Katilua mikrouhin-labean sartu eta, ateratzean, atzamarrak erre ditut. Barruko esnea ez da berotu, baina katilua sutan dago. Hori katiluak pitzaduraren bat duelako da, argitu dit semeak, uhinak hortik sartzen dira eta azkenean katilua berotzen da edukiaren ordez. Eta bat batean pentsatu dut mikrouhin-labean katiluari gertatzen zaiona eta bizitzan pertsonei gertatzen zaiguna ez dela hain ezberdina. Nahikoa da itxi gabeko zauri bat, gure azalean edo ariman irekitako zirrikitu bat, inguratzen gaituen munduaren aurrean zaurgarri bihurtzeko. Gaitz guztiek aurkitzen dute nondik sartu gure barnera, azala altxatu zaion katiluari uhinak sartzen zaizkion bezala. Nahikoa da gure autoestimua lurraren mailan egotea, adibidez, maltzurkeriarik gabeko begirada batean norbaiten gustuko ez garela interpretatzeko; nahikoa da harreman mingarri bat bizi izana, zauria zornatzen egotea oraindik, norbait gustuko dugula sentitzean jarrera defentsibo bat pizteko gugan; nahikoa da umetan tratu txarrak jaso izana, heldua zarenean norbaitek gaizki tratatzen zaituela normaltzat hartzeko, ezer hoberik merezi ez duzula sentitzen duzulako... Batzuetan, arrakala bat duen kikara bat bezala berotzen zara, esaten dizuten guztia zauritik, arrailduratik eta irekita geratu zaizun pitzaduratik sartzen zaizulako. Irekitako zauri bat duzulako, denborarekin ixten ez dena. Denborak dena sendatzen du, esaten dizute, baina agian zuretzat denbora mikrouhin-labea bezalakoa da, zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta gehiago erretzen zara. Zauritua egoteak beti bihurtzen zaitu zaurgarri; horregatik, ezin dira inoiz epaitu pertsonen erreakzioak denok berdinak bagina bezala, denok egoera beraren aurrean berdin erreakzionatu beharko bagenu bezala. Denak ez gara leku beretik abiatzen. Ez dugu zertan tenperatura berarekin irten behar mikrouhin-labetik. Kontuz, beraz, norbaiti agur gisa bizkarrean kolpe bat ematen diozunean. Ez epaitu azkarregi bere erreakzioa, baliteke bizkarra erreta izatea eta.