerbait ondu omen dute. Oso prozesu luzea izan dela kontatu du, orain dela bi edo hiru urte hasitakoa. Martínez de San Vicentek aipatu duenez, kolektiboki asko hausnartu omen dute bide horretan. Kode berriak landu dituzte, esate baterako, “spoiler handirik” egin gabe, Oreka TX-ko kideek txalaparta jo baino zerbait gehiago egingo dutela iradoki digute.
Alderdi bisuala landu duen Itziar Garalucerentzat ere erronka handia izan da. Adibide gisa aipatu, hein batean jatorrizko ikuskizunaren esperientzia erreproduzitu nahian, orain 50 urte erabiltzen ziren zeluloidezko proiektoreak erabiliko dituztela. Bestalde, Ikimilikiliklik originalaren irudi askorik ez dagoenez, “imajinario indartsu” batekin lan egin dutela ere azaldu nahi izan du.