Arantzazun izan zen atzo Life Oreka Mendian proiektuaren azken mintegia, sei urteren buruan EAEko eta Ipar Euskal Herriko 1.670 hektarea larre-habitaten kontserbazio-egoera hobetzea lortu duelarik.

Europar Batasunak diruz lagunduta, Life Oreka Mendian egitasmoa Eusko Jaurlaritzak gidatu du Haziren bitartez, eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiek ere parte hartu dute, Ihobe eta Neiker sozietate publikoekin batera.

Euromontana elkarteak, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta Nouvelle Áquitaineko Conservatoire d ‘Éspaces Naturels erakundeek ere parte hartu dute.

Natura 2000 Sareko guneetan dauden mendiko larre-eremuak kudeatzeko estrategia bateratu bat garatzea izan da proiektuaren helburua (hamabost EAEn eta zortzi Iparraldean), eremu horien kontserbazio-interesak eta premia sozioekonomikoak bateragarriak diren lekuetan.

Mendiko larreek orokorrean Europa mailan jasaten duten arazoa pairatzen dugu hemen ere, batez ere larratze-eremutzat ustiatzeari utzi zaiolako; izan ere, arazo horrek sastrakak garatzea, espezie inbaditzaileak ezartzea eta sute-arriskua handitzea eragin baitu.

“Ingurumenaren beraren premia da, paisaia beraren premia, eta kudeaketa ona egin behar da abeltzainek probetxurik onena eta jasangarriena atera diezaieten Kontserbazio Bereziko Gune horiei”, adierazi zuen Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak amaierako mintegiaren inaugurazioan.

Egitasmoaren lehen fasean, Sigpastos datu-base kartografikoa diseinatu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) bakoitzerako Larre-habitatak Kontserba-tzeko Plana egituratu zen. Hortik abiatuta, gehiegizko erabileragatik gehiegizko esposizioan eta higadura-arriskuan dauden eremuak bereizi ahal izan ziren, bai eta azpi-garatuta daudenak eta sastrakak nagusitu direnak ere.

Jabeen eta abeltzainen parte-hartze ezinbestekoarekin, informazio-saio, inkesta eta tailerrak egin ziren, datuak bildu eta sektorearen beharrak eztabaidatuz. Oinarri horiek finkatuta, mendiko larreen kontserbazio-egoera hobetzeko ekintza espezifikoak diseinatu ahal izan ziren.

Larre eskari osoak goranzko joera izan duela erakutsi zuen diagnostiko horrek, azken bi hamarkadetan elikadura-eskakizun txikiagoa duen azienda txikiaren (ardi-ahuntzen) artzaintzak behera egin duelako, eta azienda nagusiaren (zaldi-behien) artzaintzak gora egin duelako.

Life Oreka Mendian proiektuak, erabileragatik degradatutako eremuetatik ganadua urrundu, eta hainbeste erabilita ez dauden beste eremu batzuetara erakartzeko ekintzak diseinatu ditu, animalien portaeraren jarraipena GPS lepokoen bidez eginda.

Bide batez, arriskuan dauden espezie batzuen populazioak indartzea ahalbidetu du (Menyanthes trifoliata eta Carex hostiana), eta eskuzko sastraka kentze lanak ere burutu dira, Euskadin galtzeko arriskuan katalogatuta dagoen Daphne cneorum landarea berreskuratzeko.