Mundua ulertzeko marrazten du Oñederrak. Zinemagintzara horrela heldu zen eta bere azken lana ere pandemia garaian inguruan gerta-tzen ari zena ulertzeko ahaleginetik dator. Atzera begira jarrita, autore animazioa egitearen sakrifizioaz eta krudeltasunaz aritu da, nahiz eta aitortu duen Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) lana ospatzeko gogoz ere badagoela.

Nola bizi zian duzu aurtengo Zinemaldia?

Desberdin. Aurten epaimahaikide izan naiz Zuzendari Berriak sailean eta bestelako ardurak izan ditut. Film laburrekin eta akreditazioarekin joan naizenean lasaiagoa izan da, hau biziagoa izan da. Asko ikasi dut eta oso esperientzia polita izan da, baina orain nekea somatzen dut.

Zure azken lanak Zabaltegi-Tabakalera sailean egon dira, baita aurtengoa ere. 

Proiektu arriskutsuen saila da. Denetarik aurkitu daiteke: izen handiko zinemagileak, pelikula luzeak eta laburrak elkarrekin lehiatzen... Oraingoan bi multzo egin dituzte laburrekin eta interesgarria iruditu zait garrantzia hori ematea. Posible da laburrekin jendea zinemara gerturatuko duen sesio interesgarriak antolatzea. Gainera, labur horietako asko ikusteko aukera bakarrenetakoa izaten da, gero ez direlako estreinatzen. 

Donostian baino lehen Annecyn egon zinen ‘Etorriko da (eta zure begiak izango ditu)’ laburrarekin.

Animazio jaialdietan gailurra da, festibalik garrantzitsuena. Ohorea da bertan egotea eta, konturatu gabe, nire pelikulak beti egon dira hor. Alpeen magalean dagoen herri txikia da Annecy, nahiko idilikoa. Egun horietan jende piloa elkartzen da, asko gazteak. Animazioari garrantzia handia ematen diote Frantzian eta aretoak jende gaztez gainezka egoten dira. 300 pertsona egon daitezke zure pelikula ikusten.

Nire buruan ulertzen ez dudan zerbaitetik abiatzen naiz, eta gauzak ulertzeko nire modua marrazkiak egitea da

Bestelako pisua du animazioak gurean.

Oraindik ere animazioa umeekin lotzen da. Egia da plataformetan gero eta ohikoagoa dela publiko helduagoari zuzendutako animaziozko pelikulak eta serieak ikustea, baina oraindik jendeak aurreiritzi handiak ditu. Gainera, guk autore animazioa egiten dugu eta hori oraindik eta urrutiago dago publiko orokorretik

Osasuntsu al dago euskal animazioa?

Oso desberdina da industriarentzat egiten den animazioa -gehien bat Euskal Herrian umeen-tzako egiten dena eta betidanik egon dena- eta helduentzako animazioa. Isabel Hergueraren Sultanaren Ametsa-k industriaren tresnak har-tzen ditu, baina autore animazioa da. Plano bakoitza oso zainduta dago, eta horrek kostu handia du. Harro egon beharko genuke norbaitek hartu duelako animazio hori sortzeko denbora guzti hori. Ni ez nago industrian, nire produkzioak oso txikiak dira. Guk egiten ditugun lanak film luze bihurtzeak ez du konpentsatzen, zainduegiak dira industriaren denborentzako.

Nolakoa da zure lan egiteko modua?

Arte Ederretatik natorrenez, gidoiari baino irudiari ematen diot garrantzia. Nire buruan uler-tzen ez dudan zerbaitetatik abiatzen naiz eta gauzak ulertzeko nire modua marrazkiak egitea da. Hortik informazioa jasotzen dut, errepikatzen den zerbait, progresio bat… eta story board bilakatzen dut. Ostean, animatika bilakatzen dut Alots Arregirekin batera, hau da, planoei denbora tarte bat zehazten diegu. Gero hasten gara animazioa egiten: lehenengo oso eskeletikoak diren pertsonaiak, mugimenduarekin erlazioan baina aurpegirik gabe. Jarraian lerroak datoz, kolorea, fondoak… pixkanaka plano guztietan egiten goaz, baina ez kronologikoki. Javier Ucar hasieratik hasten da soinua eta amaieran Eduardo Elosegui arduratu da postprodukzioaz. Oraingoan gorputzen bidez mugimendua adierazten espezializatua den animatzaile bat kontratatu dugu, eta bestelako lanetan ere kanpoko laguntza izan dugu.

Umeek presentzia bereizgarria dute pelikulako hainbat eszenatan, eta egunerokotasuneko hainbat detaile ageri dira

Urteak eman dituzue 13 minutuko pieza bat egiteko.

Isabel Herguerak beti esaten du pelikulak azken momentuan hondatzen direla, lana azkar amaitu nahi izateagatik. Urteetako prozesu luzeak dira eta gainean egon behar da, baina oso nekagarria da, hainbeste luzatzen da ezen guztiaz nazkatu egiten zaren.

Sakrifizio handia da.

Animazioak inurrien antzera jardutea eskatzen du, emaitza gisa hain denbora tarte txikia lor-tzeko. Niretzako karga bihurtzen da horrela luzaroan ibiltzea. Ez daukat gaitasunik proiektuak modu ekonomiko batean egiteko, dena ematen dut denbora guztian. Lan bat bukatzean konturatzen naiz bi urte igaro direla eta jendeak gauzak egin dituela, baina nik zulo batean egon izanaren sentsazioa dut. Badauka gauza oso krudel bat, baina bizioa ere bada.

Laburtuko zenuke pelikularen mamia?

Istorioa oso sinplea da. Behe-laino bat komunitate batean sartu eta eraikinen behealdean gera-tzen da. Ahal dutenak terrazetara igo eta ohar-tzen dira han bizi daitekeela, ez dagoela lainorik eta eguraldi ona egiten duela. Pertsona zuri pribilegiatuak gora igotzen dira eta gainerakoak behealdean geratzen dira, baina badago langile bat beheko mundutik goiko mundura ibiltzen dena gora eta behera. Edozer gauza egiteko gai da goiko munduak eskatzen badio, bizirauteagatik, nahiz eta agerikoa den behe-lainoa oso pozoitsua dela. Istorioa langilearen ikuspuntutik jasoko dugu, eta bizitzeko gero eta kaltegarriagoa den mundua erakutsiko digu, distopia moduko bat.

Distopia da, baina ez dago egungo errealitatetik horren urrun.

Pandemia garaia gogoan hartuta eta krisi klimatikoarekin, ez da horren irreala. Pelikulak horrelako egoeren aurrean zelan jokatzen dugun aztertzen du. Pribilegiatuak aisialdian daude, elkartzen dira baina ez komunitatea eraikitzeko, carpe diem moduko bat ematen du, “bizi dezagun momentua datorrena datorrelako” bat.

Kritika eta umorea ere ageri dira, orduan.

Langileari eskatzen dioten lanetako bat da terrazetara igo eta bandera bat altxatzea. Komunitateak elkartasun moduko bat erakusten du, baina pelikulak iseka egiten dio horri, ez duelako ematen zerbait egiteko asmorik dutenik, elkartu eta ereserki bat kantatu baino ez.

Nondik edan duzu kolapso eta krisi giro hori osa-tzeko?

Lehen marrazkiak pandemian egin nituen. Marrazten nuen bitartean entzuten nuena gakoa izan zen gertatzen ari zena ulertzeko. Hori hor geratu zen eta, nahiz eta pelikulak baduen horrekin zerikusirik, inguruan ditudan gauza guztiek inspiratu naute. Esaterako, behin esan zidaten arratoiek leku batera joan aurretik kumea bidaltzen dutela, salbu dagoela ziurtatu eta beste guztiak atzetik joateko. Hori filmean ikusten da, umeek presentzia bereizgarri bat dute pelikulako hainbat eszenatan. Horrelako detaileak ageri dira, egunerokotasunetik datozenak.

Hainbat erreferentzia zuzen ere badaude.

Berdetasuna adierazteko Hitchcocken Vertigo-tik edan dut, eta izenburua Cesare Paveseren poemari erreferentzia zuzena da. Gauza asko pegatzen dira pelikulan. Etengabeko bilaketan zaudenez, buruan erantzunak pilatzen zaizkizu, eta ia konturatu gabe harrapatzen dituzu. 

Nondik datorkizu animazioa egiteko grina?

Nire lehenengo pelikula Erasmusen egindako marrazki batzuekin hasi zen. Begoña Vicario zegoen han eta hainbeste gustatu zi-tzaizkion marrazkiak ezen esan zidan mugimenduan jar-tzen banituen elkarrekin ekoitziko genuela pelikula. Nik ez nuen proiektuan sinisten, baina tematu egin zen, eta egin nuen. Ez zitzaidan marrazkiak animatzea kostatu, niretzako sortu nituelako. Inguruan ulertzen ez nituen gauza asko nituen, eta denbora librea. Akaso etxean egon izan banintz ez nituzkeen egingo. Pertsonaia aldrebes xamarrak zirenez, aldrebes mugiarazteak nahiko logika zuen. Nire marrazkiak ziren eta banekien nola mugitu. Hori izan zen arra, Vicarioren erruz, izan ere, bizitzaren parte handi bat kentzen dizu honek.

Baduzu zure lanen artean kuttunenik?

Maitasunez gogoratzen dut pelikula hura, baina oso gaztea zen buru batek pentsatutakoa da. Ikusten dudanean samurtasunez gogoratzen dut, iraganeko ni harekin hitz egiten jartzen naizelako pertsonaien bitartez. Hala ere, azken honekin geratuko nintzateke, eta esango nuke pelikula bakoitza beharrezkoa izan dela hurrengoa egiteko, beti ikasten duzu zerbait.

Hurrengo lanean pentsatzen ari zara ala atseden hartuko duzu?

Hau bukatu nuenean nire buruari esan nion ez nuela besterik egingo, oso nekatuta nago. Jendeak esaten dit pasako zaidala, baina orain disfrutatzeko unea da. Ez nahiz gauzak ospatzekoa, baina bada garaia.

Amaitzeko, baduzu irakurleentzako gomendiorik?

Animazio irakaslea naizen heinean, oso interesgarriak iruditzen zaizkit Caroline Leafen pelikulak. Genio bat da, teknika zuzenekin mundu ikusgarriak sortzen ditu. Gogoak ditut ikusteko Maria Trenorren Rock Bottom, Zinemaldian ezin izan bainuen ikusi. Oso pelikula berezia eta zatarra da, ematen du zerbait kontatzearen larritasunak eragindako pelikula dela, ez estetika zaindu baten bilaketa. Bestalde, Zuzendari Berriak sailean ibili naizenez, hainbat zuzendariren lanak gure zinemetan ikusteko gogotsu nago, zain egongo naiz.