Gazte-gaztetatik dantza munduari lotua, lesio batek gorputz-mugimenduaren inguruko ikuskera aldarazi zion Leire Ondarroari. Gorputza eta dantza beste modu batean ulertzen hasi zen, eta horrela jaio zen Enbata, eskolak emateko eta inguruko emakume sortzaileak elkartzeko gunea.
Nola sortu zitzaizun Enbata Espazioa sortzeko gogoa?
Oso-oso txikitatik egon naiz euskal dantzetan, gimnastika erritmikoan, dantza garaikidean… mundu horretan sartuta. Dantza Garaikideko ikasketak egin nituen Burgosko Ana Laguna kontserbatorioan, eta Algortara bueltatu nintzenean nire irakasle izandako batena zen Mutis nuen formakuntza bat egin nintzen. Bertan nengoela, kristoren zorte txarra izan nuen: eskalatzen jausi eta lesionatu egin nintzen.
Gogor eragin zizun lesioak.
Mugarri bat izan zen nire bizitzan. Hilabete batzuk egon nintzen besoa mugitu barik, eta gero apurka-apurka hasi nintzen. Denbora asko eman nuen nire taldekideak ikusten, haien gorputzak ulertzen eta beste modu batean dantza eta mugimendua ulertzen. Inflexio puntu bat izan zen.
Ikasturte horretan sortu zenuen Enbata Espazioa.
Gurasoek Algortan lokal bat daukate eta eskaini egin zidaten. Momentu horretan apur bat galduta nengoen lesioaren kontuagatik, baina argi neukan dantzatik jarraitu nahi nuela bai ala bai. Nire ibilbide profesionalean apurka-apurka hasteko aukera moduan ikusi nuen eta erabaki nuen espaziotxo horretan eskolak ematea.
Eskola horietan arreta berezia ematen diozu gorputzaren mugimenduari.
Lesioaren kontuarekin, ikasitako guztia desikasten eta nire gorputza berriro ulertzen hasi nintzen; gauza asko ezin nituen lehen bezala egin eta hasi nintzen gorputza beste modu batean ulertzen. Niretzat ez da dena dantza eta koreografia, baizik eta gorputzaren mugimendua lantzea eta hortik bestelako forma ematea koreografiari eta mugimenduari. Hori da Enbata: dantza garaikide eskolak, baina mugimendu-ikerketa askorekin. Ez zait inporta jendeak ez badu inoiz dantzatu, niretzat hobea ere izan daiteke, interesgarriagoa da.
Klaseetara doazenek zer interes izaten dute?
Adin eta profil guztietakoak dira. Dantzara datozenek gorputza beste modu batean ikertu nahi dute, beste sentsibilitate bat daukate. Luzaketetara datozenen artean asko gorputza mugitu nahi duten pertsonak dira, baina birrindu gabe, lesioengatik. Luzaketa klaseetan ere mugimendua sartzen dut.
Nolako esperientzia da haientzat?
Askok esaten didate gorputzean aldaketa handia nabaritzen dutela: hobeto mugitu ahal dira, abilago sentitzen dira, gauza batzuk hobeto egin ditzakete… gorputza mugi-tzeko modu desberdin bat dutela sentitzen dute.
Mugimenduaz eta dantzaz gain, Enbatak badu kulturari lotutako beste leiho bat.
Artea eta kultura nahasteko espazioa izatea nahi dut, ez bakarrik dantza. Emakume gazte sortzaileekin espazioa erabiltzen dut proiektuak aurkezteko, gure arteko bilerak egiteko, sare bat sortzeko, gure artean ezagutzeko… Adibidez, Nekane Unanue argazkilariarekin elkarlanean ari naiz, oraintxe bertan helburu zehatzik gabe, baina etorkizunerako aurreproiektu moduko batean ari gara.
Elkargune bat ere bada, orduan?
Zoritxarrez, ez dugu aukera askorik gure proiektuak aurrera eramateko, baliabideak eta espazioak behar direlako. Nik nahiko nuke nire espazioa horretarako erabili, norbaitek ikerketa hasi behar duenean izan dezan, edo proiektu bat aurkezteko, kontzertuak edo erakusketak egiteko…
Zein da kulturaren egoera orokorrean? Eta Algortan?
Orokorrean ikusten dut aldaketa bat egon dela, baina oraindik lan asko dago atzetik. Algortan badago kultura programazioa, Muxikebarri Zentroak eta Erromoko Kultur Etxeak antolatzen dituzte gauzak, baina nik uste dut ez bada Udalak antolatu duen zeozer, beste gauzei ez zaiela garrantzi berdina ematen. Ez dakigu betikotasunetik atera-tzen eta gauza berriek zailtasun gehiago daukate gure artean sar-tzeko.
Dantza garaikide programazioa dago Algortan eta inguruan?
Muxikebarri Zentroaren alde esan behar dut azken programazioan dantza ikuskizun on asko ekarri dituztela, baina urteko beste hilabeteetan askoz eskasagoa da dantza programazioa antzerkiarekin edo bestelako ikuskizunekin alderatuta. Ez da soilik hemen gerta-tzen, beste udalerrietan ere: dan-tza programazioa beti da gutxiago.
Enbata sortu zenuen gurasoek lokala utzi zizutelako. Hori izan ez bazenu, zer egingo zenukeen?
Egia esan ez dut inoiz horretan pentsatu, oso blokeatuta izan dut pentsamendu hori. Momentu horretan nire beldur bakarra zen lesioagatik berriro ez dantzatzea. Argi neukan zeozer egingo nuela dantzarekin, baina egia da lesionatu aurretik nire helburua konpainia batean dantzatzea zela. Gero, konturatu naiz hori ere egin nahi dudala, baina hau ere asko gustatzen zaidala. Asko disfrutatzen dut dantzaren beste ikuspuntu hau.