Mari Luz Esteban, Juan Luis Zabala, Leire Bilbao, Itziar Ugarte Irizar, Josu Goikoetxea, Goizalde Landarbaso eta Jon Gerediaga poeten testuetatik hasi, eta Maite Arruabarrenaren ahotsa lagun, 30 lieder konposatu ditu Joserra Senperena donostiarrak; musika erromantikoan. Lied-a jatorrizko testu labur baten gainean idatzitako abestia da, gehienetan solista batek abestu eta pianista batek jo ohi duena. Jada eskuragarri dagoen Lied koadernoa lan berria, abenduaren 29an aurkeztuko dute jendaurrean Victoria Eugenia antzokiko klub aretoan.

Orokorrean, musika konposatzearekin hasi izan da beti zure jarduna, gero etorri dira beste batzuek idatzitako letrak. Oraingoan, alderantzizko bidea egin duzu. Zerbait ikasi al duzu?

Bai, dudarik gabe. Letrarik gabe musika konposatzen duzunean, burua libre joaten da. Kasu honetan, letrek eremua finkatzen dizute, eta horretara jo behar duzu. Letrek bide berriak arakatzea behartzen zaituzte eta, aldi berean, bidea ere erakusten dizute. Oso gozagarria izan da erritmo eta aireak letren arabera bilatu behar izana.

Juan Luis Zabala, Josu Goikoetxea, Goizalde Landarbaso… Gaur egungo euskal poeten bertsoetara jo duzu.

Ez naiz poesia irakurlea, baina proiektu hau aurrera ateratzekotan poemak behar nituen. Autoreak ezagutzeko oso erabilgarria izan zitzaidan Josu Goikoetxeak Faktorian astelehenero poeten inguruan egiten zuen saiotxoa. Zenbait izen hartu nituen baina, batez ere, Juan Luis Zabalaren Mina hartzeko ere poema liburuak eman zidan ezinbesteko kemena. Bitoriano Gandiaga eta beste poeta batzuk irakurriak nituen, baina bertsoak oso simetrikoak eta luzeak ziren, poesia tradizionalean izan ohi den bezala. Ni proposamen asimetriko eta motzen bila nenbilen, konposatzerako garaian libreagoa izateko asmoarekin.

Zergatik eraman testu horiek lieder-en unibertsora?

Musika klasikoa ikasi nuen bere garaian. Schumann eta Schubert bezalakoak beti izan ditut buruan, beti izan dut gogoko atmosfera hori. Gainera, orain hiru hamarkada, lau urtez Imanolekin jo nuen. Garai horretan, nonbait, irakurri nuen Imanolek lieder-ak egiten zituela, eta momentu horretara arte bere musika ez nuen horrela ikusi, baina egia da Karlos Jimenezek egindako zenbait moldaketa oso lirikoak zirela, Imanolen ahotsa bezalaxe. Bestalde, orain dela hiru bat urte edo, Udal Txistulari Taldeko kontzertu bat ikusi nuen, non soprano batek Sorozabalen hiru lieder abestu zituen. Horietatik hurbil nengoela pentsatu nuen.

Nolakoa izan behar da konposizio bat lied kontsideratua izateko?

Abesti soila, inongo birtuosismorik gabe, eta puntu lirikoa duena, noski. Hor badago pop kantuekin konexio bat, baina hauek harmonikoki eta teknikoki harago doaz. Zapaldu gabeko terrenoetara joan nahi nuen. Horretarako, pop estruktura zuten letretatik aske izatea bilatu dut, nire konposatzeko bidea ere librea izan zedin. Pop kantu bat egin nahi izan banu, zatiren bat errepikatuko nuke, agian erdian solo bat pentsatu… Kasu honetan, esan bezala, libre izan nahi nuen, letrek agindu zezaten.

30 publikatu eta grabatu dituzu, baina 60 ere konposatu zenituen.

Ia beti izaten da horrela, behar baino gehiago konposatu gero hautatu ahal izateko. Diskoan daudenak, nolabait, unitate bat sortzen dutenak dira.

Nola egiten duzu hautaketa?

Maketak etxean grabatzen ditut. Entzutearekin bakarrik, lehenengo bistadizo batean, gehien gustatzen zaizkidanekin geratu ohi naiz. Amaieran, zer nolako abesti sorta atera zaizun ikusita, kanturen bat edo beste aldatu egiten ditut, adibidez, nahiko antzekoak diren batzuk egoten direlako edo erritmoren bat ere errepika daitekeelako. Oreka bilatzen dut.

Noiz sortu zen Maite Arruabarrena mezzosopranoarekin lan egiteko aukera?

Maite izenez ezaguna nuen, baina ez pertsonalki. Berarekin elkartu eta proiektua azaldu nion. Maite ibilbide luzeko kantaria da, baita Musikeneko irakaslea ere. Errepertorio berriak ezagutzea gustuko zuela esan zidan. Zentzu horretan, interesa agertu zuen. Saiakera-proba batzuk egiteko aurkeztu zuen bere burua, inongo konpromisorik gabe.

Arruabarrenaren inkorporazioak aldaketarik ekarri al zuen errepertorioan?

Bai. Abestiren bat ordezkatu genuen, tempo eta tonalitateren bat ere berrikusi genuen… Maitek kristoren lana egin duela esango nuke.

Zer ekarpen egin dio Arruabarrenak diskoari?

Pista batzuk eman dizkit pianoa jotzerako orduan. Baita kantuen airea interpretatzerakoan ere. Bere garaian musika klasikoa ikasi nuen eta orkestretarako idatzi dut, baina ez daukat berak adinako esperientziarik. Poemak ulertzeko ere, lan handia egin du, gainera. Askotan poesiaren esanahia ez da batere argi egoten, eta hori da, hain zuzen, bertsoaren balioa, sentsazio bat edo emozio bat gailentzea izaten delako garrantzitsuena. Berak dio, abestu ahal izateko, interpretatzerako unean behar duen airea emateko, testua ulertu egin behar duela.

Jean Phocas arduratu da diskoaren ekoizpenaz.

Orain hamar urte erretiroa hartu zuen. Aurretik disko asko egin nituen berarekin. Euskal Herriko teknikari aitzindaria izan da eta horrelako grabazio baterako bera zen aproposena. Deitu eta pozarren hartu zuen proposamena. Zuzeneko grabazioa Peio Gorrotxategik egin zuen, eta soinuaren diseinua Phocasek. Musikenen grabatu genuen, Steinway piano bikain batekin. Aretoko akustika ere oso aproposa zen proiektu honetarako.

Schumann, Schubert, Sorozabal eta ‘Aita Donostia’ dira, hein batean, aitortu izan dituzun eraginak. Musika mota horrek ba al du jarraipenik gaur egun?

Ez dut uste. Hor dago, lied kontzertuak egiten direnean kantu horiek abestu ohi dira. Baina, noski, musika klasikoa ez da musika masiboa eta, beharbada, orkestra handien kontzertuak erakargarriagoak izango dira.