- Donostiako Orfeoiak kontzertu gogoangarri batekin ospatuko du bere 125. urteurrena, datorren maiatzaren 14an Oñatiko Aran-tzazuko basilikan. José Antonio Sainz Alfarok zuzenduko duen errezitaldiak Tomas Garbizuren Misa Benedicta obra eta Aita Madina, Tomás Aragüés, Pau Casals, Leonard Cohen, Francis Poulenc, Hector Berlioz eta Gustav Mahler konpositoreen hainbat pieza bilduko ditu.
Gerardo Rifón organistak ere parte hartuko du entzunaldi berezi horretan, Donostiako Orfeoiaren 125. urtebetetzearen ospakizunei hasiera emanez. 2022an zehar ekitaldi gehiago egiteko asmorik badu abesbatzak, baina pandemiaren eragina jasan duen efemeride horren ingurukoak zehazten dabiltza oraindik ere.
1897an sortutako Donostiako Orfeoiak ibilbide luzea izan du beraz, baita oparoa ere, askoren iritziz Estatuko eta Europako abesbatzarik garrantzitsuena baita. Bere errepertorioan ehun bat obra sinfoniko-koral dituzte, berrogeita hamarretik gora opera eta zarzuela, bai eta folklore eta polifonia konposizio ugari ere.
1987az geroztik Jose Antonio Sainz Alfaro da zuzendaria, eta, bere aurretik, Secundino Esnaola, Juan Gorostidi eta Antxon Ayestaran izan ziren, Orfeoiak atzo ohar batean gogora ekarri zuenez.
Hasierako izaera amateurrari eutsi arren, Orfeoiak dedikazio profesionala eskatzen du, batez beste 35 eta 40 kontzertu artean eskaintzen baititu urtero. Sarritan parte hartzen du Espainiako musika-jaialdi garran-tzitsuenetan, eta ezinbestekoa da Donostiako Musika Hamabostaldian, horren erakusgarri luzatu zion 1997an Urrezko Domina.
Europako hainbat lehiaketetan parte hartu ohi dute, Londresko Promsean, Lucernan, Ruhr-Triennalen edota Salzburgon, eta kantaldiak ere maiz eskaintzen dituzte Rotterdam, Toulouse, Paris edo Frankfurten.