Gozategi entzutean ziztu bizian etortzen zaizkigu burura haien abesti ezagunenak. 32 urte daramatzate herriko plazak euren donuekin betetzen eta Nor-Nori-Nork bezalako abestiak himnoak kontsideratu daitezke euskal musikan.
Nork ez du dantzatu Kalanbreak erromeria batean? Ostiral honetan, uztailak 12, aukera polita izango dute beste behin donostiarrek eta Karmengo jaietara joaten diren guztiek dantzatzeko eta festa ederra bizitzeko.
Euskal erromerietan klasikoak zarete. Zer da hori?
32 urte daramatzagu herriz herri, auzoz auzo, agertokiz agertoki. Hainbeste denbora daraman taldea klasikoa bihurtzen da, bestela ez da existitzen. Egia esan, oraindik jendea kontzertuetara etorri eta primeran pasatzen dutela ikusita, ondo egindako lanaren seinalea da.
Euskal erromeriak
Zer du erromeria giroak hainbeste liluratzeko?
Gertuko harremana sortzen da erromerietan. Komunikazioa sortzeko egiten dugu musika. Eszenatokira igotzen garenean publikoarekin komunikatu nahi dugu eta, hori lortuz gero, bizitzen dituzun emozioak oso ederrak dira. Lotu egiten gaituzte. Horrek indarra ematen digu aurrera jarraitzeko, kantu berriak egiteko, kontzertuak geroz eta gehiago lantzeko… Ilusioa sortzen da eta hori transmititu egiten da. Harremanak indartu egiten dira.
Denak batera irrintziak botatzea oilo-ipurdia jartzeko modukoa da.
Bai. Kultur aberastasun handia daukagu, gureak diren musika, dantzak eta abar. Badago hortaz aparte oso euskalduna den dantza bat, kalejira. Ondokoari eskua luzatu eta kate bat sortzen da, nahiz eta ez ezagutu. Hori plazan berpiztea eta bizitzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu gure arteko harremanak indartzeko.
Zuen abesti batzuk euskal musikaren klasikoak kontsideratu daitezke.
Bai, hala da. Hasiera batean indartsu sartu ziren jende askoren memorian. Orain beste belaunaldi batzuk entzuten dituzte eta guk kantu horiek instrumentutzat erabiltzen ditugu. Komunikazioa sortzeko instrumentuak dira. Horixe da talde batek izan dezakeen altxorrik handiena, kantak berak sortzen duen komunikazioa.
Nola izango da Karmengo jaietan eskainiko duzuen kontzertua?
Ilusioa, bizipoza, eta agertoki polit horretan denok elkarrekin euskal erromeri eder bat sortzea espero dugu. Orain 17 urte egon ginen festa horretan eta geroztik ez dugu aukerarik izan bertan jotzeko, orduan, ilusio handiarekin goaz.
Publikoa
Euskal Herriko plazetan giroa ziurtatuta dago, baina nolakoa izan da esperientzia beste leku batzuetan, Finlandian adibidez?
Ez da gauza berdina. Lehendabiziko aldiz kanta bat entzuten duzunean, gustukoa izan dezakezu ala ez, baina erreakzioa ez da berdina izaten barneratuta ez daukazunean. Orduan, kontzertuak ezberdinak direla esan dezakegu. Hala ere, Finlandiara euskaldun asko joan ziren. Euskal Herritik kanpo jotzerakoan, hasiera batean behintzat, gure musika erakusten ari zara, komunikazioa ezberdina da, inolaz ere, oso polita da kanpoan jotzea.
Zuen musikarako Euskal Herriko publikoa al da hoberena?
Ez nuke hori esango. Gure musikak bizi poza transmititzen du eta nik uste dut antzeko feedbacka lortzen dugula edonon. Egia da Euskal Herrian sortzen den komunikazioa indartsuagoa dela, baina hemengoa ez da entzule hoberena edo gehien disfrutatzen duena. Desberdinak dira.
Euskara eta euskal kultura
Askotan politika edo kulturari aipuak egiten dituzue abestietan. Gaur egun “potrotaraino” jarraitzen duzue?
Orain dela 30 urteko kantuak entzuten jarraitzen dira eta oso eguneratuta daude. Hainbat gauzatan ez da eboluzio handirik egon. Gehiago esango dut, uste dut gauza askotan atzera egin dela eta horregatik jarraitzen dute hain bizirik kantu horiek. Jendeak bat egiten du esanahiarekin.
Euskara bera gaur egun gutxiago hitz egiten dela esango zenuke?
Erabiltzeko modua asko aldatu da. Euskañola pisua hartzen ari da. Uste dut lehen baino jende gehiagok dakiela, beste kontu bat da erabiltzen ote duten. Ez nuke jakingo neurtzen. Hala ere, duela 20 urte euskara entzuten ez zenuen hainbat tokitan, gaur egun entzun egiten da. Beste alde batetik, orain dela 20-25 urte oso errotuta zegoen hizkuntza eta orain hiztun gutxiago ditu edo gutxiago erabiltzen da.
Eta euskal musikak zer leku dauka gaur egun?
Euskal Herrian lehendabizikoa. Oso talde garrantzitsuak daude. Gaur egun euskal taldeek BECa bete dezakete, ez askok, baina orain dela 20 urte ezinezkoa zen hori pentsatzea. Osasuntsu dago euskal musika. Garrantzitsuena taldeak eta musika egotea da, horrela jendeak kontsumitu egingo baitu. Lan horretan jarraitu behar da musikaren eta euskal kulturaren osasunari eusteko.
Desastre batzuk ginen...
32 urte bete dituzue aurten. Hasiera hartatik zer duzue gogoan atzera begiratuta?
Desastre batzuk ginela eta kantak sortzeko genuen ilusioa. Gazteak ginen garai hartan eta modu oso emozionalean bizitzen genituen gauzak. Gaur egun ilusio hori aldatu egin da, askoz kontzienteagoak gara aukerei buruz. Urteak pasa ahala konturatzen zara, egindako lanak eta esperientziak asko balio dutela. Sekulako suertea eduki dugu izan ditugun aukerekin.
Belaunaldi aldaketa nabaritzen al da kontzertuetan?
Bai. Lehendabiziko diskoa grabatu genuen urtean harro geunden gure musikarekin gurasoak, seme-alabak eta aitona-amonak elkartu eta denok gozatzen zutelako gure musikarekin. Gaur egun ere, gure musikaren ezaugarri nagusienetako bat intergenerazionala izatea da. Aurten, kontzertu baten ondoren, gazte batzuk etorri ziren guregana gurasoekin, eta seme-alabekin batera Gozategiko kontzertu batera joan ahal izatea zeinen polita zen azpimarratu ziguten. Plan berdina egiteko ilusio handia dago gazteen eta helduen artean. Azpitik datozen horiek musika horrekin ere disfrutatu egiten dute.
“Sabeleko kalanbreak” izaten jarraitzen duzue?
Noski. Agertoki batera igotzerakoan beharrezkoak dira. Musika egiteko garaian esaten dut. Bestela ez baita emozio berdinarekin bizitzen egiten duzun hura. Gero taldekideei begiratu eta konektatu egiten duzu. Agertokian konexio hori badago, publikoari transmititu ahal diozu gero.
Baina oraindik “zazpi egunetatik behin da larunbata”, ala hori iraganean geratu da?
Hori pasatu zen. Herriko festetan bazkari bat prestatu genuen eta kostatzen ari zait horri buelta ematea.
"Disfrutatzea eta ondo pasatea"
Zer falta zaizue zuen ibilbide artistikoan?
Musika munduan, alde batetik, industria dago eta, bestetik, zuzeneko kontzertuak. Ni, emozionala den mundu horretan, kontzertuetan, oso beteta sentitzen naiz. Jendeak asko transmititzen digu eta hori gozatzeko aukera izaten dugu. Industriaren aldetik gauza gehiago ala gutxiago lortu ditzakezu, baina horiek ez daude zure esku. Orduan, esango nuke ez dudala ezer faltan botatzen. Ez dakit noraino irits gaitezkeen industria horretan, baina ez zait gehiegirik inporta. Disfrutatzea eta ondo pasatzea da garrantzitsuena.
Abesti edo disko berriren bat argitaratzeko asmorik?
Egiteko asmoa badaukagu, baina momentu honetan familiarekin eta lanarekin nahikoa harrapatuta gaude. Disko bat ateratzeko denbora libre dezente behar da, horretan zentratu behar duzu. Ez da argitaratu behar azken diskoaz geroztik denbora asko pasa delako, baizik eta sortu dituzun kanta ederrak konpartitu eta kaleratu nahi dituzulako. Bestela fabrika bat bihurtuko litzateke eta hori ez da guk nahi duguna. Zerbait polita egiten ari garela sentitzen dugunean eta kaleratu nahi dugula pentsatzean, orduan aterako dugu, presarik gabe.