- Koronabirusaren aurrean arrisku handiena duten herritarrak (adinekoak, gaixo kronikoak, aniztasun funtzionala dutenak...) babesteko Azpeitian eta Zestoan sortutako laguntza sareak lanean hasi dira jada eta Azkoitian eratzen ari dena datozen egunotan jarriko da martxan.

Udalak koordinatutako taldean 50 herritar inguru ari dira parte hartzen. Hasteko, taldeko lagunek osatutako sarearen berri eman eta kontaktatzeko bideak ezagutzera emateko gutunak banatu zituzten "prebentzio neurriak hartuta", adinekoen postontzietan "auzoka".

Hori eginda, interesa azaldu duten herritarrekin kontaktuan jarri eta lanean hasi dira. Hala ere, "erosketak egiteko laguntzaren beharra edo etxean egoteak sor ditzakeen bakardade eta egonezin sentsazioa dutenek Udalaren 943 547 983 eta 943 157 192 telefono zenbakietara dei egin edo gizarte@azpeitia.eus helbidera idatz dezakete behar duten asistentziaren berri eman eta laguntza eskatzeko".

Igandean jarraitu beharreko protokoloa zehaztu ondoren, Zestoako Udalak, Gazte Asanbladak eta 3Z taldeak elkarlanean osatutako sarea astelehenean hasi zen lanean, "koronabirusaren aurrean arrisku faktoreren bat dutenei eta babes edo familia sarerik ez daukaten herritarrei oinarrizko beharrak asetzeko laguntza emateko", azaldu dute Udaletik.

Edonola ere, Udalak koordinatzen duen zerbitzu horren beharra duten herritarrek 615 768 980 telefono zenbakira dei egin dezakete sarearen laguntza eskatzeko. Udalak jakinarazi duenez, "erosketak erabiltzaileak ordaindu beharko ditu eta herriko dendetan egingo dira".

Udala bakarrik bizi diren eta une honetan laguntzeko seniderik ez duten azkoitiarrei zuzendutako etxez etxeko laguntza zerbitzua martxan jartzeko prozedura diseinatzen ari da.

Udaletik azaldu dutenez, "Gizarte zerbitzua harremanetan dago boluntario sarearekin eta Gurutze Gorriarekin eta aztertzen ari da desabantaila egoeran egon daitezkeen gizon eta emakumeen profila, kopurua edota dituzten beharrak, suerta daitezkeen egoera ezberdinei soluzioak emateko".

Laguntza sarea "hurrengo egunotan" jarriko da martxan, "zerbitzuaren ezaugarriak eta jarraitu beharreko protokoloa zehazterakoan".