Mikel Mendizabal hizkuntza irakasleak Euskara Orain. Eraginkortasuna helburu liburua argitaratu zuen 2023ko azaroan. Euskara sinplifikatu behar da, hori da liburuaren tesia. Juan Valter Tauli hizkuntzalariaren ideietatik abiatuta eta Xabier Amuriza, Iñigo Lamarca, Haitao Liu eta Jesus Rubio hizkuntzalariak idazletzat hartuta, liburu horretan euskararen egungo egoera aztertzeko aukera dago, baina ohikoa ez den ikuspegi batetik.

Nondik sortzen da liburuaren tesia?

XX. mendean bi gerren artean mugimendu batzuk egon ziren, batez ere Europako ekialdean, non esaten zuten hizkuntza minoritarioak oso ahulak zirela. Beraientzako funtsezkoa zen hizkuntza komunikatiboa, efizientea eta erraza egitea, bestela desagertu egingo baitzen. Bigarren mundu gerra hasi zenean, mugimendu horiek desagertu egin ziren. Valter Tauli, Jesus Rubio eta beste idazle batzuen testuak irakurtzen hasi nintzen eta denek esaten zuten hizkuntzak erraza eta komunikatiboa izan behar duela, bestela jai daukagula.

Zer nolako garrantzi dauka Valter Taulik liburuan eta zure ideietan?

Bere ideiak, zoritxarrez, ez dute arrakasta handirik izan, ez mundu mailan ez Estonian. Hala ere, berak oso garbi zeukan estoniar hizkuntzak muga handiak zituela eta hori aldatu egin behar zela. Horrela, Taulik 6 sintaxi mota aurkitu zituen mundu mailan. Eraginkorrena SAP (subjektua-aditza-predikatua) eta bigarrena ASP (aditza-subjektua-predikatua). Bere teoriak liburuaren oinarrian daude.

Zergatik esaten duzu gai hau "tabua" dela?

Tabua delako. Durangoko Azokan egon nintzenean, Euskal Herriko egunkari anti-sistema bat etorri zen niregana. Hasieran elkarrizketa egin nahi zidaten, baina azkenean atzera egin zuten. Anti-sistemak izanda ere, horrelako gai bat ateratzen denean ez dute ezer jakin nahi. Hori teorian, praktikan arrazoia ematen didate. Orain dela bi aste Baionan izan nintzen hizkuntza elkarte batean eta zuzendariari oso interesgarria iruditu zitzaion gaia. Deitzekotan eta debateak egitekotan geratu ginen. Gaur goizean tabua dela esanez idatzi dit, ezin dela gaiari buruz ezta hitz egin ere. Konbentzitua nago beraiek asmo onarekin egiten dutela, baina asmoa besterik ez da.

Zein da euskararen arazoa?

Arazoa hizkuntzarena edo erakusteko moduarena da?

Seguru biena izango da. Euskara, hemen, erakutsi egiten da eta ziurrenik ez da gaizki irakasten. Jendeak jakin badaki, baina ez du euskaraz idazten ezta hitz egiten ere.

Gero eta gazte gehiagok egiten diote uko euskara batuari. Zer esango zenieke ideia honetaz konbenzitzeko?

Gaur egungo euskara ez da orain 300 urte euskaldun peto-peto batek hitz egiten zuenaren berdina. Sorpresa ederra hartuko genuke. Seguru ez lukeela EGA aterako. Mendebaldeko euskaran aditz potentzialak “ahal”ekin laburbiltzen dira. Adibidez, “etorri ahal da” “etorri liteke”-ren ordez. “Eman ahal dotzut” eta ez “eman diezazuket”. Soilik mendebaldean eta ekialdean erabiltzen duten formulekin, pentsa nola erraztuko litzatekeen euskara. Erraza izateagatik ez du zertan gaizki egon, bestela ingelesa oso gaizki egongo litzateke. Orduan nik dialektoak eta formula errazak erabiltzeko esango nieke.

Hizkuntza bat natiboek hitz egiten dutena da

Euskararen erabilera mugatua, soilik aditzen eta sintaxiaren errua da?

­­Sintaxia eta morfologia aldatzeak asko lagunduko luke. Jesus Rubiok esaten du genitiboek arazo asko sortzen dutela euskaran. Batez ere sintagma luze bat dagoenean. Kasu horretan preposizioak erabiltzea proposatzen du. Oso ausarta da, baina bere egunean euskara batua ere oso ausarta izan zen. Thomas Givon hizkuntzalariak esan zidanez “hizkuntza bat natiboek hitz egiten dutena da, punto”. Kontuan hartu behar da mundu globalizatu batean gaudela. Inmigrazioa geroz eta handiagoa da eta abar. Horregatik, garrantzitsua da hizkuntzak errazak eta komunikatiboak izatea.

Ez al zaizu iruditzen aldatu nahi dituzun xehetasun horiek direla euskara berezi egiten dutenak?

Bai, baina euskara euskaldunek hitz egiten dutena da. Orain urte batzuk “medikua” esatea astakeria zen, “sendagilea” zen zuzena. Hizkuntzak eboluzionatu egiten dira, gauza guztiak bezala. Bizitza honetan gauzak ez dira estatikoak bestela horien heriotza suposatuko luke. Hori da hizkuntza akademiak eta euskararen jerifalte askok nahi dutena, hizkuntza estatiko bat. Haitao Liuk esaten du hizkuntzan bi zaku daudela. Zaku bat dira sentimenduak, kultura, identitatea, etab. Beste zakua eraginkortasuna da.

Mikel Mendizabal Ruben Plaza

Eraginkortasuna helburu

Aditz-sistema murriztean komunikazio gaitasun pobreagoa?

­Garrantzitsuena komunikazio erraza ahalbidetzea eta hizkuntza bizirik mantentzea da. Adibidez, “ni jun supermerkatu” esan genezake eta denok ulertzen dugu. Hori egiten ez badugu euskarak ez du eboluzionatuko. Gure hizkuntza bizirik mantendu nahi badugu aizkora sartu eta efizienteagoa egin beharko dugu. Hurrengo belaunaldiek eskertuko dute. Txinera, adibidez, asko sinplifikatu dute eta hizkuntza garrantzitsuenetakoa da mundu mailan.

Zer formula erabiliko zenuke aditz berriak sorteko edota zaharrak sinplifikatzeko?

Aukera bat aditza aurrean jartzea da. Hala nola, “jan dut” ordez “dut jan” esan. Ingelesean bezala, “I eat” esaten dute, sinplea eta eraginkorra. Xabier Amurizak bere proposamena egiten du 7 ebidentzia birjaiotzarako liburuan eta bere azken nobelan. Bertan praktikan jartzen du aditzen sinplifikazioa. Ez dakit hoberena den ala ez, baina horrelako zerbait da ideia.

Aldakortasuna

Hizkuntzak aldakorrak dira. Zein izango litzateke euskara eraldatzeko metodologia edo nondik hasiko zinateke? Zenbat urte uste duzu iraungo duela aldaketa edo ez da inoiz geldituko?

Pentsaera aldaketatik hasi behar da. Orain 60 urte oso gaizki ikusia zegoen euskarara kanpoko hitz bat ekartzea. Gauza bera gertatzen da aditzekin. Aldaketa ez da inoiz gelditzen, beti egon behar da. Ingelesean adibidez, gaur egun, ez dute “advertisement” esaten, orain “ad” esaten dute sinplifikatuz. Beraiek ez dute hizkuntza akademiarik, bestela ezingo lukete hori egin.

Ze instituzioren interbentzioa da giltzarri ideia hau aurrera eramateko?

Eusko Jaurlaritzarena.

Liburua azaroan argitaratu zenuen. Feedback-ik jaso duzu? Ideiaren aurkako babes ala kontrako iritzi gehiago jaso dituzu?

Jendearekin hitz egiterakoan, salbuespenik gabe, arrazoia eman izan didate beti. Baina gero inork ez du ezer egiten. Modu pertsonalean kritika guztiak izan dira onak. Modu ez pertsonalean, ez. Hau da, ofizialki ez. Adibidez, beste komunikabide batzuei gaia interesgarria egiten zaie, baina elkarrizketa egiterako orduan ezetz esaten didate. Tabu bat dago. Egoera eskizofrenikoa da.