Orereta Ikastola 1963. urtean jaio zen, Errenterian, zortzi ikaslerekin, eta ikastetxea handitzen hasi zenean, bere hezkuntza proiektua Zamalbide auzoko Añabitarteko eremura zabaltzea erabaki zuen. 50 urte igaro diren honetan, espazio fisiko bat baino askoz gehiago da Añabitarte, Orereta Ikastola osatzen duen komunitatearen bihotza baita. Bazkideen elkargune izateaz gainera, baratza landu eta ikasleentzako jarduerak antolatzen dituzte bertan. Eraikina, ordea, berritu beharrean dago eta horrexegatik Kilometroak jaiarekin bildutako diruaren parte bat Añabitarte berritzera bideratuko dute: “Añabitarte baserria lau horma baino askoz gehiago da. Orereta Ikastolaren komunitatearen elkargunea da, garena egiten gaituenaren sinboloa. Ondare materiala eta ondare inmateriala elkartzen dira, beraz, bertan”, adierazi zuen Itziar Navarrok joan den uztailean bertan ospatu zuten Urmuga jaialdian.

Orereta Ikastolak 0-tik 18 urtera bitarteko hezkuntza eskaintza dauka, eta 1.400 ikasle inguru batzen ditu gaur egun. Bost eraikin ditu guztira: Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa Añabitarten, mendialdean, kokatuta daude, eta Haur Hezkuntzakoak, berriz, herriko erdigunean, Esmalterian (Koldo Mitxelena plaza) eta Linon (Lehendakari Agirre plaza).

Añabitarten du ikastolak bere gunerik zabalena: espazio berdez inguratutako zein eraikin eta azpiegiturez osatutako 100.000 m2. Ikasleek jolaserako zein egoteko leku zabalak dituzte, baita pilotalekuak, kantxa estaliak eta futbol-zelaia ere. Añabitarteko inguruneak aukera bikaina eskaintzen du ikasgelak kanpora ateratzeko ere, naturan eta naturaz ikasteko. Añabitarteko baratzea da horren guztiaren adibide garbietako bat.

Baso-eskola da naturarekiko lotura ahalbidetzen duen beste ekimen bat. 2020-21 ikasturtean jarri zuten martxan haurrek jolas librean eta esperimentazioaren bidez inguruarekin duten harremana sendotzeko helburuarekin. Ikastolako hezkun-tza-proiektu eraldatzailean basoa bera ikasgela bihurtzen da, bere errutina, arau eta edukiekin. Azken horiek kurrikulum ofizialean oinarrituta daude eta baliabide didaktiko garrantzitsuena natura bera da.

Bestalde, aipatu beharra dago Añabitarte baserriak eta Zamalbide auzoak Errenteriaren historian izan duten garrantzia; Añarbeko burdinola famatua eta hirigunearen artean kokatzen baita Añabitarte baserria. Añarben ekoizten ziren produktuak herrira, portura, itsasora, mundura eramateko Zamalbiden barrena garraitzen ziren. Horixe, auzoari jarritako izena, “Zamalbide”.

Espazio fisiko bat baino askoz gehiago da Añabitarte, Orereta Ikastola osatzen duen komunitatearen bihotza baita