Poesia Kaia jaialdiaren bosgarren edizioa ospatuko da Lezon aste honetan. Ekimen honen baitan bi hitzordu ipini dira: Azaroaren 6an, ostegunean, 19.00etan Kultura Aretoan Mugako poetika solasaldi poetikoa eskainiko dute Jokin Muñoz eta Maddi Muñozek eta azaroaren 8an, larunbatean, 19.00etan Gezala Auditoriumean, poesia errezitaldia izango da Berta Piñán, Rakel Pardo eta Sara Uribe-Etxeberriarekin. Saioa amaitzean Oiasso boskoteak Mozarten K.581 sinfonia interpretatuko du.
Ainhoa Salaberria Kultur teknikariak aurkezpenean azaldu zuenez, bi saioak doakoak izango dira, baina larunbateko ekitaldirako gonbidapenak hartu beharko dira Lezoko Udalaren webgunearen bidez edota Kultura Sailan 8.30etik 13.30era.
Belaunaldiartekotasuna
Balea Zuria talde antolatzaileko Juan Ramón Makusok aurtengo edukien inguruan xehetasun gehiago eman zituen: “Generazioen arteko zubiak oso presente egongo dira aurtengo edizioan. Jokin Muñoz eta Berta Piñán ibilbide luze eta oparoko idazleak dira, baina pozgarria da gazteen presentzia badagoela ikustea”.
Maddi Muñozek irakurketa dramatizatua egingo du Jokin Muñozen hitzaldiarekin batera, solasaldi poetikoan. Bestalde, Pardo eta Uribe-Etxeberriak ere beste ikuspuntu bat ekarriko dute errezitaldira.
Bost urteko ibilbidea
Aitzol Saizarrek, Lezoko Udaleko Kultur zinegotziak, azpimarratu zuenez, Poesia Kaia jaialdia urtez urte sendotuz joan da: "Azkar esaten da bost urte, baina oso pozgarria da bosgarren urtez poesiari agenda kulturalean lekua egitea. Hain ohikoa ez den diziplina honi lekua egin eta herritarrentzat poesiara gerturatzeko espazioa sortzea da helburua”.
Saizarrek adierazi zuenez, “Udalak apustua egiten du kulturaren alde, baina poesia gertutik ezagutu eta bizitzen duten profesionalen lana beharrezkoa da”.
Amaitzeko, Kultur zinegotziak herritar guztiak ekitaldietara bertaratzera gonbidatu zituen.