Sahararren kanpalekuetara ere iritsi da xomorroa. Han zaila da etxetik irten gabe egotea, toldotzarren azpian bizitzea kalean bizitzetik oso gertukoa da. Eskuak sarri-sarri garbitzeko agintzea, berriz, alferrikakoa. Mundu osoan barreiaturik dauden errefuxiatu-kanpalekuez oroitu naiz; Lesbosez, Siriaz; pobrezia gorrian bizi diren herrialdeetako jendeaz; hango ospitaletako mediku eta erizainez; ospitaletara joateko modurik ere ez duten gaixoez... Apokaliptikoak iruditu zaizkit Ertzaintzaren helikopterotik hartutako irudiak, non Bilbo huts-hutsik eta geldi-geldirik ageri baitzen, bizitzaren arrasto oro ezabatu balitz bezala. Kez ito beharrean igarotzen ditugun kaleak inor gabe, autoz oinez baino mantsoago joatera behartzen gaituen trafikoaren aztarrenik ez. Duela urtebete halakorik erakutsi izan baligute, sinetsi ere ez genukeen egingo, errazago irudika genezakeen gerrate bat birus batek geldiarazitako mundua baino. Burutik pasa ere ez zitzaigun egiten osasunak ekonomiaren gainetik jarri behar zuenik, nahiz eta aste gutxi batzuetako kontua izan. Etxe zokoan sartuta gaude, kopeta beltz eta gogoa ilun. Inork ez du etxeko txirrinik jotzen, baina sekula baino mezu gehiago iristen zaizkigu. Serioski hartu beharrekoak batzuk, serio itxurakoak asko, hutsalak gehienak. Ez dago gure aldartea edozein txisterekin algaraka hasteko moduan, baina ikusten ari gara larrialdian ere gauzarik hutsalenak beharrezko ditugula. Hutsaltasunari zirrikitu guztiak itxi behar bagenizkio, geure izatea bera ukatzen ariko ginateke. Honek ezer erakutsi badigu, horixe baita, hutsaren hurrengoa garela.