Plan berri baten arabera, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatuko du gazteenenen kirolan: "Hizkuntza eskubideen erabateko bermerantz aurrera egiteko, eta euskara gure bizitzako esparru guztietan erabili ahal izateko" egingo dutela esan dute.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aurkeztu zuen ekimena atzo Donostian eskainitako prentsaurrekoan. Lagun izan zituen bertan, Amaia Agirre Hezkuntza Ikaskuntzako eta Berrikuntzako zuzendaria eta Leire Gerenabarrena Euskal Kirol Federazioen Batasuneko gerentea.

Zupiriak azaldu zuenaren arabera, kirola "giltzarria" da aisialdian eta eremu funtzional ez formaletan euskararen erabilera susta-tzeko, euskal gazteriarentzat "funtsezko" gizarteratze esparrua delako.

2024. urtera arte garatuko den atzo aurkeztutako plan horrek, 18 urtetik beherako kirolarien entrenatzaileen prestakuntzan eragin nahi du, haien euskarazko prestakuntza sustatuz.

Modulu espezifikoen bidez kirolarien hizkuntza-aktibazioan eragiteko estrategiak helaraziko zaizkie entrenatzaileei, eta aipatu, proiektuan arbitroak, kirol-klubak, federazioak eta gurasoak ere barne hartuko direla.

Besteak beste, futbola, errugbia eta saskibaloia izango dira egitasmoaren ardatzak, izan ere, lehenengoa baita lizentzia gehien dituen kirola, bigarrena euskararen erabilera "asimilatuen" duena, eta saskibaloiak, berriz, gehien praktikatzen den hirugarren kirola izateaz gain, aukera "ezin hobea" eskaintzen du genero-berdintasunaren ikuspegitik, fitxen %43 emakumeenak baitira.

Nolanahi ere, kirol-jardueraren errealitatea oso desberdina izaten denez enklabe eta udalerri bakoi-tzaren arabera, planak errealitate desberdinak kontuan hartuko ditu, errealitate desberdin horietarako "egokiak" diren sustapen-ekintzak abian jarri ahal izateko.

Ekimena garatzeko ardatz nagusiak honako hauek izango dira: euskarazko "prestakuntza", kirol-jardueran euskararen erabilera "indartzea", teknologia berrien bitarteko "berrikuntza", eta gure hizkuntzaren "sustapena".

Atzo aurkeztutako egitasmoaren garapenean, Kultura eta Hizkun-tza Politika Sailak hainbat eragileren laguntza izan du: Hezkun-tza Saila, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, udal teknikariak, kirol federazioak, Real Sociedad, Athletic Club eta Eibar fundazioak, bai eta euskal kulturako beste zenbait eragile ere.

Plana indartzeko asmoz, kanpaina berezi bat jarri da abian Euskara Bihotzetik Ezpainetara lelopean. Hala, kanpaina hori komunikabideetan garatuko da datozen hilabeteetan, eta frogatuko du posible dela euskara erabiltzea beste kirolari batzuekin harremanak izateko, kirolarien eta entrenatzaileen artean eta baita kirolarien eta arbitroen artean ere.