Donostia. Ia dena prest dago biharko Herri Urrats festarako. Antolatzaileek egitarau zabala prestatu dute bertaratzen direnen gozagarri eta, gainera, badirudi eguraldiak ez diola mugarik jarriko Iparraldeko ikastolen aldeko jaialdiari.

Senpereko lakura gerturatzeko deia egin zien atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoar guztiei, aurtengo festak "helburu estrategikoa" duelako: Xalbador kolegioaren egoi-tza berritzea. Izan ere, Kanboko ikastetxearen instalazioak zabaltzeko sustengua lortu asmoz prestatu dute igandeko Herri Urrats. Hainbat gurasoren elkarlanari esker sortu zuten ikastola 1980ko hamarkadan eta, Diputazioaren arabera, "auzolan hari segida emateko modua izango da" bihar.

Bildutako dirua Xalbador ikastegiko berrikuntzak ordaintzeko erabiliko da, beraz, iazko edizioaren eta heldu den urtekoaren gisara. Bigarren hezkuntzako kolegioa da Xalbador, hamaika eta hamalau urte bitarteko haurrak jasotzen dituena, eta 1987an erosi zuen guraso talde batek, berme gisa beraien etxe pertsonalak hipotekatuz.

Egun, 260 ikasle ari dira bertan, eta urtero 20 gehiago sartzen dira, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak jakinarazi zuenez. "Ez du aski gaitasun, dena berritu beharra dugu, eta zati bat bertan behera bota. Eraikuntza lan garran-tzitsuak hasi ditugu jada, nahiz eta oraindik dirua lortu ez". Guztira bost milioi eta erdi euroko lanak izango dira: horietatik milioi bat eta erdi Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak emango du, eta gainerakoa mailegu bidez lortzeko asmoa dute, "nahiz eta bankuekin maileguak egiteko ez diren garai onenak".

beste ikastola bat Azken hamarkadetan, Iparraldeko ikastolek Gorostiagak "iraultza lasai" gisa izendatu duen zerbait bizi izan dute; izan ere, ikasle kopuruak "etengabe eta handizki" egin du gora ama ikastoletan zein lehen mailetan eta, azkenaldian, kolegioetan ere sentitu dute efektu positibo hori. Hala, Ziburun (Lapurdi), Kanbon (Lapurdi) eta Larzabalen (Nafarroa Beherea) dituzten ikastetxeez gain, laugarren bat sortzeko asmoa ere badute.

Gisa berean, Baionako lizeoa (15-18 urte bitartekoei zuzendua) ere honezkero txiki geratzen zaiela uste du Gorostiagak, eta Herri Urratsek "agintariei pauso berriak emateko" balio behar lukeela iruditzen zaio.