Sara Zozayak 'Attä' EPa sortu du, eta azaroaren 11n plazaratuko du. Lau kantuz osatuta dago, eta urriaren 13tik entzungai dago Blu abestia. Ke Leporekin ekoitzitako, Eñaut Gaztañagarekin grabatutako eta Aloud diskoetxearekin egindako lana da. Aurrerapen bezala plazaratutako abestian, Zozaya bere haurtzaroko igande arratsaldeetara mugitu da, eta momentu horietan sentitutakoak gaurkotu ditu. Diskoan lekua egin dio bere barnean gertatzen ari zenari; eta, musikariak aitortu bezala, prozesu horren itxiera da diskoa. Oraingoan, bandarik gabe arituko da Sara, eta bere gain hartuko du zuzenekoetan instrumentuak jotzearen erronka. Lan berri hau proposamen zabala da, eta soinu berriekin ez ezik, zuzenekoetan Sara Zozaya ikusteko beste proposamen batekin helduko da.
Duela bi urte jaso zuen zure lehenengo albuma publikoak. Bi urte hauetan zer aldatu da Sara Zozayaren sortzeko eran?
Asko aldatu da, egia esan, eta azaroaren 11n aterako den lan berria, kasu honetan, lau kantaz osatutako EPa, horren erakusgarri da. Prozesu bat egin dut benetan gustatzen zitzaizkidan soinuak aurkitzeko. Orain arte jorratu dudan formatua bandarekin izan da, eta nahi nuen berriz bueltatu Sarak berak bakarrik egin nahiko lukeen musikara. Pare bat urte hartu ditut hori lantzeko, esentziara bueltatzeko. Etapa honetan bakarrik noa zuzenekoetan, eta aurreko etapa itxitzat eman dut.
‘Nara’-n Asier Renteria eta Antton Goikoetxearekin batera aritu zinen. Zelan izan da oholtzara bakarrik igotzea berriz?
Lehenengo hiru kontzertuak nik bakarrik jo ditut. Orain zuzenekoetan irudiak garrantzi handia izango du, eta nirekin izango dut irudiak zuzenean botatzen dituen artista, Itziar Garaluze. Berak ematen dio kontzertuari beste dimentsio bat, eszenatokia aldatzen du. Oso polita da ere ikustea Antton, Asier eta Paule, ez oholtzan, baina bai oholtzan gertatzen denari babesa ematen. Rolak naturalki aldatu dira, baina garrantzitsuena maila pertsonalean gauzak ondo lotzea da, eta horrekin oso pozik nago, beraien maitasun guztia nabaritu dudalako prozesu honetan.
Zerbait berritzaile bezala deskribatuko zenuke 'Attä'? Orain arte zure ibilbidean zehar entzun ez dugun zerbait da…
Urte dezente pasa dira, eta urte guzti hauetako lan berritzaileena da. Amak oso ondo deskribatu nindun ikusi zuenean nire lehen kontzertuan: “Jo, ze ausarta”, esan zuen. Amak badaki egiten dudan musika hemen gaur egun ez dela gehiegi egiten. Nahiz eta proiektua bakarrik egin dudan, zorte handia izan dut, oso ongi inguratuta egon naizelako, eta soinua bilatzeko laguntzaile bikaina izan dut, Ke Lepo. Berarekin batera sortu dut musika. Ke Lepok orain bere proiektua dauka bakarlari moduan, eta niretzat orain dauden proiektu interesgarrienetako bat da. Berak eman dit sonoritate aldetik kristoren kalitatea. Bestetik, sentitzen dut eman didala askatasun handia eta konplexurik gabe nahi nuen hori egiteko konfiantza.
2023an zure lehenengo albuma kaleratu zenuen. Oraingoan, EP bat plazaratu duzu. Zergatik EP bat?
Uste dut garrantzitsua dela zure burua ez behartzea zerbait egitera sortze momentuan. Ez izatea exijentzia bat kanten kopuru aldetik. Kasu honetan horrela suertatu da, lau kanta atera dira prozesuan. Hasieran single bikoi-tza izango zen, eta azkenean lau abesti izan dira: prozesuak honetara eraman nau. Interesgarria da ikustea bideak zer eskatzen digun eta horri kasu egitea.
"Portadan ikusiko da kobazulo moduko bat, ate bat bezala. Ate hori pasatzen duzunean, atzean uzten duzu gauza pila bat eta berria dator, zure parean dago...”
Lau abesti horiek kontzeptu berdinaren inguruan mugitu dira?
Hitz egiten dut pixka bat eraldaketa prozesu baten inguruan. Uste dut denok bizi ditugula horrelako momentuak, izan daiteke harreman bat amaitzen denean, edo izan daiteke segurutzat ematen zenuen zerbait bukatzen denean… dolu moduko bat egiten zaudenean hor zer pasatzen denaren inguruan da, eta nik hortik idatzi nuen. Idatzi nuen momentu batean non oso argi nituen gauzak hasi ziren erortzen, eta hor izugarrizko espazio sortzen da, baina kristoren espazio hutsa da, non galderak eta beldurrak agertzen diren. Prozesu horretatik pasatzea oso interesgarria da, ez da erraza, baina pasatzen duzunean, ateratzen zara modu berri batean, oso eraldatuta zentzu onean. Hutsune horretaz hitz egiten dut.
Prozesuaren parte da diskoa?
Guztiz. Ez nekien oso ongi ze forma izango zuen. EP-a behin bukatuta eta portadarekin gauzak orain oso argi ikusten dira, ematen du zerbait erreza dela. Baina ez da horrela. Prozesuari begira jartzen banaiz konturatzen naiz ikusten dut galdera pilo batekin egin dudala lan, EP barruko abestiak izan zitezken batzuk ba azkenean ez dira izan… Gauza pilo bat pasa dira honaino iristeko, baina esango nuke diskoaren ateratze honek itxiko duela bizi izan dudan prozesu hau. Orain prozesuaren bukaeran nago, non argi gehiago dagoen.
Attän kuriositatea eta nostalgia egongo dira presente. Zeren nostalgia?
Nostalgia agertzen da askotan ikusten duzunean zure bizitzan ez dagoen zerbait, eta distrosionatzen duzunean momentu hori. Askotan idealizatzen dugu bizi izan duguna, eta nahiz eta berez ez izan guk uste genuena bezain ona, distortsio horrek eramaten gaitu pentsatzera jada ez dagoen hori oso polita izan zela.
Eta zerk piztutako kuriositatea?
Argi izan behar dugu dena ez dela hain txarra, edo hain ona. Errealitate puntu horrek kuriositatea ematen digu. Zerbaitengatik jada ez nago aurretik nengoen toki horretan, eta zerbait berria dator: ziur aski oso polita zango dena ere. Oreka bilatu behar kuriositatearen eta nostalgiaren artean.
Orain arte ez dizut galdetu, baina, zer da ‘Attä’?
Fonetikoki asko errepikatu diren hitzen batuketa da. Portadan ikusiko da kobazulo moduko bat, ate bat bezala. Ate hori pasatzen duzunean, atzean uzten duzu gauza pila bat eta berria dator, zure parean dago… askotan errepikatu da ate hori. Aita ere oso presente egon da, bere istorio bat kontatzen dut Elurra izeneko kantan.
"Orain arte jorratu dudan formatua bandarekin izan da, eta nahi nuen berriz bueltatu Sarak berak bakarrik egin nahiko lukeen musikara”
Sara, disko intimoa da, babes emozionala zuretzat. Zertaz babestu nahi izan duzu zure burua?
Askotan pentsatzen dudan zerbait da ia norberak idazten duenean norberaren istorio pertsonaletik izan behar den, edo musika izan behar den zerbait kolektiboagotik idatzita eta egina dagoen zerbait. Askotan errepikatzen den zerbait da, eta uste dut denok sortzen dugula bakoitzaren sentimenduetatik eta gero entzuleak hartzen duela hori eta ispilu bat bezala bere bizitza edo bere sentimenduak topatzen dituela beste aldean. Nire kasuan, eta uste dut beste artista dezenteren kasuan, kantak egiteko momentu horiek hartzen ditugu behar bat bezala, zauriak pixka bat azalarazteko eta transformatzeko, eta uste dut babes puntu hori ematen digula musikak, ulertzen gaituen lagun hori delako.
Musika elektronikoa ez ezik, beste soinuetatik ere mugitu zara. Zeintzuk izan dira?
Sortzeko momentuan beti jotzen dut instrumentu organikoetara, hor kontrolatzen dut sorkuntza prozesua. Ke Lepok elektronikaren munduan duen jankinduria uztartu dugu nire instrumentuak jotzeko behar horrekin. Zuzenekoetan niri oso garrantzitsua irudi-tzen zait instrumentuak jotzea, eta horri eman diot leku handia. Nahiz eta elektronikoa izan, oholtza gainera jotzeko formatu horretan eramaten dut.
Diskoa hotza eta iluna da… Hala ere, edertasunari egin diozu leku. Nola aurkitzen da edertasun hori iluntasunean?
Hoztasuna eta edertasuna batzuetan batera joan ahal dira. Beroa denak ez du zertan ederra izan behar. Kontrajarriak diren kontzeptuak bateratzea da bizitza. Bizitza argia eta iluna da, hotza eta ederra… Bi parte horiek daude presente, eta gero eta argiago dut hori onartzea eta horrekin bizitzea ikasketa bat dela. Batzuetan argia bilatzen dugu etengabe, eta batzuetan prozesua bera bada aldakorra eta oso beharrezkoa da kobazuloan sartuta egotea gero atera ahal izateko.
Bedroom pop generoan murgildu zara, baina, zer da musika estilo hori?
Oso zaila egiten zait zein estilo egiten dudan azaltzea. Uste dut hainbat estiloetatik har-tzen ditudala elementuak. Bedroom pop, funtsean, artistak bere logelan sortzen duen musika da. Ordenagailu batekin bere musika egiten ari den artista da. Ni ez naiz bedroom pop egiten duen musikaria, baina nire logelan denbora asko pasatzen dut musika egiten. Ambient estilotik ere badauka zerbait, baina gero ahotsa ere sartzen dut… Popa ere badago… nahasketa nahiko zabala da.
Eroso sentitzen zara sailkapen horiekin?
Niri ez zaizkit gehiegi gustatzen. Agian da iruzurraren sindromea sentitzen dudalako… gero, gertatzen zaidan gauza bat, inongoa ez izatearen sentsazioa da: ez naiz hain rock, baina ez naiz hain pop… Iluna naiz, baina ez naiz gotika, eta elektronikoa naiz, baina ez hainbeste… Askotan sentitzen naiz etiketetatik kanpo, pixka bat guztietatik naizelako, baina aldi berean ez naizelako ezer ez. Honen parte ona da zerbait zabalagoa egiten dudala eta espazio ezberdinetan sar dezakedala nire proposamena. Ez da zerbait hain zehatza, eta horrek aukerak ematen dizkit. Ez zait etiketen kontu hori gustatzen.