30 urtean agertokira apenas igo bada ere, Jon Garmendia 'Txuria'k, 'Bidasoatik harago' ikuskizuna eskainiko du datorren urriaren 30etik aurrera Xabi Solanorekin batera. Lehen emanaldia Hernanin izango da, eta Atarratze, Getxo edo Bilbon ere eskainiko da. Garmendiak hitzak jarri dizkio ikuskizunari, eta Solanok, aldiz, musika, trikitiarekin. Etzakit eta Esne Beltza taldeetan batera ibili arren, hauxe izango da biok agertokira aldi berean igoko diren lehen momentua. Partekatu duten ibilbidea ospatzeko prestatu dute obra.
Zer eskaintzen du ‘Bidasotik harago’k?
Emanaldi berezi bat. Xabik (Solano) eta biok urte askoz elkarrekin lan egin izan dugu, Etzakitetik Esne Beltzaraino. Kasu honetan, aldiz, agertoki gainean egongo gara biak, eta orain arte oso gutxitan eman da hori. Gure kantuak biltzea erabaki genuen, eta baita argitaratu gabe ditudan hainbat poema eta ipuin ere.
Nondik dator ideia?
Eskainiko ditugun abesti, poema eta ipuinak tokiz kanpo geratu dira orain arte nolabait, ez genuelako ikusten argitaratutako diskoetan nola sartu, eta orain kaleratuko ditugu Bidasoatik harago ikuskizunean. Izenak ere esanahi handia du, batera egin genuen abesti bat izateaz gain, urte askotan Bidasoa ibaiak banatu gaituelako Xabi eta ni. Bera Hernanin bizi zen, eta ni Donibane Lohitzunen. Elkartzen ginen aldi askotan Bidasoaren inguruan egiten genuen, Hendaian esaterako.
Modu polita 30 urteko elkarlana ospatzeko.
Hala da. Guk ospakizuna bailitzan ikusten dugu ikuskizuna. Festa bat. Aurten bete ditugu 30 urte elkarlanean hasi ginela, eta Etzakitek ere kontzertu bereziak eskainiko ditu horregatik. Orain arte ni beti fokuetatik aparte egon naiz, agertokira igo gabe, baina Xabik ikuskizun hau bion artean egin nahi zuen. Udazkenean izango da, antzokietan, eta giro intimoago batean. Ospakizun bat da, eta ez genuen agertoki edo areto handirik nahi.
"Poesiak eta literaturak publikoarengana iritsi behar du, eta iristen ez zaren momentuan, huts egin duzula esango nuke"
Agertokia
Bertigoa ematen al dizu agertokira orain igotzeak?
Urduritasun puntu bat bai, baina sentsazio polita da. Orain arte musika idazten ibili banaiz ere, poemak jasotzen dituen liburu bat amaitu berri dut. Emanaldi berri honetan diskoetatik eta liburuetatik kanpo geratu zaizkidan hitzak eta kontakizunak plazaratuko ditut. Urduritasun handia sentitu nuen hasieran, baina Xabirekin prestaketa hasi nuenean segituan lasaitu nintzen. Konplizitate handia dugu. Bera Fermin Muguruzarekin egin duen bira handi batetik bueltatuko da orain, eta askotan esan diodan bezalaxe agertokiko animalia bilakatu da. Edozein hutsune betetzeko gaitasuna dauka, baita akatsak konpontzekoa ere. Publikoarekin ere azkar konektatzen du, eta horrek asko lasaitzen nau. Urduritasuna baino, errespetua diot ikuskizunari, asko maite dudan gauza bat delako. Nire idatziak dira, oraindik argitaratu gabeak. Orain arte nire buruan egon dira soilik, eta hori agerraraziko dut.
Arrakasta izanez gero, areto handiagoak betetzeko asmorik baduzue?
Egia esateko, ez dut uste areto txikiak direnik. Hernanin, esate baterako, ia 300 lagun bilduko gara. Xabirentzat agian badira txikiak, hori bai. Berak txiki egingo ditu aretoak, milaka pertsonen aurrean jartzera ohitu delako jada. Hala ere, jende gutxiren aurrean jarduteak ere errespetu handia ematen du. Bidasoatik harago ez da areto handietan egiteko ikuskizuna, jendearengandik hurbil egon nahi dugu, konexio bat sortzeko. Alaitasuna transmititzea ere bada gure helburuetako bat, edozein egoerari aurre egiteko tresna onena horixe dela iruditzen zaigulako. Horren alde egin nahi dugu, eta espazio egokienak aukeratu ditugun horiexek direla uste dugu.
Jende askok orain ezagutuko zaitu nahiz eta zure letrak askotan abestu.
Kontziente naiz, bai. Orain arte fama saihestu egin dudala esan daiteke, ez bainau interesatu. 30 urtetan jende askok abestu dituen letrak idatzi izan ditut, eta kontzertu askotan jende artean egon naiz nire letrak nola abesten zituzten ikusten eta entzuten. Jendea gogoz abesten ikustea izugarri maite dut. Azken batean, edozein abestiren helburua publikoarengana iristea da. Iritsi zarenean, entzuleak bere egiten du abestia, eta momentu horretan egilea alde batean geratzen da. Ez da beharrezkoa jakitea nork egin duen, bidean zeozer joaten delako. Kantatzen duena herria bada, abestia herriarena da. Hori da inportanteena nire ustez.
Letragile lana
Nolakoa da letragile baten lana? Askorentzat lan ikusezina da.
Prozesu ezberdinak daude abesti baten letra idazteko. Gehien bat Xabi Solanorentzat idatzi badut ere, beste talde batzuentzat ere lan egin dut. Berri Txarrakentzat, esaterako. Jende ezberdinentzako idatzi dut, baita erdaraz ere. Buruan lantzen ditudan poemak dira, modu batean esateko. Batzuetan koadernoetan idatzitako poemak errekuperatzen ditut zentzua eman eta letrak sortzeko. Ondoren etortzen da kantura eta melodiara egokitzeko lana. Beste batzuetan musika izanda idatzi dut, eta horrek beste prozesu bat eskatzen du. Hala ere, zailtasunik handiena orri zuri baten aurrean jartzea da. Momentuan sentitzen zaren bezala idazten duzu, baina bukatzen ez baduzu, agian bihar beste era batera sentituko zara. Urte hauetan zehar Xabirekin modu askotara egin dut lan, eta azkenean elkarlana izan da abestiak eratzea. Batzuetan berak erakutsi izan dizkit sortu dituen melodia ezberdinak, eta beste batzuetan nik letrak berari.
"Ez dugu epe zehatzik jarri nahi, beti esaten dudan bezala, Bidasoa ibaia ere ez delako Erratzun hasten eta Hendaian amaitzen. Bidasoa ibaiak ibilbide askoz luzeagoa du, eta gure ikuskizunean hori islatu nahi dugu"
Abestiak idaztea konplexua bada, disko bat osatzea are gehiago, ezta?
Dudarik gabe. Disko bat osatzerako garaian, gainera, zentzu bat eman behar zaio, eta horrek bai estutzen nau gehiago. Hitz batzuk adibidez festarako izaten dira, eta hor ezin duzu literatura edo poesia konplikatua egin. Konplikatua diodanean, ulertzeko zailak diren letrez ari naiz. Poesiak eta literaturak publikoarengana iritsi behar du, eta iristen ez zaren momentuan, huts egin duzula esango nuke. Zentzu horretan, musika letragileak idazleak direla pentsatzen dut. Orain dela urte batzuk Bob Dylanek literatura Nobel Saria irabazi zuenean, jende asko harritu zen, bera musikaria zela esanez. Nik, aldiz, pentsatzen dut, haren letrek jende askori mundu berri bat zabaldu diotela, triste zegoelarik nonbaitera begiratzeko edo pozik dagoenean zer kantatu edukitzeko. Prozesu hori dut buruan idazten dudan bakoitzean.
Zer espero duzue biraz eta etorkizunari buruz?
Birak, momentuz, harrera oso ona eduki du. Kontzertu gutxi batzuk prestatu ditugu oraingoz, beti ere Xabiren agenda kontutan izanda. Ez dakit arrakasta handia izango duen, baina gogotsu nago. Etorkizunari begira, ez ditugu ateak ixten, baina argi daukagu ez dugula formatu intimoa aldatu nahi. Jendeari gustatzen bazaio, baliteke datorren urtean ere beste zeozer egiten jarraitzea. Ez dugu epe zehatzik jarri nahi, beti esaten dudan bezala, Bidasoa ibaia ere ez delako Erratzun hasten eta Hendaian amaitzen. Bidasoa ibaiak ibilbide askoz luzeagoa du, eta gure ikuskizunean hori islatu nahi dugu. Bidasoatik harago joan, hain zuzen.