Nahiz eta 24 urte izan, 15 urte darama eskalada munduan. 9C zailtasuneko horma bat eskalatzen gazteenetako bat izan da (maila altuenetako bat da hori, eskalatzeko zailtasuna neurtzeko erabiltzen den graduazio kontuan hartuta). Europako hainbat txapelketa irabazi ditu, eta munduko hirugarren onena izan zen 18 urtez azpiko mailan. Mikel Asier Linacisoro Molina bergararrak medikuntza karrera bukatu du, baina Bartzelonan bizi da orain, eskaladan erabat zentratuta. Bere hurrengo urteak horrela igaroko ditu, helburuak lortu nahian eta dena ondo badoa, 2028ko Los Angelesko Olinpiar Jokoekin amesten.
Zergatik interesatu zinen kirol honetan? Aurretik beste kirolen bat praktikatzen zenuen?
Kasualitatez heldu nintzen. Nire anaia eta biok gurasoekin betidanik eskiatzen ibili gara. Bera eskian zentratu zen, eta nik eskia eskaladarekin konbinatu nuen denbora batez. Konpetitzen ere egon ginen. Nire anaiaren entrenatzaile bat alpinista zen eta berarekin joan ginen eskalatzera lehen aldiz.
Hori izan zen zure lehenengo kontaktua eskaladarekin?
Bai. Hortik aurrera hasi nintzen, 6 urte nituela. Oporretan joaten ginen eskalatzera, eta 10 urte nituenean, Josean Mulasekin elkartu ginen eskalatzen Araban, Euskal Herriko eskalada hautatzailea zena. Berak Arrasaten eskalada kluba zeukan eta berarekin joateko esan zidan, frogatzera. Arrasaten hasi nintzen entrenatzen astero bi aldiz, eta hortik aurrera, bere eskutik ezagutu nuen eskaladaren mundua. Berak erakutsi zidan kirol honen kultura eta etika, baita baloreak ere ezagutu nituen berarekin.
Eta noiz heldu ziren txapelketak?
15 urterekin hasi nintzen Espainiako selekzioarekin txapelketetara joaten. 2015ean irabazi nuen Europako kopa eta txapelketa, 16 urtetik beherako kategorian. 18 urtetik beherako kategorian ere lortu nuen munduko hirugarren postua. 2018an joan nintzen Argentinara Buenos Airesko Gazte Olinpiar Jokoetara. Joko horiek 2020an eskalada kirol olinpikoa izateko proba izan ziren.
Eta zein izan da garapena?
Joseanekin egiten nituen entrenamenduez gain, rokodromoan ere eskalatzen nuen. Ikusten nuen gustatzen zitzaidala eta ondo egiten nuela. Bilbon zabaldu zuten rokodromo bat, eta klasetik lehenago ateratzen nintzen han entrenatzeko… 12 urterekin egin nuen lehenengo 8C zailtasuneko bide bat, Baltzolan, “White Zombie” deiturikoa. Historiako gazteetako bat izan nintzen horrelako bide zail bat egiten. Hortik aurrera hobetzen joan nintzen. 15 urterekin 9 mailako bide bat egin nuen. Orain Sant Cugateko errendimendu handiko zentroan ari naiz.
Boulder, harkaitzean eskalatzea, rokodromoa… Hainbat modalitate daude. Zeintzuk dira ezberdintasun nabarienak?
Rokodromotatik arrokara ezberdintasun asko daude. Rokodromoan dena oso ondo ikusten da, non dauden presak, nora eraman behar den eskua, nora eraman behar diren hankak… Harkaitzean ez da hain ondo ikusten, materiala ezberdina da… Ez da hain sinplea. Rokodromoan eskuma eta ezkerra daukazu. Ez dut esan nahi rokodromoa erraza denik, ere gauzak konplikatu ahal dira… Baina egia da pertsona batek denbora gehiegi pasatzen badu rokodromoan, gero zaila egiten zaiola lortutako maila hori arrokara pasatzea, gauzak oso ezberdinak direlako. Niri arrokak gehiago motibatzen dit, eta gehiago disfrutatzen dut.
Gomendioei begira… Eskalatzen hasteko, zuk zer gomendatzen duzu?
Gomendiorik onena, nik uste, talde on batekin joatea da. Eskalatzera joatea, ekipo on batekin, barre egitera, ondo pasatzera… Horrek egin dio pertsona horri kirol honetan sartzea. Gauza teknikoak esan baino, lehenbizikoa disfrutatzea da. Kuadrillakoekin joatea, lagun batzuekin, rokodromo batean talde entrenamenduetara apuntatzea… Horrela hasi da eskalatzeko gogoa. Gomendioen artean ere aipatuko nuke ez zentratzea bakarrik rokodromoan, naturara irtetzea, frogatzea. Horrek ematen dizun bultzada oso potentea da. Gero eta jende gehiago dabil eskalatzen, eta garrantzitsua iruditzen zait aipatzea natura zaindu behar dela eta errespetatu behar dela.
Boulder-etan berriz zentratuz, Euskal Herrian gero eta gehiago daude, zeintzuk aipatuko zenituzke zuk aukera egokienak bezala?
Asko hasi dira zabaltzen, azkenengo 5 urte hauetan… Nik Donostiako “The Factory” aipatuko nuke. Azkenengo 6 urteetan Bilbon egon naiz eta nik uste Espainia maila dagoen rokodromorik onenetarikoa Bilbon dagoela, Zorrozaurren, “Piugaz” deitzen dena. Gianni Foggiana eskalatzailearen rokodromoa da hau. Berangon zabaldu duten “Sputnik” rokodromoa ere… Egia da, nire buruari begira orain, rokodromo asko dabilela zabaltzen eta gero eta gehiago daudela… Maila altuko eskalatzaileentzat rokodromo horiek ez dira egokiak, nahiz eta oso ondo egon. Maila internazionalean konpetitu ahal izateko, zentro bereziak behar ditugu. Kontuan izan eskalada beste herrialde batzuekin konparatuta, 10 urte berandu heldu dela Espainiara. Italian, Austrian, Frantzian… Hiriburu guztietan guk amesten ditugun instalazioak dituzte.
Eta zergatik ez dira garatu Espainian? Ze falta zaie Espainiako rokodromoei?
Helburu ekonomiko batekin sortu izan dira. Rokodromo pribatuak dira eta nabaritzen da. Ekipatzen dituzte modu komertzial batean, dirua irabazteko. Bide oso zailak jartzen badituzte, bakarrik gutxi batzuk egingo genituzke, eta jendea ez zen hurbilduko… Bide errazak dira gure mailarako. Guk beste bloke mota batzuk behar ditugu. Gero eta rokodromo gehiago daude, baina rokodromo komertzialak dira. Elite mailako kirolarientzat ez da aukerarik existitzen.
Eskaladan, erronka beti da ahalik eta altuen eskalatzea denok pentsa dezakegun bezala, edo badaude beste motatako erronkak?
Ez, erronka ez da ezta altura, ezta amiltzea ere. 10 metroko pareta bat izan ahal da presa gutxirekin, edo 50 metroko pareta bat oratze askorekin errazagoa dena. Kirol oso konpletoa da, eta oso konplexua ere. Nahiz eta erreza eman ahal duen, gauza asko daude kirol honen barruan, gauza asko ikasi behar dira, eta gauza askoren mende zaude.
Zure etorkizunari begira, ze aurreikuspen dituzu?
Behin karrera bukatuta, %100ean zentratuko naiz eskaladan, 3-4 urte hartuko ditut, behar ditudanak. Munduko kopan gauza politak irteten badira, Los Angelesko 2028ko Olinpiar Jokoetaraino luzatuko dut epe hau, ia parte hartu ahal dudan. Gauza ez badoa hain ondo, aprobetxatuko dut urtetxo bat arrokan asko eskalatzeko. Nire amets bat 9B zailtasuneko pareta bat egitea da, ea betetzen dudan. Gero BAME egin nahi dut, nire beste amets bat traumatologoa izatea da. Eskaladarekin uztartu ahal dudan espezialitate bat da, eta eskaladan ikusten diren patologiak ikusi ahal dira hor: eskukoak, bizkarrekoak, ukalondokoak… Horregatik nahi dut hori egin.
Gaur egun, eskalada modan dagoen kirola da. Positiboa ikusten duzu hau?
Positiboa da, bai. Maila altuko eskalatzaileentzat ona da, kirola ezagutzera ematea, jendeak jakitea zer egiten dugun… Kaletik jada ez didate galdetzen zein den igo dudan mendirik altuena… Jendeak badaki jada zer eskalatzen dugun, nola… Bergaran nire kuadrillako jende askok eskalatzen du eta hori niretzat perfektua da. Cuencan egon gara eskalatzen Gabonetan, haiek etorriko dira Bartzelonara eskalatzera… Positiboa baino gehiago da hori. Duela urte batzuk ni arraroa nintzen, futbola eta saskibaloia ez nuelako egiten eta mendira joaten nintzelako. Orain jendeak badaki zer egiten dugun, badaude aukera gehiago, rokodromo gehiago… Txapelketen munduan diru gehiago dago, eta gure baldintzak eskalatzaile bezala ere hobeto dira. Ez gaude futbolarietatik ezta pixka bat hurbil, baina beno, bizirauteko badaukagu.
Uste duzu Euskal Herrian beste lekuetan baino gehiago eskalatzen dela?
Bai, beste leku askotan baino askoz gehiago eskalatzen dugu Euskal Herrian. Espainia mailan Katalunian, Madrilen… Pirinioetatik hurbil gaudenok gara gehien eskalatzen dugunok. Azkenean, Euskal Herrian mendian ibili gara, eta hori nabaritzen da, eskalada gero eta ezagunagoa denez eta Euskal Herrian leku oso onak ditugunez arrokara joateko, baldintza oso egokiak betetzen dira.
Kirol hau egiteko, egokia da beste motatako entrenamenduekin osatzea kirolariaren profila?
Galdera hau zaila da, egia esanda. Sare sozialetan gaur egun entrenatzaile asko aurkitzen dituzu entrenamendu zehatzak azaltzen, suspentsioak pisuarekin, beste ariketaren bat… Nire ustez, jendea oso goiz hasten da horrelako entrenamenduekin. Horrek lesio asko ekarri ahal ditu. Azkenean eskuko tendoiak, sorbalda… Zuk ez baduzu txikitatik eskalatu, zure gorputza ez dago ohituta. Eskalada kirol oso zehatza da, eta adaptazio denbora behar du gorputzak. Ariketa zehatzak egiten hasi baino lehen, oso garrantzitsua da urte asko eskalatzen ibiltzea. 4 urtez egon bazara eskalatzen, garrantzitsuena momentu horretara arte, eskalatzea da. Paretan mugitzen ikastea, arrokara joatea, rokodromora… Eskalatzen hobetzeko, eskalatu behar da.