Espainiako eta Portugalgo filmotekek Filmoteka Iberikoen IX. Topaketan parte hartuko dute azaroaren 4an eta 5ean Donostian. Bertan, sektoreko profesionalek artxibo filmikoen egungo eta etorkizuneko erronkak aztertuko dituzte.

Euskadiko Filmategiak antolatutako topaketa hau Tabakalera zentroan izango da, eta parte-hartzaileek lan-metodoak, proiektuak eta esperientziak partekatu ahal izango dituzte bertan.

Carlos F. Heredero zinema-kritikariak emango du inaugurazio-hitzaldia hilaren 4an. Jardunaldi horretan, ponentzien programa zabala, zaintza digitalari buruzko mahai-ingurua eta María Teresa Conesa Gaztela eta Leongo Filmategiko zuzendariaren aurkezpena izango dira, 16 milimetrotan hiru euskal film berreskuratzeko prozesuaren berri emateko.

Eguna amaitzeko, Euskadiko Filmategiaren, Elías Querejeta Zine Eskolaren eta Tabakaleraren instalazioetara bisita gidatua egingo dute.

Hurrengo egunean, hainbat autonomia-erkidegotatik etorritako filmotekek beren artxibo filmikoei, familiako argazkietarako sarbideari edo beste erakunde eta entitate pribatu batzuekin lankidetzan gauzatutako digitalizazio-proiektuei buruzko esperientziak partekatuko dituzte.

Espainiako Filmategiak, gainera, 1952-1990 aldian emakume zinemagileei buruz egindako ikerketa baten emaitza azalduko du; Murtziako Filmategiak, berriz, Francisco Rabalen jaiotzaren mendeurrena dela-eta antolatutako jarduerak aurkeztuko ditu.

Jardunaldia amaitzeko, Klasikoak programari buruzko hitzaldia emango dute Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak.