ERRENTERIA – Honakoa ikasturte benetan berezia izaten ari da Orereta Ikastolarentzat, izan ere, Kilometroen antolakuntzan burubelarri aritzeaz gainera, urtarrilaz geroztik hamaika ekintza martxan jarriz, ikastolaren 60. urteurrena ospatu dute.

 

Joan den urtean, Ibarran, aurtengo edizioa antolatzeko ardura hartu zuen Orereta Ikastolak. Nola joan dira azkeneko hilabeteak?

Fase desberdinetatik pasa gara. Lehenengo asteetan, adibidez, egitura egonkor bat sortzea izan zen gure lehentasuna, batzorde nagusia eta arduradunak izendatuz. Ondoren, ekintza desberdinak eta askotarikoak antolatu ditugu urte osoan zehar. Oso dinamika bizia izan da, bilera asko egin ditugu dena aurrera eramateko, eta zerbait azpimarra-tzekotan, komunitatearen inplikazioa nabarmenduko nuke: ikastolako langileak, gurasoak, ikasleak, ikasle ohiak…

Hirugarren aldia izango da Orereta Ikastolak Kilometroak antolatzen duena. Gainera, 60 urte betetzen ditu aurten ikastolak. Urte berezia da zuentzat, ezta?

Orereta Ikastolak 1984. eta 1999.ko edizioak antolatu zituen, baina urte asko pasa direnez, ikastolako komunitatea osatzen duten pertsona askorentzat esperientzia berria izango da. Gainera, esan duzun bezala, honakoa ez da ikasturte arrunta. 60. urteurrena bete-tzen dugu eta aukera polita eta sinbolikoa da aurtengo Kilometroen ospakizuna gurera ekartzea. Une benetan egokia da atzera begiratu eta izan garena gogoratzeko, gaur garenaz jabetzeko, eta etorkizunean izan nahi duguna irudikatzeko.

84 eta 99ko edizioetan zein nolako lotura zenuen ikastolarekin? Parte hartzeko aukera izan zenuen?

1984. urtean ikastolako ikasle nintzen eta gurasoen ondoan egon nintzen, laguntzen, baina protagonismo handiegirik izan gabe. 99an, berriz, ikasle ohia nintzen eta ikasle izandako kuadrila bat elkartu ginen gauzak egiteko. Orain, guraso eta ikastolako ordezkari gisa parte hartu dut. Beraz, esan dezakegu rol guztietatik pasa naizela.

“Une egokia da atzera begiratu eta izan garena gogoratzeko, gaur garenaz jabetzeko, eta etorkizunean izan nahi duguna irudikatzeko”

Zenbateraino aldatu da Kilometroak azkeneko urteetan?

Gizartea oro har aldatu egin da eta Kilometroak jaia aldaketa horietara egokitu da. Hortik sortu da Kilometroen eredu berria, non, egun handiaz gain, urte osoan zehar ekintzak egiten diren. Nonbait, ondo funtzionatzen duten ezaugarriak mantendu dira, aldi berean garai berrietara egokitzen diren proposamen berriak gehituz. Eta erabaki zuzena izan da.

Garai batean inplikazio maila handiagoa zela uste duzu?

Komunitatearen inplikazio maila ez da aldatu. Langile, guraso eta ikasleek gogotik egin dute lan.

Eredu berriari jarraiki, Kilometroak urte osoko lanaren emaitza dira. Zein-tzuk izan dira antolatutako ekintzen helburuak?

Hiru izan dira ardatzak: ikastolek euskarari eta euskal kulturari egin dioten ekarpena nabarmentzea; gure komunitatea trinkotzea; eta, azkenik, ikastolaren 60 urteko ibilbide honetan bidelagun izan ditugun eragile guztiei aitorpena egitea.

Zein jarduera antolatu dituzue urtarriletik hona?

Kilometroak Txikiarekin eman genion hasiera, urtarrilean, urteko plangintzari; otsailean, Egunkariaren itxieraren eta Berriaren 20. urteurrena gogoratzeko hainbat jardunaldi antolatu genituen, tartean, Imanol Muruaren Egunero behar genuen liburuaren aurkezpena, Paperezko hegoak dokumentalaren emanaldia, erakusketak, solasaldiak eta Jon Maiaren Kantu bat gara emanaldia; martxoan, Errenteriarik Donostiara bitarteko giza-katea; maiatzean, 12 orduz Erriolan izeneko kultur maratoia, Erriola kantaren aurkezpena, eta Ziburu eta Hendaiako ikastolekin topaketa; eta, azkenik, uztailean Urmuga jaialdia ospatu genuen Añabitarten, mendi ibilaldi eta kon-tzertuekin.

Urtarrilean eman zioten hasiera Kilometroetako ekitaldiei Kilometroak Txikiarekin. N.G.

Une hunkigarriak biziko zenituzten… Zein nabarmenduko zenuke?

Zaila da bakar bat aukeratzea. Oilo ipurdia izan dugu behin baino gehiagotan, izan ere, asko izan dira bizitako momentu bereziak bai ikastolako jendearekin, bai euskalgintzako jendearekin. Hau dena bizitzea opari bat izan da.

Festa handirako ordu gutxi falta diren honetan, nola bizi dituzue uneok?

Urduritasun puntu bat daukagula ezin dugu ukatu. Azkeneko hilabeteak igandera begira igaro ditugu, eta egun horretan ikusiko da urte osoan zehar egindako lana. Baina horretaz aparte, ilusioz gaude ikastolak zer den erakusteko aukera izango duelako. Bide batez, urriaren 1eko programa osatzean, herriko sortzaile eta eragileen erakusleiho izan dadin saiatu gara.

‘Erriola’ aukeratu duzue lema gisa. Zer da erriola?

Errio (ibaia) eta ola (fabrika) hitzen arteko hitz-jokoa da. Gure nortasuna definitzen duten bi kontzeptu dira. Batetik, gure herria zeharka-tzen duen Oiartzun ibaiari errio esaten diogu. Kostaldearen ondoan egonda, itsasoko urarekin nahastu egiten da, ur gazia eta geza eramanez, marearekin igo eta jaitsiz… Gure herria osatzen duen komunitate anitza irudikatzen duen metafora polita da. Bestetik, Errenteriaren historian industriak izan duen garrantzia nabarmendu nahi genuen.

“Etekinak hiru alderdi indartzera bideratuko ditugu: euskara sustatzera, ‘Zubiak eraikiz’ egitasmoa bultzatzera eta Añabitarte berritzera”

Kantari dagokionez, zaila izan zen aukeraketa prozesua?

Oso prozesu erraza izan zen. Argi genuen zer transmititu nahi genuen eta Jon Maiarekin jarri ginen harremanetan letra osatzeko. Ondoren, Janus Lesterrek izan zuen musika jartzeko ardura. Primeran moldatu ziren eta emaitza begi-bistan dago. Alaitasuna eta bizitasuna transmititzen ditu Erriola kantak, euskalzaletasuna ardatz izanik. Kilometroak festa bera bezala, jaialdia izateaz gainera, aldarrikapena ere bada.

Etekinei buruz, zertan inbertituko duzue bildutako dirua?

Lortzen dugun dirua hiru alderdi indartzera bideratu nahi dugu. Lehenik, euskara da ikastolaren funtsa eta gure herrian, beste askotan bezalaxe, bultzada behar duenez, herriko eragileekin elkarlanean euskararen erabilera indartzeko proiektu bat garatzeko asmoa dugu. Izan ere, Kilometroek herrian zerbait uztea baita gure helburua. Bestalde, Iparraldeko hainbat ikastolekin elkarlanean dugun Zubiak eraikiz hitzarmena bultzatu nahi dugu, pandemiak nolabait geldiarazi baitzuen. Hirugarrenik, Añabitarteko eremua, ikastolako komunitatearen topagune dena, berritu nahi dugu.

60 urte bete dituzuen honetan, nola laburbilduko zenuke ikastolaren ibilbidea eta bilakaera?

Beste ikastola asko bezalaxe, errealitate txiki batetik herritarrek sortutako proiektua izan zen. Denborarekin, handituz joan zen, ibilbide aberatsa eta emankorra osatuz. Orereta ikastola bizia da, herrian sustraitua dagoena, euskara eta euskal kulturaren eragile garrantzitsua dena, eta garaiko erronkei erantzutea eta etorkizuneko pertsonak heztea helburu dituena. Hori guztia lantalde konprometitu eta egonkorrari esker lortu dugu.

Zein dira Orereta Ikastolaren aldarriak?

Euskara eta euskal kulturatik abiatuta, eragile garrantzitsua izatea; kooperatiba garen heinean, elkarrekin ondutako proiektua izatea; komunitatea indartzea; herrian sustraitua egotea; naturarekin lotura izatea eta bertakoari garrantzia ematea. Ildo horretatik, jangela eta baratze propioa ditugu. Bestalde, Euskal Herriko Ikastolen mugimenduaren parte aktibo gara, proiektu amankomunak garatuz eta elkarri lagunduz. Gure hezkuntza sistema propioa eraikitzeko ekarpena egin nahi dugu, hemen ez dagoelako inor sobera.