Juan Mari Beltranek bizitza osoa darama musikari lotua. Ezagupen ugari lortu ditu arlo honen inguruan irakasle, musikari eta ikertzaile lanak jorratu ostean; bereziki, aerofono edo haizezko instrumentuen inguruan. Oraingoan, Euskal Herrian historikoki izandako soinu-tresnak jasoko dituen entziklopedia sortzeko erronka dauka eskuartean, beste hainbat aditurekin batera. Argitaratu berri dute lehen alea, flauten inguruan garatu dutena, eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokian aurkeztuko dute, kontzertu gisa, maiatzaren 14an.

Zertan datza proiektu hau?

-Soinu-tresnak Euskal Herri Musikan entziklopedia proiektua da, bost liburukitan argitaratuko dena, eta lehenengoa orain aurkezten duguna da. Euskal Herriko musikan erabili izan diren soinu-tresnen aurkezpen zabal eta eguneratua egin nahi izan dugu. Hezkuntza mailan, ikusi dugu gure herrien kulturan eta historian badagoela musika eta soinu-tresnen atala. Eta aurretik lan interesgarriak egin dira, baina ez dago halako lan orokorra, non soinu-tresna guzti hauek agertzen eta aurkezten diren: historia, ezaugarriak, hotsak eta irudiak dituena. Lan-talde potente xamarra lortu dugu, gaia ezagutzen duena eta, gainera, aditua dena.

Nolakoa da entziklopedia honen banaketa?

-Jada lehenengo atala argitaratu dugu; aerofonoen artean, haizezkoak esaten ditugun tresnen artean, flauta motakoak bakarrik ditu. Bigarren atala, bestelako aerofonoei buruzkoa izango da; hau da, alboka, dultzaina edo akordeoi modukoak. Hirugarren liburukia menbranofonoena izango da; hor, danborrak, panderoak, zanbonbak eta guzti horiek agertuko dira. Laugarrena idiofonoei buruzkoa izango da; hor joango dira txalapartak eta toberak, baita tronpak ere. Bostgarrena kordofonoena izango da; sokazko, harizko soinu-tresnena. Bost, sei urtetan, dena kanpoan egotea espero dugu. Oraingoa, printzipioz, 2021ean, abenduan aurkeztekoa zen; pixka bat atzeratu da. Urtea bukatu baino lehenago, bigarrena aurkeztu nahi dugu.

Zergatik dago lehen alea flauta diren aerofonoen inguruan egina?

-Soinuenean soinu-tresnen erakusketa batantolatua daukagu , bisitari asko izan dituena eta izaten ari dena. Hori antolatu genuenean, ikusi genuen gure herri-musikan soinu-tresna asko direla aerofonoak eta gure bisitaren ibilbidea hortik abiatu genuen. Hori egiterakoan, flautek ia-ia beste guztiek okupatzen duten haina okupa-tzen dutela konturatu ginen . Bestalde, egia da gure herri musikan badaudela soinu-tresna batzuk, adibidez, txistua eta xirula, presentzia handia daukatenak gure herri-musikan. Guk prestatutako erakusketa horretan oinarrituta, bertako espazioak izango dira gero entziklopediako liburukiak. Orain aurkezten duguna, alde batetik, liburu formatuan argitaratua dago; liburu eta audio-CD bat, hor aurkezten diren soinu-tresnen musika duena. Baina maiatzaren 14rako espero dugu formatu digitalean, gure web orrian, ere bukatua egotea. Eta hor informazio gehiago agertuko da, liburuan agertzen ez dena. Audio gehiago entzuteko aukera izateaz gain, filmazioak ere agertuko dira.

Zure 1999ko lanarekin zerikusirik badu? Jarraipena da ala guztiz ezberdina?

-Guztiz ezberdina ez, noski, baina badu askoz ere informazio gehiago. Liburu hartan, testua besterik ez zen; testua eta argazki batzuk. Orain, askoz ere argazki gehiago daude, formatu digitalean ere bai, baita audioak ere. Lan hura momentu hartan egindako saiakera izan zen. Hura nik egindako lana izan zen; orain jada talde bat dago: Orkatz Arbelaitz, Itziar Navarro, Joseba Zabaleta, Iñaki Eguren, Aitor Larrañaga, Aingeru Berguices....

Zer espero dezakete maiatzaren 14an bertaratzen diren ikusleek?

-Jende asko dabil honen inguruan jakin nahian; musikazaleak, historia ezagutu nahi dutenak eta abar. Lan honekin, gure helburua informazioa ematea da. Baina bereziki, oso tresna egokia izan daitekeela ikusten dugu musikaren hezkuntzan; gaur egun, tresna hori falta zaie musika erakusten ari diren irakasleei. Hemen, atalez atal, antolatuta izango dituzte soinu-tresnak; historia, ezaugarri akustikoak, zer nolako ereduak izan diren... Soinuenean pentsatu zen zergatik ez zen aurkezten zuzenean, erakustaldi moduko batean. Hori izango dute 14an emanaldira inguratzen direnek. Kontuan hartu behar da laukote formatuan emango dugula kontzertua. Nirekin batera, hiru musikari handi egongo direla; Errege Belda, Ander Barrenetxea eta Aitor Gabilondo. Elkarrekin, hamaika emanaldi mota eman ditugu. Oraingoan, narrazio bat aurkeztuko dugu.

Zein izango da honen egitura?

-Txurubitak egiterakoan kantatzen den kantuarekin hasi eta, hortik aurrera, hainbat flauta mota entzungo dira: Isturitzen orain dela 25.000 urte jotzen zen putreen hego-hezurrarekin egindakoa; Euskal Herria osoan, baina bereziki Araba aldean jotzen zen txifloa eta txilibitua; Zuberoan oraindik ere entzun daitezkeen xirula eta txinpuna; garai batean ohikoa zen zikiratzaileen txilibitua, herria iristen zirenean jotzen zutena; Bizkaia aldean flautia izenarekin ezagutu izan den kanaberazko zeharkako flauta; bereziki barneko guneetan, etxe barneko ganbaretan edo sukaldeetan entzuten zen okarina; aspaldian galdu genuen eta presentzia handia zuenorgano eramangarria, flautaz beteta zegoena; eta, nola ez ba, txistua.Horrela joango da kontzertuaren haria.

Euskal Herrian flauta ezberdin ugari sortu dira. Zergatik? Zein zen erabilera, musika eta aisitik haratago?

-Ez bakarrik gurean. Uste dut munduan ere flautak eta danborrak direla gehien agertzen diren soinu-tresnak. Gurean ere, hala da. Erabilerak, pentsa ezazu; alde batetik, zikiratzaileen txilibituen kasuan bezala, ofizio baten presentzia nolabait adierazteko jotzen zen musika. Bestetan, festa hasiko zela eta ateratzen ziren txistulariak jotzen. Historian zehar, helburu gehiago izan dituzte: langileak nolabait entretenitzea, ospakizunen bat izan behar dela adieraztea, edota herri batean ezkontza izango dela. Musikak herriaren bizitzan presentzia handia izan du eta ez funtzio bakarra.

Beraz, musikarekin lotura handia izan duen herria gara.

-Bai, gurea ez da salbuespen bat izan. Herri kulturak, mundu osoan, zer edo zer nabarmena baldin badauka, musika zein presente dagoen da; herri jardueretan, familia jardueretan eta jarduera pertsonaletan ere, nolako presentzia izan duen. Gurean, musika hala da; beste tokietan bezala, herri-bizitzarekin bat izan da.

Bizitza osoa daramazu musikarekin elkarlanean. Musikari, irakasle ala ikertzaile rola duzu gogokoago?

-Zorte handia izan dut eta denetan aritu naiz . Dena batean, lotua ikusten dut. Kantuak biltzen ibili naiz herriz herri, txistulari, albokari eta txalapartariekin; ikasten eta biltzen. Hori eskolan erabili izan dut, irakasle gisa ibili naizenean, erakusteko. Material didaktiko asko hortik hartu dut. Beste modu batean jotzen ikasi dut musikari horiekin; musika berria egiterakoan ere, eragin handia izan du guzti horrek nigan. Askotan esaten dut, ikasitakoa eskolara eraman eta ikasleekin jolasten, pieza berri asko sortu ditudala. Dena lotua dago.

Etorkizunari begira, entziklopediaren bigarren alea martxan dago?

-Bai, oso aurreratua daukagu bigarren tomoa. Momentu honetan, hor gabiltza bost edo sei, bakoitza bere aldetik. Lana banatua dugu eta gero, partekatu egiten dugu; batak bestearena errebisatzen du eta horrela gabiltza. Urtea bukatu baino lehen aurkeztuko dugula espero dugu.