Urteak luze jo du Orereta Ikastolan, izan ere, Erriola lemapean, makina bat ekimen abiarazi dituzte urtarriletik hona Kilometroak 23 ospatzeko. Gogotik egin dute lan, ikastolako komunitatea osatzen duten kideen inplikazioarekin, eta igandean egindako guztiari amaiera borobila emateko aukera izango dute Kilometroak Egunarekin. Gipuzkoako ikastolen jaiaren 47. edizioa Errenteriako erdigunean ospatuko da, lau gune nagusitan: Lino (Agirre lehendakariaren plaza), Esmalteria (Koldo Mitxelena plaza), Galletera (Gernika plaza) eta Errioa (Iztieta pasealekua).

Goizeko 10.00etan emango zaio hasiera prestatutako egitarau mardulari ekitaldi instituzionalarekin. Ibiltaria izango da, Lekuonako zubian ongietorria egin ondoren, Zumarditik eta Linotik pasa, eta Zamalbide gunean amaituko da. Bertan izango dira Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria, eta Itziar Navarro Orereta Ikastolako lehendakaria, herriko zein Gipuzkoako beste hainbat eragile eta erakundetako ordezkariekin batera.

Kontzertuak, tailerrak, erraldoiak...

Ondoren, 11.00etatik aurrera, era askotako ekintzak egongo dira lau guneetan, besteak beste, musika, dantza, umeei zuzendutako jarduerak, tailerrak eta kale animazioa. Linon, esate baterako, Esti eta Mikel Markezek emango diote hasiera festari, 11.00etan. Ondoren, Gozategi (13.15ean) eta Dj Bull (13.45ean) igoko dira oholtzara. Horrez gain, egun osoan zehar (11.00etatik-17.00etara) artisau azoka eta eskulan tailerrak eskainiko dira.

Esmalterian arte plastikoen tailerrak egongo dira eta erraldoiek alaituko dute giroa 11.00etan. Arratsaldean, Janus Lester Erriola kantaren abeslariak kontzertua eskainiko du 16.45ean.

Gernika plazan, Galletera gunean, musika izango da nagusi: Willis Drummond taldearen emanaldia egongo da 11.15ean, El Quinto Con Tenedor (13.00etan), Zilibito Records (14.30ean), Trilita (16.00etan) eta Dupla (18.00etan) taldeekin batera.

Errioan, berriz, umeen gozamenerako puzgarriak egongo dira egun osoz (11.00-17.00) eta baita ikuskizunak ere: Hola Zirkua akrobaziak (12.30ean), pailazoak (15.00etan), eta Goazen (17.00etan).

Gune nagusiez harago, jende mareak ibiliko dira herrian zehar, animazioak lagunduta, ekitaldi batetik bestera. Eta ondorioz, azpiguneetan ere hitzordu andana izango dira. Besteak beste, Zamalbide, Alhondiga eta Haurren Errioa galduezineko guneak izango dira. Bestalde, Herriko Enparantzan ere jai giroa izango da nagusi, Muxikoak (11.30ean), Kukai (12.15ean), Ereintza dantza taldea (12.45ean) eta Kantujiraren (16.00etan) emanaldiekin.

Paella eta oilasko errea

Batean eta bestean izango diren ogitarteko, talo, pintxo eta bestelakoez gain, eserita ederki bazkaltzeko modua ere izango da, Fernandez De Landa plazako aterpean 13.00etatik 15.30era kokatuko den jantokian. Paella, oilasko errea eta postrea izango da menua eta prezioa, 13 euro (helduak) eta 6 euro (haurrak). Bazkarirako txartelak aldez aurretik salgai jarri dira Kilometroak.eus webgunean, baina igandean bertan jantokian ere eskuragarri izango dira.

Hobe garraio publikoan

Kilometroak Egunera garraio publikoan etortzea gomendatzen du antolakuntzak, Euskotren, Lurraldebus edo Renfe erabilita. Hori bai, kontuan izan urriaren 1erako mozketak iragarri dituela Renfek, eta, beraz, Errenteriara etortzeko, Andoain-Lezo/Errenteria eta Lezo/ Errenteria-Andoain artean baino ez du zerbitzurik emango. Garraio publikoz etorri ezin dutenentzako, bi aparkaleku nagusi jarriko dira: Pasaiako portuan eta Txirrita-Maleo industrialdean. Autokarabanentzako gunea ere izango da Agustinak auzoan.

Erriola: errioa eta olak

Errenteria zeharkatzen duen Oiartzun ibaiari errio esaten diote herritarrek. Herriaren nortasuna definitzen duen elementua da ibaia edo errioa, izan ere, bertako baserriko baratzak ureztatu ditu, eta baita errioaren bazterrean sortu eta lan egiten duten olak edo fabrikak ere. Hori horrela, Errenteria lotzen dituen bi errealitateen metafora da Erriola hitz-jokoa. Festa gauzatuko den lau guneen izenek ere hori irudikatzen dute, herrian esanguratsuak izan diren lantegien izenak hartuz.

“Gure izaera eta eredua erdigunean jarrita, Ikastolak gara, horrek barnebiltzen duen guztiarekin, eta halaxe adieraziko dugu urriaren 1ean ere Errenterian, Kilometroak Egunean, Gipuzkoako Ikastolen jai handian”

Nekane Artola - Kilometroak kultur elkarteko eta EHIko lehendakaria

Euskara, eskertza eta komunitatea

Euskara eta euskal kultura, eskertza eta komunitatea izan ditu zutabe Orereta ikastolak urtarriletik hona antolatu dituen ekimen guztietan. Kilometroak Txikia; Euskaldunon Egunkariaren itxieraren eta Berriaren jaiotzaren 20. urteurrena ospatzeko astea; euskara batuaren sortzaileei eta euskara batuari berari gorazarre egiteko giza katea; 12 orduko kultur-maratoia; Adaxka Berriak ikuskizuna Ziburuko eta Hendaiako ikastolekin batera; Urmuga jaialdiaren baitan egindako mendi ibilaldia; patatxa gaineko zuzeneko musika emanaldia, eta Gure Añabitarte kontzertua.

Aldarrikapena ere bai

Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdiak aldarrikapen kutsua ere badauka, eta horixe utzi du agerian Nekane Artola Kilometroak kultur elkarteko eta EHIko lehendakariak: “Erronka potoloak ditu esku artean Ikastolen mugimenduak eta orain arte bezala gure komunitatearen bultzadaz helduko diogu esku artean ditugun eztabaida eta hausnarketei”, adierazi du.

“Gure izaera eta eredua erdigunean jarrita, Ikastolak gara, horrek barnebiltzen duen guztiarekin, eta halaxe adieraziko dugu urriaren 1ean ere Errenterian, Kilometroak Egunean, Gipuzkoako Ikastolen jai handian”. Ildo horretatik, Artolak festa parte-hartzailea dela azpimarratu du, “Euskal Herri osoko ikastolei parte hartzeko aukera ematen diena, eta euskalgintza, kulturgile eta herri eragileekin elkarlana sustatzea helburua duena”.