Arkitekturak ere closet bat du. Askotan, hormen atzean edo fatxaden simetria perfektuan ezkutatzen dira arkitektura queer guztien aztarnak: ausartak, bitxiak, testuingurutik kanpo geratu direnak. Horiek dira 'KAS Kuir Arkitektura Sariek' balioan jartzen dituzten eraikuntzak; hots, diziplinaren “heteronormatiboa” zalantzan jartzen duten eraikin eta proposamen guztiak.
Kuir sariak ez dute edertasuna bila-tzen, baizik eta desegokitasunaren poesia. Ez dira formaren harmoniari buruzko sariak, ezta erabilgarritasunaren logika jarraitzeari buruzkoak ere. Eta, ez dira beti X denboraro antolatzen. Sari hauetan ez dago “hiriaren paisaian ongi integratuta” egon beharrik; kontrara, integratzeko ezintasun hori da sari-tzen dena. Kuir arkitektura ez da ez perfektua, ez praktikoa; baina, izaeraz askatzailea izan behar du.
Arkitektura konbentzionalak “tokian ondo” dagoen hori goratzen du, egungo errealitatearen baloreak erreproduzitzen dituena. Sari hauek, ordea, tokiz kanpokoaren balioa aldarrika-tzen dute. Desegokiaren apologia. Zergatik ezin du zubi batek ispiluzko azal irideszentea izan? Zergatik ez jarri lorategi bat aparkaleku batean edo altzairuzko bunker bat baso batean? Zergatik ez margotu bidegorriak larrosa kolorez? Zergatik ez bete gure plazak purpurinaz? Zergatik ez kokatu etxeko komuna egongela dagoen tokian?
Halako eraikinak deserosoak izan daitezke; hala izan behar dira. Deserosoa izatea, ordea, ez da akatsa, baizik eta galdera bat. Kuir arkitekturak ez du irtenbiderik eskaintzen: galdera berriak sortzen ditu espazioaren, gorputzaren eta identitatearen inguruan. Nork eraiki du? Zertarako? Noren beharrak asetzeko? Zer gorputz gelditu dira hortik kanpo? Zer diote arkitektoek honen inguruan? Eta nire amamak?
Gorputz ez-zentratuak, espazio ez-normatiboak. Sariketa hauen filosofia queer kulturatik dator, baina diziplinen arteko transposiziotzat ulertuta; alegia, gorputz ez-normatiboen ikuspegitik sortutako arkitektura. Sarien atzean dagoen mezua, horrenbestez, ez da soilik estetikoa, politikoa ere bada. Espazio guztiek ez dituzte gorputz guztiak onartzen, arkitektura askok gorputz “estandar” bat erreproduzitzen baitute. Sariek hori salatzen dute, eta bestelako espazioen irudikapenak ospatzen dituzte.
Sariek ez dute irabazle bakarra, helburua sistema bera desmuntatzea baita, arkitekturaren balorazioaren logika bera queer bihur-tzea. Ez-normatiboa, zikina, inkomodoa, zalan-tzagarria, desioa, itxurakeria... sari-tzen dira. Azken batean, kuir arkitekturek hiriaren gorputza deseraikitzeko gonbita egitea dute xede: horma zuzenen artean kurba bat, patio ortogonal batean kolore-irautzal bat, logika arkitektonikoaren bihotzean kontraesan bat. Arkitektura queer egitea ez da forma kontua, jarrea bat baizik: espazioa den bezala uler-tzeko modu bakarra ez dagoela onartzea eta bizitzea.
Ez dira errazak identifikatzeko, eta ez daude asko. Honako hau istriputzat identifikatu nuen hasieran. Arkitekto heteronormatibo baten ikuspuntutik, lekuz kanpo dagoen harmaila batzuk dira. Eta bapatean Mejillon Tigreren spoken word bat etorri zait burura, 1B izenekoa, futbol partida bateko giroa irudikatzean: “Noizbait emanaldi batean egon bazara: ‘Kontzertuetara noanean gauza bakarra ikusten dut beti: gizonak taula gainean pajak egiten’.” Uff, salto a la piscina.
Istripu bat da arkitektura hau. Futbol zelai txiki batean eraikitako hormigoizko XXL eskalako harmaila da, eta duen dimentsioak atentzioa ematen du, lekuz kanpo dagoela adieraziko balu bezala. Estetikoki oso potentea da, lekuz kanpo egoteraino. Hormigoia, altzairua eta kolorea. Hala ere, potentzial handia du arkitekturak. Espazio oso normatibo batean logikak aldatzeko potentzial politikoa du harmailak. Bada, eman diezaiogun imajinazioari bidea, momentu batez: futbol partida batean dagoen ikusle talde bat imajinatzen dut, eta haiek bakarrik adieraz ditzakete lekuz kanpoko jarrerak; esate baterako, lorak bota ditzakete, gauza onak esan, animoak tonu normal batean eman, pankarta inklusiboak erakutsi... Aldare horretan egonik espazioaren deskonfigurazioa emango da.
Seguraski, irakurle maitea, uste duzu sarien proposamena lekuz kanpo dagoela eta queer kontzeptuaren apropiazioa egin dudala. Eta baliteke hor-hor egotea, mugan baitago egitasmoa eta hautagaia. Proiektu honek queer mundua eta arkitektura lotzeko aukera paregabea eman dit, deseraiki eta desitxuratzen joateko momentua baita. Eraikitze hegemonikotik arkitektura berri eta lizunetara transitatzen. Hala ere, beste batzuek euskara eta kuirtasuna lotuko dituzte azaroaren 8an arkitektura hau kokatzen den herrian bertan, artikulu honek baino finago eta mimoz. Hiztunak eta lizunak.