Azaroaren 8an, larunbata, minbiziaren aurkako martxa egingo dute Urretxu eta Zumarragako kaleetan. Izen-ematea zabalik dago. 300 lagunek eman dute izena dagoeneko.
Parte hartzaileak 11.00etan abiatuko dira Zelai Arizti parketik eta hiru kilometro osatuko dituzte bi herrietako kaleetan. Musika eskolako trikitxarangak ekitaldia girotuko du. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen Zumarragako egoitzan (Iparragirre hiribidea, 1) eta Urretxu eta Zumarragako kiroldegietan eman daiteke izena. Baita enmarcha.contraelcancer.es webgunean eta ostegunean boluntarioek Urretxuko azokan jarriko duten postuan ere. Izen-emateak 10 euro balio du. Parte hartzaileei kamiseta bat oparituko diete eta jasotako dirua eskualdeko paziente eta senideei laguntzeko erabiliko dute.
Helburuak lau dira: gizartearen parte-hartzea areagotzea jarduera fisiko solidario baten bitartez, minbizia ikusaraztea gaixotasunaren inguruko tabu soziala ezabatzeko, kirolaren bidez bizimodu osasungarria sustatzea eta gizarteari aukera ematea minbizia duten paziente eta senideei babesa adierazteko, ekitaldi hunkigarri eta solidario baten bidez.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen Zumarragako egoitzan doako arreta eta zerbitzuak eskaintzen dizkiete minbizia duten pazienteei eta beraien senideei. Ez da beharrezkoa bazkidea izatea doako arreta eta zerbitzu horiek jaso ahal izateko. Arreta soziala, arreta psikologikoa, material ortopedikoaren mailegua, erretzeari uzteko terapiak… eskaintzen dituzte.
Martxaren aurkezpen ekitaldia Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean egin dute. Edurne Martinez de Treviño martxako arduradunak herritarrak parte hartzera animatu ditu. “Adin guztietako bizilagunek parte har dezakete. Baita maskotek ere”.
Orain arte 300 lagunek eman dute izena. Hori dela eta, pozik azaldu da. “Kiroldegietan, adibidez, jendea elkar animatzen ari da. Larunbatean Zumarragako azokan izan ginen eta han ere oso harrera ona izan genuen. Ostegunean Urretxuko azokan izango gara eta azaroaren 6ra arte kiroldegietan izena eman ahal izango da. Kamiseta egoitzan jaso ahal izango da, bezperan. Baita egunean bertan ere, 10.00etatik 13.00etara. Jendeari izena eguna baino lehen emateko eskatu nahi diot, antolaketa errazteko. 500 parte hartzailera heldu nahi dugu”.
Martxa hasi aurretik, 10.45ean, babesleekin eta udal ordezkariekin argazkia aterako dute. Martxaz eta musikaz gain, salmenta postua izango da. Segurtasuna bermatzeko boluntarioak behar dituztela aipatu du eta babesle eta laguntzaileei eskerrak eman dizkie: Iturrioz eraikuntzak, Elur Aipatu, Smartlog, Talleres Mecanicos Telleria, Ezarri, Goilaser, Eurokarpa, Ederfil Becker, Zumarragako Udala, Urretxuko Udala, Noticias de Gipuzkoa, Goierriko Hitza, El Diario Vasco, Gurutze Gorria, Solan de Cabras eta Irizar.