2018. urtean El orgullo de ser agote idatzi ostean, eta berriro ere Ereinen eskutik, hainbesteko jazarpena jasandako eta Pirinioetako alde bietan bizi izan zen talde sozial horren inguruko beste saiakera bat argitaratu dute Josu Legarretak eta Xabier Santxotenak: Agotak, berdintasunaren alde borrokalari. Gaur, astelehenarekin, Donostiako Liburutegi Nagusian aurkeztu dute egileek, “heretikotzat jo” eta bizitza publikotik bazterrera kondenatutako herriari buruzko ikerketa berria. Historiako hainbat une jakinetan boteretsuek haien aldeko politikak bultzatu bazituzten ere, aski ezaguna da agotek herrietan jasandako segregazioa: ezin ziren herribilduetan bizi, elizan ere bazter batean egon behar zuten, arropa ezberdinak jantzi behar…
Hitza hartu ahala ekarri dute gogora autoreek, orain sei urte, aurreko liburuen aurkezpen biran, jendea hurbildu eta sarritan galdera bera egiten zietela, alegia, zein ote zen agoten hizkuntza? Eta beraiek, “erraza” erantzuten omen zieten beti, “Euskara”. Horixe erakusten du 1654. urtean Nafarroako Burgi herrian agoten aurkako prozesu judizial bateko aktak. Bertan jasota dagoenez, idazkariak azalpenak euskaraz eman zizkien agotei. Legarretak eta Santxotenak dokumentu hori irakurri bezain pronto erabaki zuten agotek euskarazko idatzitako liburu bat merezi zutela, eta oraingo honi, aurrekoarekin alderatuta, hipotesi eta informazio berria gehitu egin diote autoreek. Beraz, osatuagoa ere bada.
Azken sei urteetan, hango eta hemengo artxiboak arakatzen aritu dira eta orain arte “inork erabili gabeko” dokumentuak azaleratzea lortu dute. Adibide bat jarri du Legarretak: 1675 Aria lizentziatuak Nafarroako Gorteen aginduz Baztan aldean bizi ziren agoten inguruan idatzitako 130 orrialdeko txostena ahanzturatik berreskuratu dute.
“Liburu honek Nafarroako historia hobeto ulertzen” lagunduko duela uste dute egileek. Hain zuzen ere, bi herrialde horietan errotutako agoten eta haiei buruzko prozesuen ingurukoak azaleratu nahi izan dituzte. Are gehiago, “nazioarteko” testuinguruan ere kokatu dituzte agoteak, haien aldarrikapenak Europako beste herrialdeetan mugimendu sozialek egindakoekin alderatuz. Aldarrikapenak antzekoak omen ziren, jarrera ez ordea. Frantzian eta Alemanian, esaterako, aldarrikapenak lortzerako bidean biolentzia erabiltzen zuten, agotek, aldiz, epaitegietara jotzen zuten.
Agoten geografia
Beste hainbat datu berri ere ezagutzera eman dituzte Agotak, berdintasunaren alde borrokalari liburuan. Agoten bizileku izandako 142 herri identifikatu dituzte ikertzaileek. Nafarroan 66 herri ziren; Iparraldean, beste hainbeste; Zaragoza aldean hiru eta Huescan, zazpi bat. Datu horiek argi erakusten dute, agoten geografia ez zela Nafarrora mugatzen, eta inguruko beste herrialdeetan ere sakabanatu zirela.