- Gora egiten du etengabe Euskadiko unibertsitateko ikasleen kopuruak. 2018/19 ikasturtean, 67.374 ikaslek egin zuten bat sare publikoarekin eta pribatuarekin; hau da, aurreko ikasturtean baino %0,9 gehiagok, Eustatek emandako datuen arabera. Matrikula kopuruak gora egin du bigarren urtez jarraian.

Graduko ikasleak guztizkoaren %84 izan ziren, eta % 0,5 hazi ziren aurreko ikasturtearekin alderatuta. Bestalde, gainerako % 16a graduondoko ikasketetan matrikulatu zen (master ofizialak eta doktoregoak), %1eko eta %6,5eko igoerekin, hurrenez hurren.

Ikasle gehienek unibertsitate publikoan egin zuten karrera (%72). Lidergo hori gorabehera, ehuneko horrek 7 puntu egin du atzera azken zortzi urteetan. Graduko ikasketetan ehunekoa berdina izan zen (%72); aldiz, %62ra jaitsi zen masterretan, eta %87ra igo Euskadin egiten diren doktoregoetan. Ikasketak egiten diren lurraldeari dagokionez, ikasleen %59k Bizkaiko unibertsitate-zentroetan egin zituen ikasketak, % 29k Gipuzkoan eta %12k Araban. Unibertsitateko eskolaratze-tasari dagokionez, Euskadin %44k 18 urterekin egiten du, eta kopuru hori Madrilgo erkidegoak baino ez du hobetzen estatu osoan.

Beste datu interesgarri bat sexuen araberako bereizketa da. Beste behin ere berretsi egin baita emakumeen lidergoa unibertsitate-ikasketei dagokienez. Emakumeen kopurua handiagoa izan zen graduko ikasketetan, 9 puntuko aldea dagoelarik gizonekiko. Nabarmentzekoa da emakumeen mesedetan dagoen aldea 18 eta 21 urte bitarteko adinetan, 11 eta 14 puntu artekoa baita, nahiz eta gero bi sexuen presentzia berdindu egiten den. Doktoregoei dagokienez, emakumeek ateratzen duten aldea txikiagoa da (3 puntu), eta masterretan berriz, parekotasuna dago bi sexuen artean.

Euskal unibertsitateren batean graduko ikasketetan matrikulatutako 56.845 gazteen artean erdiek honako aukeretako batean egin zuten: Enpresen administrazioa eta zuzendaritza (5.683), Lehen hezkuntza (4.007), Zuzenbidea (3.508), Psikologia (2.766), Haur hezkuntza (2.140), ingeniaritza mekanikoa (2.138), Medikuntza (1.840), Erizaintza (1.492), Gizarte-hezkuntza (1.489), Industria-teknologiako ingeniaritza (1.431), Gizarte-lana (1.338) eta Ingeniaritza elektroniko industriala eta automatikoa (1.256).

Bestalde, generoak erabakigarria izaten jarraitzen du unibertsitate-ikasketak aukeratzeko orduan, eta, hain zuzen ere, titulazioen %36tan emakumeak dira nagusi, eta beste %39tan gizonezkoak. Titulazioen %25ean soilik dago orekatuta bi sexuen presentzia.

Nabarmentzekoa da % 80tik gorako emakumeen kopurua duten graduen multzoa, hala nola: Haur-hezkuntza, Pedagogia, Erizaintza, Hizkuntza modernoak eta kudeaketa, Itzulpengintza eta interpretazioa, eta Kultura-ondasunen kontserbazioa eta zaharberritzea.

Aitzitik, emakumeek laurdena baino gutxiago betetzen duten titulazio guztiak ingeniaritza adarrekoak dira. Gainera, lau titulazioetan gizonen proportzioa %90etik gorakoa da: Itsas ingeniaritzak, Komunikazio-elektronika, Mekatronika eta Automozioa. Azkenik, parekotasun handieneko graduak Matematika, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Ingurumen Zientziak, Arkitektura Teknikoa eta Ingeniaritza Kimikoa izan ziren.