J ada ireki dute muga, dagoeneko ez da eragozpenik Beratik Sarara joateko. Itxialdiak, aurrez mila gertakarik, legek edo ñabardurak bezala, Hendaiatik baino gertuago sentiarazi gaitu Sevillatik. Zer esanik ez Laredotik. Bai, Kantabrian euskaldun askok dute bigarren etxea, baina askoz gehiagok lehenengoa Lapurdin, Nafarroa Beherean edo Zuberoan. Ustez herri kontzientziarik errotuena duten politikarien ahotan, zazpi gabe bat ez garela argi duten hedabideen uhin eta lerroetan ere, irristadak zenbaezinak izan dira. Herri gisa, bizkarrezurra herniaz josia dugu. Gutariko bakoitzaren buru herdoilduetan muga txarrantxa-hesi garai eta zaurigarri bat izan dadin lortu dute.

Duela 35 urte, Covidik ez zen garaian, muga zeharkatzeko gaur baino gehiago miatzen gintuzten. GAL izenpean ziharduen talde terroristak, ordea, inolako eragozpenik gabe zeharkatzen zuen. Hiltzaile haiek ez ziren inoiz arakatuak izaten, beraiek baitziren arakatzaileak: miatzaileek ordaindutako mertzenarioak; begirada eguzkitako betaurrekoen beira ispiludunen atzean ezkutatzen zuten polizia-buruak; eskoba-kirtena baino tenteago ibiltzen zen Segurtasun Estatu idazkaria; eskobarena baino kirtenagoa zen barne ministroa; eta X jauna. Frogatuta dago X jaun bat bazela. Barne ministroaren gainetik bi pertsona daude: presidentea eta erregea. Zaila da pentsatzea talde terrorista batak sortu ez zuenik eta besteak ezer ez zekienik. CIAren txosten sekretuek ia inorentzat sekretu ez zena bistaratu ondoren, Unidas Podemosek ikerketa batzordeari uko egin zion, “arreta galarazteko” besterik ez zela izango eta. Gerora atzera egin arren, esandakoa hor gelditu da, eta lotsagarria da. Sozialisten aburuz, jakina, epaitu beharrekoak epaituta daude. Zientzia-fikzioa da Espainiako justiziak noizbait Gonzalez zigortzea. Ez hainbeste Sanchez presidentea kartzelako atean terroristen buruari babesa adierazten irudikatzea.