Sailkapen fasearen ostean, irailaren 14an hasiko da 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Urretxun. Finala, aldiz, Donostiako Illunben jokatuko da, abenduaren 14an. Horrela eman dute aditzera gaur, ostegunarekin, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakari Asier Azpirozek eta Foru Aldundiko Kultura diputatu Goizane Alvarezek, Foru Aldundiko jauregian eskainitako aurkezpenean. Guztira 48 bertsolari arituko dira kantuan, eta horietako 34k udaberrian jokatutako Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela –orduan, guztira 74 bertsolarik parte hartu zuten–. Gainontzekoak, orain bost urteko txapelketatik zuzenean sailkatutakoak izango dira. Gainera, 15 gai-jartzaile, 16 epaile, lau idazkari eta laguntzaile ugari arituko dira lanean. Irailaren 14tik abenduaren 14ra, 16 saio egingo dira: zazpi final-zortziren, bost final laurden, hiru finalaurreko eta, azkenik, final handia, Illunben. Soilik zortzi parte-hartzailek eskuratuko dute Donostiako azken saiorako txartela.
Ohikoan lau urtetik behin ospatzen bada ere, oraingo honetan bost urte pasa dira, pandemia medio, Gipuzkoako azken Txapelketa jokatu zenetik. “Tarte handia da eta Gipuzkoak eta bertsolaritzaren ekosistemak behar du txapelketa hau”, esan du Aizpuruak. Lehiaketak, bere esanetan, bertso eskolak sendotu eta “mugimenduari arnasa ematen dio”.
Sarrerak
Faseetarako sarrerak gaur bertan jarri dira salgai bertsosarrerak.eus atarian. Saioak jokatuko diren herrietan (Urretxu, Lasarte-Oria, Lazkao, Elgoibar, Hondarribia, Andoain, Azpeitia, Eibar, Errenteria, Azkoitia, Irun, Tolosa, Oiartzun, Zarautz Arrasate eta Donostia), leku jakin batzuetan fisikoki erosteko aukera ere izango da. Ohikoa denez, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarrera erosterako orduan.
50. urteurrena
Bestalde, Aizpuruak gogora ekarri duenez, haurren lehenengo bertso-eskola sortu zenetik 50 urte bete dira aurten. Eskola hura, Leintz bailaran sortu zen bertako ikastolaren babesean. Herriko guraso talde batek hartu zuen umeak bertsolaritzan trebatzen hasteko ardura. Bertsozale elkarteak aitortu egin nahi die haiek izandako intuizioa, militantzia eta lanerako gogoa. “Haiei esker gaude gu hemen”, onartu du, bertso eskolak transmisioa baimentzen duten taldeak direla gaineratuz.
Urrezko eztei horiek kontuan izanik sortu du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren irudia Unai Gaztelumendi donostiarrak. Leintz bailarako haur eskola horretan ibilitako umeei egindako argazki bat izan du oinarri Gaztelumendik. Ikasle haiek, eskolen arteko txapelketetako parte hartzaileekin batera, Uztapide zenari bisitan joan zitzaizkion bertsolaria handia hil baino hilabete batzuk aurretik. Argazki “historikoa” atera zuten orduan, bertsolaritzaren tradizio luzea belaunaldi berriekin uztartzen zuena. Gaztelumenik, gainera, jende anonimo gehiago ere bildu du bere diseinuan, “bertsolaritzaren aniztasuna eta jendearekin duen konexioa irudikatzeko”. “Bertso eskolei omenaldia eginez, gaurko egunera ekarri dugu irudi hori”, esan du Gipuzkoako Bertsozaleen Elkarteko zuzendariak.