Udazkeneko artsalde baten oroipena Jon Miranderen (Paris, 1925-1972) poema ezezaguna zen, harik eta Josu Martinez EHUko ikerlari eta zinemagileak Mirande, film bat egiteko zirriborroa ez fikzioarentzako dokumentazio fasean harekin topo egin zuen arte. Orain, Jurgi Ekizak eta Joserra Senperenak ahotsa eta musika jarri dizkiote poetaren hitzei. Kopla horiek idazle paristarrak Telesforo Monzon zenari bidalitako gutun batean topatu zituen Martinezek, Olaso Dorrea Fundazioko artxiboetan.
Poema musikatu eta berau grabatu eta bideoklip batean erregistratzeko proiektua Euskal Herriko Unibertsitateak babestu du dirutan. Konkretuki Patxi Juaristik zuzentzen duen Gabriel Aresti Katedrak eta Amaia Elizaldek zuzentzen duen Mikel Laboa Katedrak bat egin dute Miranderen hitz hauek kantu egiteko, sortzaile polemikoaren jaiotzaren lehen mendeurrenaren aitzakian. “Miranderekin batera euskal poesia modernoaren aitaponteko izan zen Aresti eta euskal kantagintza berriaren pertsonaia nagusietakoa Laboa, beraz, ezin sinergia aproposagoa kanta berri hau plazaratzeko”, azaldu dute bi katedren arduradunek ohar baten bitartez.
Joserra Senperena ardura izan da kanta sortzea. Bere esanetan, hasiera hasieratik otu omen zitzaion abestia pianoarekin eta ahotsaz soilik janztea. Are gehiago, mikrofono lanetarako Willis Drummonden abeslariaren ahotsa etorri zitzaion burura, nahiz eta artean ez omen zuten pertsonalki elkar ezagutzen. Lan horretan poemaren “arima” musikara ekartzen saiatu dela aipatu du. Udazkeneko artsalde baten oroipena koplak “giro fantastiko batean” gertatzen den maitasun eszena bat kontatzen du, eta hortik “kanta pop bat atera zen piano pasarte misteriotsu batzuekin”.
Grabazioa Senperenaren etxean bertan egin zuten, aurtengo urtarrilaren 7an. Bost bider grabatu eta onena hautatu. Kantuaren erregistroari dagokionean, Pello Gorrotxategi arduratu zen soinuaz eta bideoaren ekoizpen lanak berriz, Zazpi T’Erdi ekoiztetxeak egin ditu.
Dokumentala edo abesti soltea?
Hasiera batean, Josu Martinezek zuzendutako dokumentalean jasotzeko enkargua izan zuen Senperenak, bera delako ez fikziozko lan horren soinu-bandaren konposatzailea. Azkenean, gerorako uztea erabaki zuten, eta aurrez aipatutako urteurrena baliatuz kaleratu dute abestia. Martinezek berak azaldu duenez, “metrajean zehar hainbat aurkikuntza berri agertu zirenez”, Miranderen hitz horiek lekurik gabe geratu ziren. Ordurako Senperenak kantu “eder” hori konposatua zuen, eta “azken momentura arte”, bukaerako kredituetan sartzea ere baloratu zuten. “Baina halako goxoki eder batek aurkezpen borobilagoa merezi zuelakoan, azkenean hori ere ez genuen egin”, eman du aditzera zinemagileak.
Elkarren arteko lehen kontaktua 2023ko Zinemaldian izan bazuten ere, iragan urteko urrian jaso zuen Jurgi Erkizak Senperanaren proposamena. Baiezkoa eman zion abeslariak konposatzaileari. “Olerkiaren nondik norakoak ulertzeko denbora behar izan banuen ere, kantaren melodiak eta giroak segituan harrapatu ninduten”, dio Willis Drummond taldearen buruak, esperientzia “liluragarria” izan omen den lanaren inguruan.
Udazkeneko artsalde baten oroipena
Lizar batetik zintzilika
Katutzar il bat dantzari,
Iru odol-istil luŕean
Elbi beltzak or ugari.
Bai goxo dala Izadian
Ustelduraren usaia!
Eusko mendian pozez dago,
Egak zabalduta, saia.
IĨunabaŕa zala-eta
Beren lamiñazulotik
Zazpi sorgin zaizkit agertu
Bata bestearen ondotik.
Azkenak-t’ura politena -
Onela itzegin zidan:
“Jendek deitzen naute ‘gaiztoa’
… Ez dakite gaitza zer dan.
Suge diztirant ilezkoŕa
Zer antz duen zuk ba dakizu;
Oŕengatikan, gizon gazte,
zure maitea naukazu”.
IĨargi zaŕa oiuz dago
Txantxikuak dio erantzun.
Gau beroan eman zizkidan
Maiteak iru muñ lizun.
Ortzi zabal ilunbeltzean
Iru izar piztu dira.
Jainko-debruak izuturik
igesi duaz uŕutira …
Biotz ustel baten usaia
Bai goxo dala mendian!
Ludi likitsa il zanean
Biga giñan gau-erdian.
Jon Mirande.