Besainera iritsi aurretik, Mutiloan topatzen dute korrikalariek azken anoa- gunea. Korrikalariak Aizkorritik datoz, eta helmugaraino 10 kilometro besterik ez zaizkie falta. Baina Ehunmilak probako partaideek 160 kilometro utzi dituzte atzean. Goierriko 2 Haundiak-ekoek, aldiz, 81. Nekea agerikoa da, baina Mutiloan beti aurkitzen da boluntario talde bat azken txanpari aurre egiteko animoak eskaintzeko prest.
Izan ere, herri txiki honetako biztanleria asko inplikatzen da lasterketa hauekin. Aurtengo arduradun berria den Jule Aranburuk azaldu duenez, hasiera hasieratik hasi ziren Mutiloan ano-guneari babesa ematen, eta urtero 65-70 boluntarioen talde bat osatzen dute. “Herrian zerrenda bat zabaltzen dugu eta jendeak izena ematen du. Ez dugu inoiz arazorik izan, jendea beti dago prest. Gainera gazteak hasi dira nekatzen joaten direnei erreleboa ematen”. Aldi berean, Aranburuk berak Gotzon Ansoleagaren lekua hartu du, urte hauetan guztietan boluntarioen arduraduna izan dena, eta horretarako Ainhoa Goñi, Iñigo Muñoa eta Jon Mujikaren laguntza du.
“Herrian zerrenda bat zabaltzen dugu eta jendeak izena ematen du. Ez dugu inoiz arazorik izan, jendea beti dago prest”
Lehen korrikalaria larunbateko 14.40ak aldera igaroko da gune honetatik, eta azkena, berriz, igandeko 14.40ak aldera. Ordu guzti horiek betetzeko, boluntarioek bi orduetako txandak egiten dituzte. Larunbateko 6.00etan hasten dira, eta tarte bakoitzean lau pertsona izaten dira.
Herriko frontoian kokatzen da Mutiloako ano-gunea. Bertan, kirolariek lasterketa bukatzeko behar duten indarrak hartzeko jakiak eta edariak eskaintzen dira. Gurutze Gorria bertan izaten da ere eta, beroa egiten duenean, boluntarioek mangera bat erabiltzen dute korrikalariak freskatzeko. Hainbeste kilometro atzean utzi ondoren gehien eskatzen dutena likidoa dela dio Aranburuk, eta igande aldera salda edo kafe beroa. “Eta, batez ere, animoa eskaintzen diegu, azken hamar kilometroak nik uste luzeenak egiten zaizkielako”, dio.
Korrikalariei txaloka
Mutiloako frontoian sortzen den giroa paregabea dela dio boluntario taldearen arduradunak. “Herriko jendea zein kirolariak jarraitzen ari diren senide eta lagunak elkartzen gara han, eta giro polita sortzen da. Jendea gradatan esertzen da, korrikalariak txalotzen eta animatzen ditu…”. Gainera, larunbat gauean afaritxo bat antolatzen dute frontoian bertan, ordu horietan txanda tokatzen zaienei konpainia egiteko. Jakina da korrikalariek eskertu egiten dutela boluntarioek afari hau egitea, baten batek kosk egin baitio noizbait saiheskiari.
Markajea egitea da boluntario talde honen beste zeregin garrantzi-tsu bat. “Gure ardura da Oazurtzatik Liernira bitarten ibilbidea markatzea. Hori ostiral arratsaldean egiten dugu. Eguerdian gera-tzen gara, kotxeekin Oazurtzara igotzen gaituzte eta beheraka joaten gara korrikalariek egin behar duten bidea markatzen”.
Tarte horretan korrikalarien atzetik doazen erratzak’herrikoak izaten dira ere, eta beraiek ardura-tzen dira markajea egiteko erabilitako baliza, zinta eta bestelako materialak jasotzeaz.
Egitekoak, beraz, askotarikoak dira Mutiloan, baina argi dagoena da anoa-gune honetako protagonista nagusiak herrigintza eta giro ona direla.