Patrícia Gomà Generalitateko Hezkuntza Kontseilaritzako idazkari nagusiak aldarrikatu du, Kataluniako bi eskolen hizkuntza-proiektua baliogabetzea “aplikaezina” dela arau-esparru berrian, ez dituelako portzentajeak onartzen, eta katalana delako normalean komunikazio-hizkuntza, eta gaztelania, aldiz, curriculum-hizkuntza.

Rac 1 irrati-katean atzo, asteazkenez, eskainitako elkarrizketa batean egin zituen adierazpen horiek, asteartean Auzitegi Gorenak ez zituelako tramitera onartu Generalitateak Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 2021eko martxoan emandako epaien aurrean aurkeztutako kasazio-errekurtsoak. Epai horiek Bartzelonako eta Abrerako (Bartzelona) bi eskola publikoren hizkuntza-proiektuak baliogabetzen zituzten.

“Generalitateak jarritako errekurtsoak ez onartzera mugatu da Auzitegi Gorena. Baina orain beste garai batean gaude, arau-esparru berri bat onartu da, eta, beraz, ezin dira aplikatu aurreko testuinguru horretan emandako epaiak”, esan zuen Gomàk, auzitegia arazoaren muinean sartu ez izana salatuz.

Baita ere aipatu zuen, familiaren batek gaztelaniaren %25a aplikatzea eskatu zuten hamar bat eskolatan indarrean zeuden kautelazko neurriak baliogabetzeko eskatu diola Generalitateak Auzitegi Nagusiari, eta epai irmoa duten dozena bat zentroetan nola jokatu aztertzen ari direla.

“Justizia hain motela izateak eragin du istilua, gauzak gertatu eta hurrengo urteetan egiten dituelako bere prozedurak. Errealitatea askoz azkarragoa da, askoz ere dinamikoagoa, eta sententziak gero etortzen dira, testuinguru erabat desberdina dagoenean”, salatu zuen.

Arautegi berria Catalunya Radioko elkarrizketan Gomak esan zuenez, irailean Auzitegi Gorenak Generalitatearen beste helegite ba-tzuk ere atzera botatzea aurreikusten omen du, joan den asteartean Bartzelonako eta Abrerako zentrokoekin egin bezala.

Argi adierazi zuen bi eskola horietako zuzendaritzek ez dutela deus aldatu behar: “Ez dute aplikatu behar, epai horiek aplikaezinak direlako”, esan zuen.

Arau-esparru berria

Konstituzioari ongi egokitzen zaiola azpimarratu zuen, eta ikasleek katalanez zein gaztelaniaz beharrezko gaitasunak eskuratzen dituztela; eta, amai-tzeko, “hizkuntza judizializatzeari uzteko” eskatu zuen. – M. Tolosa