donostia - Ruper Ordorikak disko berria kaleratu berri du eta izenburuak adierazten duen moduan, Bakarka grabatu ditu bere 40 urteko rupertoriotik berreskuratutako dozena bat abesti. Atzo Donostian egindako aurkezpenean oñatiarrak azaldu zuen hiru urte daramatzala zuzeneko batzuetan bakarrik jotzen bere gitarrarekin, talderik gabe, eta sentsazio intimo hori disko batean jaso nahi zuela. Horrek zenbait kantu modu horretara “probatzeko” aukera eman dio kantariari: “Kasu horietan jendea gehiago hurbiltzen dela sentitu dut”.

Modu berean, album honekin “ispilu baten aurrean” jarri du bere burua. Kantariak aitortu zuen jende askok eskatu izan diola bakarkako lan bat kaleratzeko. Bere lehen asmoa zuzeneko bat grabatzea izan zen, baina gero pentsatu zuen bazituela zuzeneko dokumentu batzuk eta beste “harago” joango zen zerbait nahi zuela, estudio handi batean publikoarekin grabatzea. Azkenean, estudiora noizean behin joanda “abesti piloa” grabatu ditu Ordorikak eta horietatik hamabi hautatu ditu, bere garaian LPek irauten zuten denborari erreferentzia gisa hartuta: 40 minutu.

Abesti bakoitza lauzpabost aldiz grabatu du eta “zailena” kantuen hautaketa izan dela aitortu zuen. Nahiz eta, orokorrean, ezagunak diren abestiak izan, oñatiarraren-tzat “berriak” ere badira, orain arte ez zituelako bakarka grabatu.

Martin Larralde, Ene begiek, Herdoilarena eta Joan soseguz moduko abestiak berrinterpretatu ditu Ordorikak. Gainera, Mikel Errazkin zenari omenez egindako Lagunaren heriotza abestia ere gehitu du, “nekez topatu” daitekeena.

zuzenekoak Bakarkadiskoarekin egingo duen bira gaur bertan hasiko da Zegamako elizan. Hilaren 16an Zumarragan arituko da eta 23an, berriz, Tolosan. Azpeitira 25ean hurbilduko da eta azaroko azken egunean Oiartzunen joko du. Abenduaren 15 eta 16an, berriz, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko du emanaldia, data hauetan taldearekin zuzeneko kontzertua grabatu behar baitu: “Taldearekin aritzea beste gauza bat da. Beste frekuentzia batean sartzen naiz”, esan zuen. Halere, bi birak uztartzea -taldearekin eta bakarka- gustatuko litzaiokela aditzera eman zuen, zaila dela jakin badakien arren.