Zehapen-espediente baterako lehen urratsa den gehiegizko defizitaren prozeduratik salbu utzi zuen atzo Espainia Europako Batzordeak, 2023ko ekitaldia %3,6rekin itxi arren, alegia, pandemia garaitik lau urtez izoztuta egon ondoren arau fiskal berriekin suspertu den %3ko muga baino sei hamarren gorago.

Aurreikuspen ekonomikoak

Gobernuaren eta Batzordearen aurreikuspen ekonomikoetan oinarrituta justifikatu zuen Bruselak hartutako erabakia. Datu horien arabera, Espainiako defizita %3ra jaitsiko da 2024an, beraz, muga ez betetzea aldi baterako izango dela iruditzen zaio. Bruselak arretan handiz zaintzen duen faktoreetako bat BPGrekiko zor publikoaren ratioa izaten da, %60aren azpitik egon beharrekoa; 2023. urtea ixtean %107,7ra iritsi zen Espainian, EBko herrialdeen arteko laugarren zifrarik altuena, Greziaren (%161,9), Italiaren (%137,3) eta Frantziaren (%110,6) atzetik. BPGren % 90etik gorako zorra duten herrialdeek, batez beste, ehuneko puntu bat murriztu beharko dute urtero. Espainiak ez ezik, beste hamar estatu kidek ere gainditu zuten berriro indarrean jarritako arau fiskalek ezarritako BPGaren %3ko muga.

Gehiegizko defizita

Inolaz ere, Bruselaren ustez, Belgika, Frantzia, Italia, Hungaria, Malta, Polonia eta Eslovakiarako soilik omen dago justifikatuta gehiegizko defizit-prozedura hastea. Bestalde, Espainia, Frantzia eta Portugal desoreka makroekonomikoak dituzten herrialdeen zerrendatik kanpo utzi zituen Ba-tzordeak, ahultasunak apaldu egin direlakoan.

Ursula Von der Leyen. EP

Ekonomia Ministerioko iturriek adierazi zutenez, zorpetze pribatuaren beheranzko ibilbidea, nazioarteko inbertsio-egoeraren saldo zordunaren beherakada nabarmena, kontu korronteko merkataritza-balantzaren urteko superabita eta lan-merkatuaren dinamismoagatiko langabezia-tasaren murrizketa izan dira, nagusiki, defizitaren kontrol hori hobetu izanaren arrazoiak.

Zor publikoa

Arau fiskal berri horiek aukera eskaintzen dute, zor publiko gehiegi izateagatik prozedura zuzentzaile bat irekitzeko. Nolanahi ere, Ministerioak ez du “inolaz espero” arrazoi horregatik Espainiari hurrengo urteetan espedienterik irekiko zaionik, abian jarritako doikuntza-planak BPGren %60ko helburuarekin bat datorren zorbidea bermatuko duelako.

Carlos Cuerpo EFE

Carlos Cuerpo Ekonomia ministroaren esanetan, Batzordeak hartutako erabakia “gure kontu publikoen jasangarritasunarekiko konfiantzaren seinale argia da. Datuen hobekuntza horri esker, gure ekonomiaren hazkunde sendoarekin batera, zor publikoa ere nabarmen murriztu dugu, eta lau urteren buruan, 2024aren amaieran 20 puntu baino gehiago jaitsi izana erdietsi nahiko genuke, BPGaren %105,5eraino”, zehaztu zuen.