Síguenos en redes sociales:

Tomas LizarazuBulego taldearen abeslaria

Bulego: “Bereizten gaituen gauza ederra da euskara”

Bulego taldeak 2026an etenaldia egingo badu ere, momentuz badago zuzenean gozatzeko aukera. Gaur Jazzaldiko Keler gunean izango dira, 21.00etan

Bulego: “Bereizten gaituen gauza ederra da euskara”Jose Mari Martinez Bubu

Zer moduz indarrak? Uda luzea duzue aurrean…

–Oso ondo. Oso ilusionatuta gaude. Aurtengoa oso berezia izaten ari da. 2026an ez dugu kontzerturik eskainiko eta 2025eko azaroan emango ditugu Aldatu Aurretik Tour biraren azkeneko kontzertuak Euskalduna jauregian, eta amaiera izate horrek badauka kutsu emozional bat. Era berean, aurtengo kontzertuak izugarriak izaten ari dira. Uda honetan Euskal Herriko eszenatoki handienetan egongo gara. San Ferminetan egon gara, plaza del Castillon, Donostiako Jazzaldian egongo gara, Gasteizko festetan plaza nagusian egongo gara… Oso bira ederra bizitzen ari gara eta indarrez topera gaude.

Zurriolako eszenatokian arituko zarete, hondartzan.

–Bai. Ilusio berezia egiten digu. Jazzaldikoa seinalatutako egun horietakoa da. Txikitatik joan izan gara Zurriolara Jazzaldiko kontzertuak ikustera. Esperientzia oso onak gordeta ditugu publiko ginenetik. Beharbada horregatik ilusio berezia egiten digu orain eszenatokira igoko garenak geu izateak. Gainera, guretzat Donostia oso hiri garrantzitsua da. Bertan egin ditugu gure disko guztien aurkezpen kontzertuak. Gure proiektuko lehen kontzertua ere Donostian izan zen, Tabakaleran. Orain Jazzaldian, Zurriolan eta gainera larunbatean jotzea, bada nolabait ziklo bat ixteko modua. Uda honetan kontzertu berezi asko eskainiko ditugu, baina nik esango nuke Donostiakoa, bereziena ez bada, berezienetako bat izango dela.

Jazzaldiko beste kontzerturen bat ikusteko aukerarik izango duzue?

–Bai, gerturatuko gara kontzerturen bat ikustera, seguru.

Behin behineko agurra luzatzen ari zarete ‘Aldatu Aurretik Tour’ birarekin, 2026an geldialdia egingo duzuelako. Zergatik orain?

Bulegoren hurrengo pausoa orain arteko pausorik ederrena izatea nahi dugulako, horixe da gelditzearen arrazoi nagusia. Bulegorekin 2020an hasi ginen, gauza piloa bizi izan dugu ordutik, nazioarteko birak, Finlandian, Estatu Batuetan, Japonian, Belgikan, Frantzian… Euskal Herriko plaza handienetan aritu gara. Orain gelditu egin nahi dugu, indarrak hartu eta batez ere sortzeko astia izan. Sorkuntzak gelditzea behar du, kontzertuak eta birak oso ederrak izaten dira eta asko disfrutatzen ditugu, baina neurri berean energia asko eskatzen dute. Gauzak ondo egin nahi ditugun heinean, lan handia eskatzen digu kontzertu bakoitzak. Atsedena behar dugu, eszenatokietatik jaitsi, pixka bat urrundu… Helburu nagusia, Bulegoren hurrengo pausoa ederrena eta handiena izatea da.

Hurrengo aroari begirako ideiarik baduzue? Zerbait prestatzen ari zarete?

–Azaroan Euskalduna jauregian egingo ditugun azken kontzertu horietan daukagu orain burua, oso bereziak izango direlako. Aro amaiera izango dira, eta azken kontzertuak izango dira, gutxienez urte eta erdiz eszenatokietatik urrundu aurretik. Haien prestakuntzan ari gara buru-belarri. Gainera, azaroaren 1eko kontzerturako oraindik azken sarrera batzuk gelditzen dira eta horren promozioarekin gaude, dena antolatzen.

Zein da Bulegoren etorkizuna?

–Garbi utzi nahi dugu ez dela agur bat, gero arte bat baizik. Gustura gaude proiektuarekin eta helburua ez da hortik urruntzea. Guztiz kontrakoa. Zeharo indartuta gaude bost urte hauetan gertatu denarekin eta indar hori aprobetxatu nahi dugu, gelditu, sorkuntza lan ederra egin eta buelta prestatzea. Baina oraindik itzulera hori urruti ikusten dugu, bai. baitakigu 2026an ez dugula kontzerturik eskainiko, ez Euskal Herrian ez atzerrian.

"Euskal Herriko plaza handienetan aritu gara. Orain gelditu egin nahi dugu, indarrak hartu eta batez ere sortzeko astia izan"

Covid garaian hasi zineten. Nola bizi izan zenuten hasiera hura?

–Proiektua 2020an hasi zen, baina aurretik ere lan piloa eginda geunden. Lehen kontzertua Tabakaleran eskaini genuen eta gero itxialdia etorri zen. Horrek frustrazio puntu bat eragin zigun. Dena den oso gutxi iraun zuen, buelta eman genion eta, nik uste dut, horrek sortu zuela etorkizunean Bulegoren filosofia bihurtu dena: Gertatzen dena gertatuta ere, gure onena ematen saiatuko gara, musikaz eta proiektu honetaz gozatzeko. Pandemia garaian ezin genuen kontzerturik jo, eta munduan gehien gustatzen zaigun hori, eszenatokira igo eta gure kantuak eskaintzea, ezin genuen egin. Baina beste gauza batzuk inoiz baino biziago zeuden: Sare sozialetan jendea oso aktibo zebilen, kantuak kaleratzen jarraitzeko aukera bagenuen, nahiz eta formatu digitalean izan, eta horrela hasi zen gure filosofia eraikitzen.

Beste herrialde batzuetan egoten zaretenean zer esaten dizuete euskararen inguruan? Zer harrera antzematen duzue?

–Harrera pentsatzen genuena baino are hobea izan da. Gu azkoitiarrak gara eta gure bizitza euskaraz bizi dugu, entseguak euskaraz izaten dira eta gure artean euskaraz hitz egiten dugu. Euskara ez zen izan hautu linguistiko meditatu bat, naturalki irten zen. Pixkanaka Bulego proiektua erakusten ari da euskara, guretzat naturala zena, Bulegoren ezaugarririk garrantzitsuena dela. Ez dugu sentitzen euskararekin munduko ateak ixten zaizkigunik. Aro oso globalizatu batean bizi gara, denok daukagu Japoniako, Finlandiako edo Ameriketako musika talderen bat entzuteko aukera. Horregatik, dena pixka bat homogeneizatzen ari da, eta bereizten gaituen hori gero eta urriagoa da. Gure kasuan, aldiz, bereizten gaituen gauza ederra da euskara. Europako hizkuntzarik zaharrenetariko batean hitz egiten dugu guk, Euskal Herrian euskaldunok bakarrik hitz egiten dugun horretan. Egiaztatzen ari garenez, musika edonork uler dezake, hizkuntza alde batera utzita. Musikak sentimenduak transmititzeko ahalmena du, nahiz eta hitz bakoitza ez ulertu. Bulegok hori erakusten digu, eta teoria hori praktikan ere ikusten ari gara. Estatu Batuetara joan, jaialdi batean jo eta milaka pertsona euskararekin saltoka ikustea gauza ederra da.

Bulego baino lehen Moonlight eta Passepartout taldetan aritu zinen, beste batzuen artean. Zer ikasi zenuen bi talde horiekin gero Bulego sortzeko?

–Bizitza guztia daramagu musikaren inguruan, musika egiten, eszenatokira igotzen. Pertsonalki, gauza pilo bat ikasi ditut. Beharbada gauza garrantzitsuena izan da, kontziente izatea orain Bulegorekin gertatzen ari dena ez dela ohiko gauza bat. Aurretik bizi izan ditugun proiektuetan beti saiatu gara publikoarekin konektatzen, baina ez da erraza izaten. Azkenean lortzen duzunean eta publikoak erantzuten duenean, hori pribilegio handia da. Beharbada, lehen proiektuarekin hori gerta zitekeen, baina orduan ez ginatekeen kontziente izango hori gertatzea zeinen berezia den. Zortea izan dugu, horrek perspektiba izugarria ematen digulako Bulegoren berezitasunaren inguruan. Bulegon ematen dugun pauso bakoitza gehiago disfrutatzera eramaten gaitu eta eramaten nau ni pertsonalki.

"Estatu Batuetara joan, jaialdi batean jo eta milaka pertsona euskararekin saltoka ikustea gauza ederra da"

Orain dela gutxi Ken Zazpiren ‘Noizbait’ abestiaren bertsioa atera duzue. Zer eragin izan du zuengan talde horrek eta beraien belaunaldiko beste zenbait taldek?

Guk hasieratik definitu izan dugu Bulego disziplina anitzeko pop proiektutzat. Pop musika gustatzen zaigu. Guk beti esaten dugu Bulego ez zela posible izango aurretik egon diren beste proiektu askoren borrokarengatik izan ez balitz. Horietako bat Ken Zazpi da. ‘Noizbait’ abestiaren bertsioa kaleratzea aitortza bat izan da, aurreko belaunaldiei eta, jakina, baita Ken Zazpi taldeari ere. Beraiei gure esker ona adierazteko modua. Haiek lan ikaragarria egin zuten, bide asko ireki zituzten. Hori argi utzi nahi genuen. Gero, Ken Zazpiren abesti baten bertsioa egiteak ilusioa egiten zigun. Musika zaleak gara eta haien diskografia guztia asko gustatzen zaigu. Orduan, gure etenaldia baino lehen, keinu polita izan zitekeela pentsatu genuen.

Nola ikusten duzue gaur egungo euskal pop musikaren egoera?

–Nik uste dut euskal popetik harago, euskal musika garai ederra bizitzen ari dela. Horrela sentitzen dut. Eta ez naiz hori musikari naizenetik esaten ari, musika zale naizelako baizik. Euskal Herriko panoraman gertatzen ari den guztiarekin asko gozatzen ari naiz. Urte askotan aniztasuna falta izan zaio euskal musikari; aniztasuna eta askatasuna edonork bere tokitik musika eraikitzeko, bere erreferentzietatik sortzeko. Entzule bezala ni gozatzen ari naiz. Estilo mordo bat entzun ditzakezu euskaraz eta gainera oso ondo eginda daudenak. Askotan pentsatu ohi dugu euskaraz sortzeagatik Euskal Herrira mugatuko garela, baina gaur egungo taldeen anbizioa beste hizkuntzen maila berdinean egotea da. Mirua, Nogen, Zetak, Izaro, ETS… Proiektu mordo bat daude hainbat estilotan, denak gauzak oso ondo egiten ari dira eta hori oso ederra da.