Zestoa eta Urepeleren arteko senidetzea dela eta, horri “zentzua eman” nahian Uztapide eta Xalbador bertsolarien arteko laguntasuna aztertu du modu sakonean Pako Aristik. Ereinek argitaratutako Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburua gaur, asteazkenarekin, aurkeztu da Donostian. Bertan izan dira Xole Aire eta Mikel Arregi, Urepele eta Zestoako alkateak, hurrenez hurren, Inazio Mujika Iraola, Ereingo editorea, eta autorea bera.

Xalbador oraindik ere bizirik dagoela esan du Aristik, Uztapide, ordea, beste plaza gizon asko bezala ez dago hain presente. Ikertzaileak gogoratu du, hamabost bat euskal banda direla Urepeleko artzainaren hainbat koplak musikatu dituztenak. “Ez dago Euskal Herrian beste poetarik hainbeste sorkuntza musikara eramanda dituenik”, dio egileak.

Baina zergatik iraun du Urepelekoaren figurak eta ez Uztapiderenak? Biek bertsotan jarduteko zuten jarrera kontrajarriarengatik dela iritzi du Aristik. Uztapide maisua zen errealitate hurbilari kantatu behar zitzaionean, tradizioa ondo baino hobeto ezagutzen zuen, “hizkuntza ondo baino hobeto menperatzen zuen”, “oso erregularra zen” eta dieselarekin elikatzen zen, berotzen zenean bulldozer bat bezala aritzen zen bertsotan. Xalbador, aldiz, “airekoa” zen, “abstraktuagoa” zen, “filosofikoagoa, poetikoa” eta, ondorioz, ez zegoen bere garaiari hain lotuta. Behin frankismoa bukatuta, iritzi du Aristik, Uztapidek kantatutakoek ez zuten jada plazan tokirik.

Txirritaren txapela

Desberdin aritzen ziren bertsotan, bai, baina oso hurbilekoak izatera iritsi ziren. Elkar miresten zuten, gainera. Xalbadorrek idatzitako Odolaren mintzoa liburuan Uztapideri eskainitako zenbait kopla topa litezke. Modu berean, zestoarraren Sasoia joan eta gero bertso sortan bere lagunaren inguruan idatzitakoak ere badira.

Hamaika urteko tartearekin jaio ziren biak. 1909ko maiatzaren 10ean lehenengoa, Endoia auzoko Uztapide baserrian, Zestoako udalerrian. Bigarrena, aldiz, 1920ko ekainaren 19an sortu zen, Xalbadorrenea baserrian, Urepelen, Nafarroa Beherean, Zestoatik 146 kilometrora.

Hemen bien arteko lehenego parekotasuna: biek hamasei urterekin kantatu zuten beraien lehenengo bertsoa. 1936ko Euskal Herriko txapelketan Uztapide bigarren gelditu zen, Txirritaren atzetik. Urte horretan bota zuen Xalbadorrek bere lehen bertsoa. Txirritari txapela eman zitzaioneko txapelketa horretako gertakari bat argitu nahi izan du. Liburuak badakar berritasun bat, gainera. Saio horretako akta. Uztapideri epaimahaiko kide batek esan omen zion txapela berea zela, baina Txirritari emango ziotela, jada, gizon heldua zelako. Pasarte hori gaurdaino iritsi da eta askotan errepikatua izan da. Aristiren ekarpenak frogatu du, ezetz, puntuen arabera, hernaniarrak legez irabazi zuela. Are gehiago, Uztapideri hura esan ziona nor izan ote zen ondorioztatzeko argudioak ere mahai gainean jarri ditu ikertzaileak.

Hamar urteren ostean, Gerra Zibila eta Bigarren Mundu Gerra behin bukatuta, mugaren beste aldean erbesteratua zegoen Teodoro Hernandorenak, Iparraldean bertsolaririk ote zen jakin nahian, jaialdi bat antolatu zuen Donibane Lohizunen, eta bertan ezagutu zuten elkar Xalbador eta bere bikotekide izango zen Mattin –Uztapide, Hegoaldean, Baxarrirekin ibiltzen zen–. Urte berean, Zarauzko saio batean elkartu ziren lehen aldiz Urepeleko eta Zestoako seme hauek. Halere, baina bien arteko laguntasuna ez hasiko 1949ra arte, Urruñean jaialdia ospatu zen arte. Laguntasun “emankor” horrek 30 urte iraun zuen, Xalbador 1976an hil zen arte.

Bien puntu gorena 1960. hamarkada iritsi zela azaldu du Aristik: “Hamar urte horietan sekulako maila mantendu zuten biek”.

Lau txapelketa antolatu ziren tarte horretan. Lehenengoan, 1960. urtekoan, Uztapide bigarren postua lortu zuen eta beste hiruretan txapeldun geratu zen. Xalbador, aldiz, lehenengoan laugarren geratu zen; bigarrenean eta hirugarrenean, hirugarren; eta azkenekoan, 1967koan, bigarren. “Hor ikus liteke Xalbadorren progresioa”.

Txistuak Xalbadorri

Xalbadorri zazpi minutuz txistuak bota zizkiotenekoak ere jaso ditu Aristik. Hain zuzen ere 1967ko. Gogoratu du nola, Urepelekoak bertsotan eta euskaraz aritzeko Gipuzkoako hizkerara moldatu zen, behenafartar moduak galdu gabe. Xalbador hurbiletik ezagutu zuen Jexux Mari Mujika ere izan da gaurko prentsaurrekoan eta hari honi tiraka gaineratu du Xalbador bizitzan gehien mindu zuen gauzetako bat izan zela bere hizkeragatik onartua ez izatea.

1967an gertatutakoari itzuliz, txapelketa Donostian ospatu zen. Gipuzkoarrak ziren ikusle gehienak eta Uztapideren aurka buruz-burukoan Lazkao Txiki arituko zela uste zuen jendeak. Epaimahaiak ordea, Xalbadorri eman zion finalerako pasea. Txistuak jotzen zituzten bitartean, Zestoako laguna izan zuen beti ondoan Urepelekoak. Zalaparta bukatutakoan, Xalbadorrek hain ezagunak egin diren bertsoak bota zituen:“Zuek ezpazarete kontentu, errua ez daukat ez nik, txistuak jo dituzute bainan maite zaituztet orainik”.

Garai zailetan bi lagunak elkarrekin izan zirela diogu, eta baxenabartarrari hura gertatu ondoren, Uztapide mutu geratu zenekoa etorri zen. 1972an, Anoetako pilotalekuko jaialdian hitzik gabe geratu zen plaza-gizona, zurbil eta ahul. Bihotzeko bat eman zion eta bere ondoan izan zen Xalbador. Hura izan zen Uztapideren azken saioa, plazetatik erretiratzea erabaki baitzuen.

“Zapata berriak, zertarako?”

Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean abestiarengatik ezaguna da nola izan zen Urepeleko artzainaren azken eguna, hain zuen ere, bere herrian bere omenez antolatutako jaialdian. Aristik dioenez, aurretik ere sentitu zuen azkenetan zegoela. Hilzorian aitortu zion bere emazteari testamentu berri bat egina zuela eta hori non aurkitu zitekeen. Aurrez, emazteak berak proposatu zion bere omenaldirako zapata berriak erostea. “Zapata berriak, zertarako?”, galdetu omen zuen. Ez zuen uste behin baino gehiagotan erabiliko zituenik. Arrazoia zuen.