Ikasle berriei harrera egokia eskaintzeko hezkuntzako hainbat profesionalek zailtasunak zituztenez, 2023-2024 ikasturtearen hasieran kezka azaldu zuten. Orain, Urretxuko Udaleko Gazteria sailak gaiari heltzea erabaki du.
Harrera Protokolo bat zehaztea izan zen lehen ideia, baina lan tresna zurrunegia izan zitekeela iritzi zitzaion. Hori dela eta, parte hartzea bermatu zezan, Harrera Eremua prestatu du: hasieratik bertatik, hezkuntza komunitate osoak landuko duen lan ildo moldagarria.
Egitasmoa Gizarte Zerbitzuetako Aniztasun eta Bizikidetza sailarekin koordinatzen ari da, eta prozesuak zein garapenak parte har-tzea dute oinarri. Parte hartze saioak Urretxu eta Zumarragako ikastetxe guztietan egin dira. Parte hartu duten etorri berri izandakoak eta autoktonoak Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHko 4. mailara bitartekoak dira. 56 haur eta nerabek hartu dute parte. Saioak sailetako teknikariek dinamizatu dituzte.
Txostena
Parte hartze saioek emandakoak txosten batean jaso dituzte eta profesionalekin eta haur eta nerabeekin ondorioak lantzen ari dira. Baita Harrera Eremuak izan beharko lituzkeen helburuak eta aurrera begirakoak ere. Joan zen asteartean profesionalen parte hartze saioa izan zen. Bertan, ikastetxeetako ordezkariak, Maialen Fidalgo Herritarren Batzordeko zinegotzia, Gizarte Zerbitzuetako koordinatzailea, Gazteria, Euskara eta Aniztasun eta Bizikidetza teknikariak, Badalab hizkuntza berrikuntza laborategiko teknikariak, Aldundiko haur, nerabeen eta gazteen zerbitzuko teknikariak eta SOS Arrazakeriako ordezkariak izan ziren. Haur eta nerabeen parte hartze saioa ere maiatzean izango da. Ondoren, Harrera Eremuaren datorren ikasturteko plana aurkeztuko dute.