Aiora Sampedro Alegria (Beasain, 1993) Euskal Ikasketetan dago graduatua. Masterra eta doktoregoa Literatura Konparatua eta Literatur Ikasketetan egin zituen. Gaur egun, EHUn Hizkuntzaren eta Literaturaren didaktikaren sailean da irakaslea eta ikertzailea. Harkaitz Cano autore gipuzkoarraren ibilbidea eta euskal literatur sistemaren azken aldaketak ulertzeko gakoak bildu ditu liburu honetan bere tesia oinarri hartuta.

Harkaitz Cano tesian

Zergatik hartu duzu Harkaitz Cano adibidetzat?

Bere belaunaldian, agian Kirmen Uriberekin batera, idazle izatetik soilik bizi den bakarretakoa delako. Idazle gehienak beste lanen bat izaten dute. Harkaitz Canoren kasuan, berak publikoki esan zuenez, idaztetik bitzitzeko erabakia nahita hartu zuen. Kontuan izanda literatura munduan hori egiten dutenek oso murriztuak direla, jakin nahi nuen zerk ahalbidetzen zuen erabaki hori hartzera. Gainera, bere esperientzia publikoki kontatu du eta 25 urteko ibilbidea izan duenez idazletzan, gutxi gora-behera, posible da bere eboluzioa ikustea.

Harkaitz Canok diziplina anitzak landu ditu: poesia, gidoigintza, itzulpengintza, abestien letrak, etab. Zein izan da esanguratsuena euskal literaturan?

Nire ustez narrazioa eta eleberri laburrak izan dira esanguratsuenak. Narrazioa izan ohi da literaturaren adar guztietan erdian dagoena. Belarraren ahoa liburua batzuek nobelatzat definitzen dute, beste batzuentzat eleberri korala omen. Harkaitz Canoren ustez, ordea, ipuin nortasuna dauka. Paradoxikoa da. Generoez aparte, deigarria iruditzen zait, bere aipuz, irabazi duen saririk garrantzitsuena Urruzuno Saria izan zen, idazten duten ikasleen beka. Horrek bultzatu omen zuen idaztera.

Aiora Sampedro Alegria, EHUko irakaslea Jose Mari Martinez Bubu

"Harkaitz Canoren ibilbidea 'sui generis' samarra da. Askotan sistema literario batek eskatuko ez lukeena argitaratzen du"

Bere lanak euskal sistema literarioa eraldatu du modu batean edo bestean?

Uste dut bere ibilbidean sui generis samarra dela. Askotan sistema literario batek eskatuko ez lukeena argitaratzen du. Adibidez, orain gutxi soneto poesiagintza idatzi zuen. Komikiak ere idatzi ditu. Ez dakit bere buruari zailtasuna jartzen dion ezta ekarpena bezala definitu dezakegun, baina bistakoa bada behintzat, artista bezala bere interesa zabalagoa dela.

Zer garrantzi du Itamar Even-Zohar inbestigatzaileak zure tesian?

Itamar Even-Zohar ikerlari israeldar bat da, Tel Aliv unibertsitatekoa. Duela urte asko oso emankorra izan zen bere teoria euskal literaturan. Bertan sistema literarioaren egiturak deskribatzen ditu. Tesian Even-Zohar garrantzitsua izan da bere teoria euskal sistema lilterarioa aztertzeko erabili baitut, hau da, berak aipatzen dituen egiturak jarraitu ditut. Oinarri-oinarrian dago.

Tesi batetik liburu batera

Zein izan da zure prozesua liburu hau argitaratzeko?

Masterrean ikusi nuen maite duzun gai bat era sistematikoago batean aztertu daitekeela, nire kasuan euskal literatura. Bertan sortzen zait kuriositatea eta erabaki nuen ibilbide esanguratsua izan duen idazle bat aztertzea. Ondoren, liburu formatuan argitaratzeko aukera sortu zen. Euskal sistema literarioaren ikuspegitik gehien nabarmendu dezakedana eskuzabaltasuna da. Edonori deitzen diozu bere lanari buruz galdetzeko eta pentsatu gabe laguntzen dizute. Harritu eta poztu egin ninduen horrek.

Euskara eta literatura

Zein da euskal sistema literarioaren arazo nagusia? Zertan bereizten da beste hizkuntza sistemetatik?

Hiztun kopurua esanguratsua da. Gogoan dut, behin nire herritik Donostirako trena hartu eta, Iban Zalduaren euskal sistema literarioari buruzko liburu bat irakurtzen barrez hasi nintzela. Ondoan zegoen mutil batek zer irakurtzen ari nintzen galdetu zidan. Liburua erakutsi eta azaldu nionean, harrigarria iruditu zitzaion inork horrelako liburu batekin barre egitea. Euskaldun batzuentzat euskal literatura misterio bat da edo serioegia dela uste dute. Letra-irakurleak falta zaizkio. Gaur egun, industriaren ahultasun orokorra hizkuntza guztietan antzematen da.

Zer uste duzu behar duela euskal literaturak irakurle gehiago edukitzeko?

Horren erantzuna bageneki konponbidea jartzeko moduan geundeke. Eskola da transmisore nagusia eta askotan eskolari gehiegi eskatzen diogu. Badakigu haurrek euskaraz irakurtzen dutela eta hazten doazen heinean atxikimendu hori murriztu egiten dela. Beraz, gaztaroan atxikimendu hori galtzeko zer gertatzen den ikusi beharko litzateke eta nola saihestu daitekeen aztertu.

Euskaraz idatzitako liburuak arrakasta gehiago dute euskaraz edo gaztelaniara itzuliak?

Hori era kualitatiboan eta kuantitatiboan ikusi dezakegu. Kuantitatiboan, hizkuntza batek hiztun gehiago baditu testu batek ere aukera gehiago ditu irakurle kopurua handiagoa izateko. Baina hiztun kopuru guztiekin konparatuta, litekeena da arreta hori hain deigarria ez izatea. Nire iritziz euskal idazleak arreta gehiago izaten dute euskal eremuan gaztelaniara itzultzen dituztenean baino. Erlatiboa da.

Euskara batuan idaztea zerikusirik dauka irakurle gutxi izatearekin?

Ez dut datu nahikorik galdera horri erantzuteko. Ez dakit euskalkietan idaztea zer punturaino den esanguratsua. Gainera, euskalki batzuk beste batzuek baino prestigio handiagoa dute. Esate baterako, Nafarroako idazleek, nahiz eta euskara batuan idatzi, Nafarroako dialektikaren ezaugarriak atxikitzen dituzte, eta horregatik ez dira gehiago irakurtzen. Beraz, ez dakit lotura zuzena izan dezakeen.

Euskal literaturan ez dago 'best seller'-ik. Zergatik?

Jon Kortazarrek ‘Diglosia eta Euskal literatura’ liburuan diglosiaren ikuspegitik lantzen du Iban Zalduaren ideia bat. Hala nola, hizkuntzak utzi duen agoniagatik, baita hiztunek nahi gabe uzten diegun pisuarengatik, hizkuntza salbatzeko modua bailitzan ikuste dute idazleek literatura. Horregatik, mainstream bezala hartu daitezkeen literatura lanak sortzea oso astuna gertatzen zaie. Gainera, irakurle kopuruak beti du zerikusia.

Euskal literaturan, oraindik ere, gizonezkoak dira gehien publikatzen dutenak. Zergatik desberdintasun hori?

Uste dut letretako gizartea modu horretan dagoela egituratua. Idazleen datuak ematen ari naiz. Belaunaldi gazteagoetan horrela banatu zen, baina egia da orain emakumeen presentzia areagotzen ari dela. Ez nuke jakingo esaten, letretan desberdintasun hori zergatik den hain nabaria. Pentsatzen dut baduela nolabaiteko zerikusirik pertsonaia publikoaren izaera horrekin edo kulturak ematen dion esanahiarekin.

Sistema literarioa

Zergatik uste duzu profesionalki idazteari dedikatzen diren hain idazle gutxi daudela?

Ekonomikoki ez delako bideragarria. Erantzun nagusia hori izango litzateke. Bestetik, Iban Zalduraren (Euskal) literaturaren alde (eta kontra) liburuan gai honi buruz mintzatzen da. Bertan, idazle profesional eta ez profesional izatearen eztabaida egiten da pertsonaia publikoa izatearen edo ez izatearen onurak eta desabantailak aipatuz. Hor egon daiteke erantzuna era sinbolikoago batean.

Beste kultura adierazpen batzuetan euskarak 'boom' bat izan du. Literatura munduan, ordea ez.

Egia esan, irakurketa gainbeheran dagoen industria delako gertatuko dela esango nuke, eta segur aski orain serieak edo musika mainstreamak direlako. Hori izan daiteke baina ez dakit zehatz mehatz.

"Euskaraz argitaratze hutsa euskal sistema literarioa defendatzea da"

Boterea garrantzitsua da sistema literarioan?

Agian era sinboliko batean. Pertsonaia publiko izateak ekar lezakeen garrantzi kultural horregatik, baina bestela, ia gainbeheran datorren industria batean, ez dakit zer puntutaraino den horren esanguratsua.

Zein argitaletxek sustatzen du gehiago euskal sistema literarioa?

Horretan bakoitzak bere ikuspuntua izango du. Euskaraz argitaratze hutsa euskal sistema literarioa defendatzea da.