Durangoko Azokaren marko paregabean aurkeztu du Bulego talde gipuzkoarrak 2025. urteko Euskaraldiaren edizioko abestia: "Gure bihotzaren taupadak!". Elkar mugituz egingo dugu lelopean, euskara biziberritzeko ariketa soziala maiatzaren 15etik 25era bitartean ospatuko da, eta egun horiek helburu, Euskaraldiak abesti berria plazaratu du.

15

📸 Durangoko Azoka: bigarren eguna Jose Mari Martínez

"Elkarrekin mundua aldatu dezakegu esan zenidan, zu nire hauspo izango zara ni zure babestokia", hasten da talde azkoitiarrak prestatu duen abestia. Sortzerako garaian, "ardura handia" sentitu dutela, aitortu du Bulego taldearen abeslariak, Tom Lizarazuk.

"Ez da berdina barrura begiratu eta mugitzen zaituen horri idaztea, sentimendu horri idaztea, edo norbaitentzat abesti bat egitea", adierazi du Bulegoko kideak ETB1eko 11 entzuteko saioan, asteazken gauean.

Bere hausnarketan, Lizarazuk nabarmendu du euskara "krisi linguistiko batean" murgilduta dagoela, eta "sentitzen dugu abesti honekin ari garela hainbeste eman digu hizkuntza bati bueltan zerbait eskaintzen".

"Ondo egin nahi genuen ez Bulegoren abesti on bat egiteagatik, hori ere bai, noski, baizik eta iruditzen zitzaigulako gure ale bat badela abesti hau euskararen krisi linguistiko egoera hori hobetu ahal izateko", gehitu du Lizarazuk, "ardura" horrekin batera "ilusioa" izan dela nagusi adierazi aurretik.

Lehen hitza, euskaraz

"Gauzak ondo egin nahi genituen, eta Euskaraldian parte hartu dezakeen edonorentzako abesti bat egin, abesti herrikoi bat, eta batez ere, sortu abesti bat jendeari euskaraz hitz egiteko gogoa piztuko dionaeta kontzientzia piztuko diona bakoitzak bere alea jarrita, eguneroko elkarrizketa horietan euskaraz lehen hitza eginda eta gaztelerazko erantzun bat jaso eta euskara mantenduta, gure okindegian, etxean edo herrian norbanakotik aldatzen diren".

Taldea lana pozik amaitu duela dio Lizarazuk: "Hori nahi genuen egin, saiatu gara eta oso pozik gaude emaitzarekin; Euskaraldiko lantaldea ere bai eta gu ere are pozikago gaude".

Letra

Elkarrekin mundua aldatu dezakegu esan zenidan

Zu nire hauspo izango zara ni zure babestokia.

(E)ta hitzez hitz etorkizuna berreraiki.

(E)ta hitzez hitz dena aldatzen Ikasi.


TATARARA

TATARARA

TATARARA

TATARARA


Entzun, gure bihotzaren taupadak dira!


Hazparnetik hasi eta Tuterara

gure ahotsak gertu daude.

Udaberrian loreak bezala

loratuko gara kalez kale.


(E)ta hitzez hitz etorkizuna berreraiki.

(E)ta hitzez hitz dena aldatzen Ikasi.


TATARARA

TATARARA

TATARARA

TATARARA


Entzun, gure bihotzaren taupadak dira!

(E)ta hitzez hitz

Euskaraldiari ekin

(E)ta hitzez hitz dena aldatzen Ikasi.


TATARARA

TATARARA

TATARARA

TATARARA


Entzun, gure bihotzaren taupadak dira!