LOKATZ Loreak kolektiboak ikuskizun berria eraman du taula gainera, Janire Arrizabalaga, Izaro Bilbao eta Araitz Katarainen bitartez. Kolektiboaren bigarren ikuskizuna da, eta Itzal(iko) bagina du izenburua. Bertsoa eta antzerkia uztartuta, gorputza, lotsa eta lehia lantzen ditu ikuskizunak, eta izenburuak iradoki bezala, itzalek presentzia handia daukate, pertsonaien barne eta kanpo munduak erakutsaraziz.  

‘Itzal(iko) bagina’. Zer dio izenburuak?

Izaro Bilbao: Nabari den bezala, esaldi baten hasiera irudikatu nahi izan dugu izenburuan. Hala, obran zehar esaldi horren ondorioak edo esaldi hori betetzen goaz eta esaldia bukatuta amaiera ematen diogu lanari. Itzal hitza, berriz, horrelako asko agertzen direlako obran jarri diogu. Itzal horiek pertsonaien barruan, beraien pentsamenduetan, gerta-tzen dena adierazten dute; alegia, pertsonaien barne mundua. Barne eta kanpo munduaren arteko talka edo eztabaida islatzen da. 

Araitz Katarain: Azpitituluak (Zeharkatzen gaituena performatzen) identitate performatiboari egiten dio erreferentzia, zeinak obran garrantzi handia duen. Identitatea eta bakoi-tza zeharkatzen gaituzten gauzak ingurukoenak ere badirela esan nahi du. 

Antzerki formatua du, baina bertsoa presente dago. Bertsoak batu zaituzte?

I.B.: Bertsoagatik eta bertsoaren inguruan ezagutu gara hiruok. Lana antzerki formatuan egin nahi genuen hasieratik baina gidoia bertsotan egin dugu. Gainera, kontatzen den istorioa bertso munduan kokatzen da. Inguru hori da hiruok ezagutu eta ukitzen gaituen mundua. Baina berez, lantzen diren gaiak hortik abiatuta badira ere munduari, gizarteari erreferentzia. 

Lehenengo ideia nondik sortzen da?

A.K.: Lankuk eskatu zigunean emanaldi hau egiteko, hasiera baten ez genekien ondo zer egin. Argi genuen emanaldi bat egin eta ahotsa hartzeko aukera izanik, zerbait pentsatu eta ondo landutakoa izan behar zela. Hortaz gain, trama bat izatea nahi genuen. Egin ditugu halako saio batzuk, eta hortik tiraka, edo lerro horretan jarraitu nahi genuen.

Nolakoa izan da lanketa?

A.K.: Ondo pasatu dugu, oso dibertigarria izan da eta hausnarketarako tarte handia eduki dugu. Bizipenei buruz hitz egiteko baliatu dugu eta harreman handia dugu elkarren artean. Beraz, bakoitzaren interesak mimo handiz landu eta tratatu ditugu eta saiatu gara bizipen pertsonaletatik abiatuta ikuspegi kolektibo bat sortzen. 

I.B.: Lanketa, orokorrean, sutsua izan da. Uda oso bat egon gara gidoia idazten. Ondoren, Iraitz, zuzendari moduan gurera batutakoan eta antzerki forma eman diogunean, aldaketa nabarmena izan da. Umore asko txertatu da emanaldian, eta garrantzia eman diogu horri. Prozesuan zehar guk ondo pasatu dugu eta ikusleari hori transmititzeko nahia geneukan. Aberasgarria izan da. 

Nondik hasi zarete lana garatzen eta nolako bilakaera izan du?

I.B.: Lehenengo eta behin, hiru gai zentratu edo erabaki genituen. Hiru pertsonaia daude istorioan eta bakoitzak gai bat lantzen du, nahiz eta gero beste hainbat gaik zeharkatzen dituen pertsonaia horiek. Hiru gaiak gorpu-tza, lehia eta lotsa dira. Eta emanaldiaren ardatza indibidualetik kolektibora ematen den salto hori da. 

A.K.: Ematen du gatazka pertsonalak direla baina gero nahastu egiten dira. Behin gaiak hartu eta lantzen hasita, bestelakoak sartu ziren: buru osasuna, familia, arrakasta eta abar.

Noiz batu zen Iraitz Lizarraga zuzendaria proiektura?

I.B.: Uda osoan elkarrizketa, pertsonaiak eta mundu guztia sortzen ibili eta gero, Iraitzi pasatu genion lana berak gorpuzteko. 

A.K.: Iraitzek begirada berri bat eskaini digu. Gu bertso mundutik gatoz eta bera, aldiz, an-tzerkitik, eta badaude bataren eta bestearen artean desberdintasunak. Gure gidoia nahiko planoa zen, bertsotik zetorren zerbait, eta bere begirada artistikoarekin antzerki forma eman dio gure lanari. 

Antzerkia mugimenduarekin lotu daiteke, bertsoa, aldiz, estatikoagoa da. Zer ikasi duzue bat-egite honetan?

I.B.: Ikaspen hau prozesuaren parte handia izan da, molde zurrunetatik irtetea. Bertsolariaren gorputzean badago erosotasun bat, saiatzen da gorputza ezkutatzen edo ezaba-tzen eta hitzei garrantzia ematen. Guk obran aldarrikatu edo transmititzen dugun mezuetako bat hori da, oholtzan zauden momentuan gorputza zerbait esaten ari dela. Talka, deserosotasun hori bilatzen genuen hasiera batean, zaurgarri agertzeko prest egon gara eta gure partetik gorputz horretatik ateratzeko saiakera aktibo bat egon da.

J. Arrizabalaga, I. Bilbao eta A. Katarain dira ikuskizunaren protagonistak. UNAI MATEO

Eta lortu duzue espazio berri hau toki eroso bihurtzea?

A.K.: Egia da asko aldatzen dela dena, baina baietz esango nuke. Pertsonaia bat interpretatzen da, ez zara zu, eta antzerkiaren dinamika hori, alegia, ez hain gu izatearena, ikasi dugu. Horri garrantzia eman diogu, gu ez garela eta gugandik gertu diren gauzak kontatzera goazela, baina ez dela autobiografia bat. Oraindik lehen emanaldietan arrisku faktorea du, baina hartuko diogu erritmoa. 

Bertsolaritza bakarkako lana da, edo hala ematen du. Antzerkia, aldiz ,talde lana. Nola eraman duzue hau?

I.B.: Bertsoa bakarkakoarekin lotzen da eta hori da erakutsi digutena, baina bertsoa kolektiboa izan daiteke eta hala egin dugu. Asko hausnartu dugu horren inguruan. Ezberdina da oholtzan zu bakarrik inprobisatzen egotea edo beste bi kide, zuzendari bat eta an-tzerki bat egiten egotea. Azken honetan, iri-tziak kontrastatu behar dira, hain seguru ez zauden gauzak egin eta talde lana da. Hau bertsoa beste nolabait ulertzeko modu berria eta erakargarria da guretzat. 

Aipatu duzue buru osasunaren gaia jorratzen dela bertan. Zein leku hartzen du horrek?

I.B.: Denongan dagoen zerbait da, baina nire pertsonaiak asko hitz egiten du elikadura nahasmenduei buruz. Uste dugu gai honi buruz hitz egin behar dela. Gure bizipenetan gai honekin zerikusia duten gauzak aurkitu ditugu eta bertso munduan oso presente ez dagoen gai bat da, gainera, gure artean erabaki genuen aldarri izan behar zela aipatutako itzal horietatik kanpo mundurako pauso hori. Emozio ororen espazio publikoa hartzea. Hori da gutxi gorabehera gai honek hartzen duen lekua traman.

Familiaz ere hitz egiten da. 

A.K.: Lotsa da nire pertsonaiaren gai nagusia baina familia ere bertan ikusten da. Aita du pertsonaiak, traman bertso munduarekin lotzen dena eta presioa dena berarentzat. Islatzen du aitakeriaz edo patriarkatuaz tratatzen zaituen oro, eta horren aurka egiten du pertsonaiak. 

Hirugarrenaren pertsonaiak, beraz, lehia du ardatz. 

I.B.: Hori da, Janire Arrizabalagaren pertsonaiak lehia lantzen du. Lehiaketak, txapelketak eta sailkatzeak, goitik behera, badu garrantzia bertso munduan. Bere papera arrakastarekin eta irabaztearekin obsesionatuta dagoen pertsona batena da, eta ez bertsoari dagokionez bakarrik. Beste biekin alderatuta, ilunagoa da, gogorragoa. Hori erakutsi nahi dugu, denok gaude zerbaiten lehian edo zerbait irabazteko asmotan. 

Zuen bizipenetatik abiatu dituzue istorioak?

A.K.: Hiru pertsonaia gara, baina edozein izan daiteke horietako bat. Hori da asmoa, jendea identifikatuta sentitzea, alegia, jendeak ikus dezan ez dela norbere arazoa, haratago doan zerbait dela. 

Izenburuan bai, baina obran itzalek presentzia handia al daukate?

I.B.: Gutako bakoitzak bere estruktura du tela batekin eta itzalak egiten ditugu horren atzean. Adibidez, pertsona bat aurrean hitz egiten badago, itzalek beste zerbait esaten badute beren barne mundua kontatzen dute edo kanpoan zer ikusten den. Itzalen jokoa hori da barne munduaren errepresentazioa. Momentu intimoetan itzal asko daude, kanpoan elkar aurkitzen doazen heinean, itzalak gutxitzen doaz.

Itzal eta oihalez gain, zein elementu gehiago daude?

I.B.: Koloreak daude eta oso inportanteak dira. Hiru kolore osagarri daude: gorputza gorria, lehia morea eta gorputza berdea. Pertsonaia bakoitzak kolore bat du. Horiek bere errepresentazio eta sinbolismoa izateaz gain, badute esanahia. Hasieran, umeak garela hasten da eta kolore zuriarekin hasten gara. Hazten joan ahala, nork bere kolorearen errepresentazioa hartzen du, nortasunaz dindatzen goaz eta, ondoren, koloreak nahasten hasiko dira. Hortaz gain, bakoitzak objektu bat du: nire pertsonaiak, esaterako, ispilua du; Araitzen pertsonaiak maskara, eta Janirerenak, domina. 

Nori zuzenduta dago lana?

I.B.: Noizbait bakarrik sentitu den edonori. Denok gara pertsona hori, beraz, denei zuzendutako emanaldia da. Edonor sentitu daiteke identifikatuta pertsonaia batekin. Gizaki garen heinean, denok dugu nahi eta beharra talde bat edo zerbaiten parte izateko. Enpatia senti daiteke horrekin. Gu umeak garela hasten da istorioa eta gazte garela amaitu, baina ez da, agian, oro har, nerabeentzako emanaldia ere, gai serio eta potoloak lantzen baitira. 

Pare bat saio egin dituzue jada. Zer moduz?

I.B.: Oso ondo. Gustura oholtzan, eroso ibili gara. Loraldikoa aurrestreinaldia bazen ere, estreinaldi bezala bizi izan genuen, seriotasun eta konpromiso guztiarekin.

A.K.: Gogoz gaude, emanaldiak egin eta jendeak ikus ditzan. Publikoa espero baino aktiboa ikusi dugu. Espero ez genuen momentu batzuetan, barre egiten zuten. Iruzkin positiboak jaso ditugu. Mezua ondo iritsi da eta guretzat garrantzitsua zen hori. Esan digute ere, gure arteko harreman estua eta ona nabari dela.