rola Garaian ere koronabirusak sortutako krisia gehien pairatzen ari den sektoreetako bat turismoarena da. Zorionez, okerrena pasa dela dirudi eta eskualdeko turismo teknikariek aurtengo uda ona izatea espero dute.

Amaia Reta eta Nagore González Turismo teknikariek azken urtebete hau "oso gogorra" izan dela diote. "Urte ona aurreikusten genuen, baina koronabirusa heldu zen. Egoerari ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatu ginen. Konfinamenduan, adibidez, sare sozialen bidez bertakoengana heltzen saiatu ginen".

Egoerak kalte ekonomikoak sortu ditu, baina turismo arduradunen eta turismo arloko enpresen arteko harremanak estutzeko balio izan du. "Zubi lana egin genuen. Behar zuten informazioa beraien eskura jarri genuen: diru-laguntzak, protokoloak...".

Halako batean uda heldu zen eta, egoera zein zen kontuan hartuta, ez zen txarra izan. "Naturaz inguratuta dauden alojamenduentzat uda ona izan zen. Herrialde mailako konfinamenduak bukatzen diren bakoitzean jendeak oso ondo eran-tzuten du. Aste Santuan argi eta garbi ikusi dugu. Bost egun horietan bisitari dezente egon dira. Ohi baino bizkaitar gehiago etorri dira. Baina Pazko Astean Legazpi, Urretxu eta Zumarraga itxita egon dira eta bisitaririk gabe gelditu gara".

Udan ere gertuko turismoa gailenduko dela uste dute. "Dagoeneko promozioa eta plangintza lantzen ari gara. Bisitariek natura eta jende askorik gabeko tokiak bilatuko dituztela uste dugu. Hirietara ez da lehen bezainbeste jende joango eta tendentzia hori ona da Urola Garaiarentzat", aipatu dute bi teknikariek.

Eskaintza egoera berrira egoki-tzen ari dira. "Bisitak talde txikietan egingo ditugu eta aire librean, naturan. Ezkutuko Altxorrak egitasmoarekin jarraituko dugu. Aurten, Inaziotar Bidearen Jubileu Urtea izango denez, Loiolako Inaziorekin lotutako bisitak egingo ditugu".

Gainera, turismo industrialarekin lotutako proiektuarekin jarraituko dute. "Gure iragana balioan jartzeko eta ondarea ezagutzera emateko ekintzak egingo ditugu", aurreratu dute Reta eta Gonzalezek.

Ingurumenarekiko kezka geroz eta handiagoa denez, geroz eta eskuorri gutxiago argitaratuko dituzte. "Gure webgunean beharrezko informazio guztia dago". Hala, jendeak behar duen guztia telefono mugikorrean aurkituko du.

Reta eta Gonzalezen kezka nagusia aforoak dira. "Bisita gidatuak egiteko orduan asko mugatzen gaitu eta turismo arloko enpresen jasangarritasun ekonomikoa zailtzen du. Egoerak hobera egitea eta aforoak handitzea espero dugu".

Etorkizunera begira, egungo tendentziak beste urtebete irautea espero dute. "Datorren urtera arte, gauzak ez dira aldatuko: jendeak natura eta lasaitasuna bilatuko du. Hori aukera bat da guretzat. Izan ere, txikiak gara eta ez oso ezagunak".

Txikiak eta ez oso ezagunak... baina ederrak. Urola Garaia eskualdean makina bat toki interesgarri bisita daitezke: Mirandaolako burdinola Legazpin; Igartubeiti baserria Ezkion; Antioko baseliza Zumarragan; San Martin de Tours eliza Urretxun; Irimo, Korosti, Izazpi eta Oleta mendiak; Aizkorri-Aratz parke naturala... Urola Garaia eskualdeko eskaintza turistikoari buruzko informazio gehiago nahi duenak urolagaraia.com webgunera jo dezake.