Gure amama Elvirari ez zitzaizkion pelikula tristeak gustatzen, "bestela ere nahikoa negar eta tristura badago mundutxo honetan" esan ohi zuen. Ni, berriz, tristezalea gehiago naiz fikzioan. Zientzia-fikzioari, aldiz, ihes egin izan diot, ez nau batere erakartzen. Duela hiru hilabete askoz errealitate-zantzu handiagoak hartuko genizkion hirugarren mundu gerra baten arriskuari gertatzen ari zaigunari baino. Mundu mailako zenbait agintari botere-tsuren izaera desorekatua kontuan hartuta, hain urruneko ere ez dirudi. Baina ez, xomorro mikrometriko batek geldiarazi du mundua. Agintari boteretsu batzuek, hori bai, arrisku-faktore izaten segitzen dute. Donald Trumpek gorputzean desinfektatzailea injektatzea eta koronabirusari eguzki izpiekin aurre egitea proposatu du prentsaurrean. Sortu den polemika eta kritika-oldearen ondoren, sarkastikoki egindako iruzkina izan zela argitu du. Hala izango zen, noski. Hartaz oso iritzi txarra izanik ere, ez dut pentsatzen hori benetan esateko bezain ergela denik, baina txoroa eta arina behar du mundu zabalean eta bera lehendakari duen herrialdean milaka eta milaka pertsona hiltzen ari direla sarkasmoa erabiltzeko ere. Trumpen astakeria horri jaramon egin diotenek ere izango dute nolabaiteko gabeziaren bat. Pozoiduren Kontrolerako Zentroan hainbat dei izan ziren presidenteak aipatutakoaz informazioa biltzeko. Maryland estatuan ohar bat kaleratu behar izan dute: ez dezala inork desinfektatzailerik hartu! Halere, bat baino gehiago dira, New York estatuan bereziki, lejia edo bestelako desinfektatzaileren bat hartutakoak. Hainbat gauza garrantzitsu erabakiko dira datozen hilabeteotan. Pandemiaren bilakaera izango da garrantzitsuena, baina ez bakarra. Amerikako Estatu Batuetako presidentziarako hauteskundeak tartean. Zenbat on egingo liokeen munduari oraingo xomorroa lekutzeak