Adimen artifizial (AA) sortzailea izango da astelehen honetan Bartzelonan hasiko den MWCen edizio honetako izar nagusia; 5G teknologia berriro ere nagusi izango bada ere, “ezustekoak” espero dira etorkizuneko 6Gri begira. “Bi gai nagusik ardaztuko dute aurtengo MWC: erabilera aplikagarrietara bideratutako 5Ga, eta ezustekoak ekarriko dituen 6Ga batetik; eta, bigarrenik, aurten bolo-bolo dabilen AA generatibo edo sortzailea”, azaldu du Eduard Martinek, garapen digitala sustatzeko helburuarekin Bartzelonan egoitza duen Mobile World Capital Fundazio publiko-pribatuaren Konektibitate Adimenduneko zuzendariak.

5G teknologia izan da MWCren edizioetako protagonista azken bosturtekoan, eta aurten teknologia horren erabileraren benetako kasuen erakusketa espero da, eskatzen dituen inbertsio handiengatik teknologia hori ez baita oraindaino nahi adina hedatu. Oraintxe garapen fasean legoke 5G aurreratua deritzona, eta horri, edizio honetan berrikuntzak ekarriko dituen 6Ga gehituko zaiola aurreratu zuen.

Enpresek ezkutuan gorde nahi izaten dituzte kongresu honetarako nobedadeak, baina askok eta askok ezin ekidin izaten dituzte filtrazioak. Horixe gertatu da, hain zuzen ere, Lenovok aurkeztuko omen duen munduko lehen ordenagailu eramangarri gardenarekin, sekretua ahoz aho hedatu delako. AAren aplikazioen aurkezpenak etengabe ikus ahal izango dira MWCen egun guztietan. Aurtengoa, kongresua “sendotzeko” edizioa izatea espero dute, urte batzuetan pittin bat moteldu eta pandemia garaian eten eta gero; tamalez, Bartzelona sekulako lehorteak jota dabil aurten, eta dagoeneko uraren kontsumo arduratsua eskatu zaie biltzarkideei.

Covidaren eraginez bertan behera geratu zen MWC 2020ko edizioa, eta bisitariak murriztu egin ziren, bereziki 2021ean, eta baita 2022an ere; edizio hau normaltasunera itzultzekoa izatea espero dute, behin Asiako murrizketak amaitu ondoren, pandemia aurreko zifretara hurbildu asmoz.

Ia 2.500 konpainia

2.400 konpainia baino gehiagok erakutsiko dituzte euren aurrerapen deigarrienak, Fira de Bartzelonako ibilbide nagusiko zortzi pabiloitan gauzatuko duten kongresu horretan. Martinen esanetan, MWCk aspaldi utzi zion mugikorren teknologian soilik jarduteari, eta kongresu “anizkoitzagoa bihurtu da, zerbitzu digitalen kontzeptuari zabalduz”. Izena bera ere aldatu egin diote, Mobile izatetik MWC izatera pasata.

Kongresua telekomunikazioen patronalak, GSMAk, antolatu du, eta sektore horretako enpresek zeresan garrantzitsua izaten jarraituko dute. Esate baterako, aurten 100 urte beteko dituen Telefónicak, Open Gateway deiturikoan egindako aurrerapenak aurkezteko baliatuko du; sareak garatzaileentzako plataforma ireki nola bihurtzen diren erakutsiko duten erakustaldiak eskainiko ditu, zerbitzu digitalen belaunaldi berri bat bultzatzeko helburuarekin. Orange eta Vodafone telekomunikazio enpresek, eta Asiako China Mobileren antzeko beste zenbaitek ere, euren berrikuntza printzipalak erakutsiko dituzte. Horiekin batera, Ericsson, Nokia, Huawei eta Samsung enpresa teknologikoek protagonismoa nabarmena izango dute aurtengo edizio honetan ere.

Kongresuan ohikoak bihurtu diren robot tradizionalak ikustea ere espero da, urtetik urtera hobetzen ari direnak, nahiz eta arlo horretan ez den berrikuntza handiegirik aurreikusten.

Metaversoa lausotu

Iaz metaversoarekin piztutako ikusmina lausotu egin da, eta aurten, besteak beste, “biki digital” eran erakutsiko da. MWCapitalen kasuan, mundu birtualean beraien bihotza erreplikatzeko aukera eskainiko die bertaratzen direnei. Teknologia hori oso baliagarria izango da etorkizunean gaixotasunei aurrea hartzeko, bai eta aurre egiteko ere. Esperientzia horretan parte hartuko du Barcelona Supercomputing Center-ek.

5.0 industria, industria-erabilerei aplikatutako errealitate hedatua, garapen industrialaren eta jasangarritasun energetikoaren eskura jarritako AA ere nonahi topatu ahal izango da kongresuan, eta talentua erakartzea ere hizpide nagusi izango da, sektore zenbaitetan profesional espezializatuak aurkitzeko arazo larria sumatzen baita.