Nazia, eskuin-muturrekoa, pedofiloa... Askok hitz egin edo idatzi izan dute Haur besoetakoa nobelaren idazlearen inguruan. Josu Martinez zinemagileak, ordea, ahotsa itzuli nahi izan dio egileari, ikusleek euren ondorio propioak atera ditzaten. Horretarako, Mirande: pelikula bat egiteko zirriborroa dokumentala ondu du. Atzo eskaini zuten Zinemiran.

Bi filmekin lehiatuko zara Irizar saria lortzeko. Jada aurkeztu zenuen ‘Bizkarsoro’ ez fikzioarekin, eta gaur ikusiko den ‘Mirande: pelikula bat egiteko zirriborroa’ dokumentalarekin. Aukera bikoitza garaikurra lortzeko.

–(Barre egin du). Kuantitatiboki bai. Pozik nago, noski. Beste urteren batean ere gertatu zitzaidan. 2010ean, Sagarren denbora eta Prohibido recordar-ekin. Horrela suertatu da. Miranderen dokumentala lehenago estreinatuko genuela pentsatzen nuen. Iazko abenduan ospatu zen bere heriotzaren 50. urteurrena. Garai hartan ikusi zuen Zinemaldiko komiteak, eta asko gustatu zitzaien. Horregatik, itxarotea erabaki genuen.

Zentzurik ba al du Jon Mirande nor izan zen galdetzeak?

–Zentzua badu, beste askok esaten dutelako edo esan izan dutelako nor izan zen Jon Mirande. Jende askok erantzun nahi izan dio galdera horri, sententzia asko emanez. Nik ez dut erantzunik ematen, galdera pausatu egiten dut. Izatekotan, bakoitzak bere erantzunak izateko gako batzuk ematen ditut.

Bere testu eta gutunen bitartez, hari ere ahotsa eman nahi izan diozu.

–Hori da pelikularen abiapuntua. Asko hitz egin da eta asko idatzi izan da Miranderi buruz, nik ere asko irakurri dut hari buruz, eta beti oso gauza larriak esan izan dira. Horrek galdera bat sortu zuen nigan: zer esango luke Mirandek horrelako baieztapenen aurrean? Horregatik, hitza eman nahi izan diot. Jon Mirande nor ote zen galdetzean, agian, hortxe dago erantzun posible bat. Jon Mirande bere hitzak dira, edota dokumentalean esaten denez, Jon Mirande, bere hitzetan bizi den pertsona izan zen. Ariketa zinematografikoa eginez, Jon Mirande posible bat gorpuzten saiatu naiz, pixka bat Bertolt Brecht-en urrunketa edo distantziazioaren ideia horretatik artefaktu bat sortuz; hari hitza emanez eta hura entzunez.

Haren hitzak kontuan hartuz, nahikoa pertsonaia kontraesankorra zela dirudi.

–Bai. Jon Mirande asko daudela iruditzen zait. Aurpegi asko zituen, pertsona oso poliedrikoa zen. Ez zen Jon Mirande bera eskuin muturreko bretoiekin zegoena edo euskal idazleekin erlazionatzen zen hura, edo hil ziren arte gurasoak zaindu zituena. Edonola ere, gauza batek ez du bestea ukatzen. Itxaro Bordak dokumentalean dioen bezala nazia izan zaitezke –eta nik ez dakit nazia zen ala ez– eta, aldi berean, pertsona ona. Uste dut pertsonaia bere obratik disozia-tzea ariketa interesgarria dela. Azken batean, Jon Mirande pertsona bat zen, segur aski, oso zorigaitzekoa, bizitza kaka bat izan zuena, eta bere garaitik eta bere lekutik guztiz deskonektatua bizi izan zena. Garaiz kanpo bizi zen, modernoegia zen euskaldunentzat; lekuz kanpo ere bizi zen, Parisen, eta gorroto zituen Frantzia eta frantsesak. Ziurrenik leku guztietan guztiz deserrotua sentitu zen.

Ez dakigu Mirande nazia zen ala ez, baina dokumentalean jasotako testigantza batzuen arabera hebreeraz jakin bazekien, beste hogei bat hizkuntzekin batera. Modu berean, jaso dituzun gutunetan argi dio juduak ez zituela bereziki maite. Horra hor, kontraesan bat.

–Gauza bat da zuk zer ideia dituzun, eskuin muturrekoa zaren edo nazia, eta beste gauza bat zuk zer egiten duzun. Mirande beharbada nazia izango zen, baina horrek ez du esan nahi holokaustoaren errua berea denik edo holokaustoa berak egin zuenik. Ez du esan nahi kolaboratu zuenik edo nazien aldeko edozein ekintzetan parte hartu zuenik. Epai-tzen diren gauzak ez dira pentsamenduak, ekintzak baizik. Céline idazleak, adibidez, kolaboratu egin zuen naziekin, baina Mirande oso nazi arraroa zen, nazirik ez zegoen garaian izan zelako nazi, hau da, benetako nazi guztiek nazi izateari utzi zioten garaian. Konplexuagoa da. Borgesez hitz egiten denean, adibidez, zergatik ez da bere ideologia politikoa edo bere diktadurarekiko atxikimendua aurretik aipatzen? Eta zergatik Miranderen kasuan pertsonak hartzen dio gaina obrari?

Pedofilotzat ere jo izan da.

–Gauza bera. Gauza bat da pedofilia lantzen duen nobela bat idaztea eta beste gauza bat pedofiloa izatea. Hilketa bati buruzko nobela bat idazteak ez zaitu hiltzaile bihurtzen. Ba-tzuek esan izan dute neska gazteak gustatzen zitzaizkiola, baina hori, izatekotan, txutxumutxuen eremuan gera tzen da. Dakiguna da, Mirandek nobela bat idatzi zuela eta baita poema batzuk ere, beste idazle askok egin duten bezala. Uste dut oso estu hartzen dugula Mirande eta beste idazle batzuk ez hainbeste. Kontuak egiten hasiko bagina ez dakit nor salbatuko ote litzatekeen. Antonio Machado 11 urteko neskato batekin maitemindu zen eta 15 urte zituela ezkondu zen berarekin.

‘Haur besoetakoa’ irakurri zenuen lehen aldian sentitu zenuena gogoratzen duzu?

–Ez dut gogoratzen zenbat urte nituen lehen aldiz irakurri nuenean. Pelikula egiteko berriro irakurri dut, modu sakonean. Haur besoetakoa liburu okaztagarria da, disgustatu, deseroso senti arazi eta nazka ematen dizuna. Literalki oso desatsegina da eta, aldi berean, eraman egiten zaituen nobela bat da. Izugarrikerian gera gintezke, baina hori baino gehiago da: nobela ona da, zeinak sentsazio estetiko bat transmititzea lortzen duen. Irakurketa posible bat baino gehiago ahalbidetzen dituen nobela da.

Deserroturik bizi izan zela diozu. Garaiko euskal literatura irauli egin nahi izan zuen, aurkezten zituen gaiekin euskaraz edozeri buruz ida- tzi litekeela defendatuz.

–Garai hartan, euskaraz idazten zutenen bostetik lau apaizak ziren. Joseba Sarrionaindiak pelikulan esaten duen bezala, Euskal Herria gizarte teokratikoa zen. Mirandek Ohiko jainkoari poeman “Josu bar-Joseph, gaztaroan maite zindudan / Maitakeri hark noradino nau iroan.../ Gaur, Judu-seme, gutartera itzul bazinde,/ Gurutzifika zindezaket nik ostera” bezalakoak idaztea zen momentu horretan munduan esan zitekeen gauzarik grabeena. Mirande kexu zen lagunik ez zuelako baina, noski, kontrako ekipoan jokatzen zuen. Mirandek onartua izan nahi zuen bera onartzeko prest ez zegoen gizarte batean. Horregatik euskaldunekin izugarrizko dezepzioa hartu, eta horrek depresiora eraman zuen. Halere, Koldo Mitxelenak hari buruz esan zuena egia da, inoiz ez diogula Miranderi eskertu euskaraz goi mailako literatura egin zitekeela frogatu izana.